1774-8-28. Herrian sortu nahi zuten Gramatikako katedrarako irakaslea aukeratzeko izendatu zituzten epaileen iritzia eta aurkeztutako lau irakasleei eman beharreko oinarriak irakurri zituzten batzar nagusian.
1774-8-24. Herri Batzar nagusian ganadu izurriteaz guztien iritziak jaso ondoren, herriko harakinari agindu berri bat eman artean gehiago behirik ez hiltzeko agindu zioten.
1774-8-16. Etxetxo baserriko Antonio Arregik hazitarako zuen idiskoa gaixorik zela jakin zuten, hamabi bat egun aurrez Tolosatik jira egin ondoren. Jabeari toki aparteko batean edukitzea eskatzea erabaki zuten, etxean bertan, atera gabe, eta inguruan guardiak jarriko zituzten. Ondoren, Antoniori berari udaletxera deitu zioten eta, egunik galdu gabe, goizeko zortzietarako idiskoaren berri alkateari eman beharko zion.
1774-8-10. Unean zen ganadu izurriteagatik, Korostirzu eta Largarate inguruan ganadu bakarren batzuk hil zirela azaldu zuen Eizagirre erregidoreak. Inguruko baserritarrei zortzi egunean zehar ganadu bakar bat ere etxera ez sartzeko eta txahalak kanpora ateratzeko agintzeko ahalmena eman zioten erregidoreari. Eizagirreren aginduz, txabola batzuk altxatzea ere erabaki zuten, eta guardiak jarri zituzten txabola atarietan ingurura ganadurik ez azaltzeko.
1774-8-1. Manuel Bentura Figueroak herriak uztailaren 15ean idatzitako gutunari eman zion erantzuna irakurri zuten. Bertan Loiolako Santutegian, San Inazio egunean, jesuitak bertatik bidali aurrez egin ohi zen bezala meza ospatzeko baimenaren eskaera Kontseilu Nagusira pasatuta zuela esaten zuen.
1774-8-1. Udalak, lortuta zuen erreal probisioa kontuan izanda, herriko semeen hezkuntzarako sortu nahi zuten Gramatika katedraren deialdiak egin zituela jakinarazi zuen. Maisutza postua lortu nahirik Alejandro Cabañas, Joseph Tejada, Antonio Ballenilla eta Domingo Etxeberria aurkeztu zirela ere jakinarazi zuen. Azterketak egiteko Martin Erro eta Inazio Xabier Balzola, Andoainen eta Bergaran Gramatika maisuak izendatzea erabaki zuten.
1774-7-15. Gaztelako Kontseilu Errealeko gobernadoreari idaztea erabaki zuten, jesuitak Loiolatik kanporatu zituztenetik bertako eliza eta kaperak igande eta jaiegunetan meza bakarra emateko erabiltzen zirela jakinarazteko. Gainera, meza ikastetxea zaintzen zutenentzat baino ez zen. Idatzian herria urteetan zehar antzinako ohitura -San Inazio bezperan Konpletak abestera joaten ziren Loiolara eta ondorengoan, berriz, herriko apaizekin batera prozesioan eta meza nagusia ospatzen zuten- bete ezinagatik nahigabeaz zela ere esaten zen. Gobernadoreari baimena eskatu zioten eraikin handia herriarentzat mesedegarria izan zitekeen ekintzarako erabiltzeko, itxirik eduki beharrean.
1774-5-27. Izarraizko Usalain putzua garbitzen egindako gastuak ordaindu zituzten. Ganaduentzat beharrezkoa zen putzua.
1774-3-17. Izoztegia baino gorago Izarraizko Usalain deituriko tokian dagoen putzua garbitzea erabaki zuten, han inguruan ganaduak zituzten jabeei deituta.
1774-3-1. Frantzisko Ibero maisuak aurkeztutako proposamena ezagutu ondoren, Gaztelako Kontseilu Errealari baimena eskatzea erabaki zuten Landetako ermitaren ondotik Aretxabaleta baserrira bitarteko bidea egiteko.
1774-1-5. Urte osoan zehar Urrestillan behar zen erretzeko koipearen hornikuntza egiteko, eskritura sinatu zuen Azpeitiko Udalak Juan Basilio Bauchonekin.
1773-8-29. Herri Batzar nagusian erabaki zuten Gramatikako katedra ahalik eta azkarren martxan jartzea, itxuraz Loiolako Ikastetxe Errealeko ondasunetatik behartuta baitziren. Sei hilabeteren buruan horrela egitea ezinezkoa bazen, aurrez herriak lortuta zuen Erreal Kontseiluaren baimenarekin agintariei herriak martxan jartzeko baimena ematea erabaki zuten.
1773-8-29. Agintariei ahalmena eman zieten herrian eta Urrestillan izan beharreko okindegiak izendatzeko eta jabeekin eskriturak sinatzeko.
1773-7-29. Kontseilu Errealak ohiko San Inazio festak ospatzeko eman zuen baimena irakurri zuten, eta gastuak ordaintzeko gehiengoz 2.800 erreal izendatu zituen.
1773-7-16. San Agustin eta Santo Domingo komentuei uztailaren 30 eta 31ko gauetan argiak pizteko eskaera egitea erabaki zuten.
1773-4-18. Biztanle batzuk izurrite batek jota hil zirela eta beste batzuk kutsaturik zeudela ikusirik, horrelako kasuetan ohikoa zen bezala erretoreari errogatibak egiteko eta mezak eskaintzeko eskaera egitea erabaki zuten, San Rokeren bidez, Jainkoaren laguntza iristeko.
1773-4-10. Herriko etxe batzutan agertu zen izurriteari buruz hitz egin zuten; batzuk, hil zirela esanez eta, beste batzuek, asko sufritu zutela adieraziz. Ahalegin guztia egitea erabaki zuten izurritea zabaldu ez zedin; behar bada, Madalenako seroraren etxera bildurik gaixo guztiak.
1772-6-14. Azkeneko urteetan izan ziren kexak kontuan hartuta, txerriak kalean ibiltzeko debekua altxatu zuten. Izan ere, etxeen zimenduetan kalte izugarriak sortzen ziren txerrien ukuiluekin eta kaleak erabat zikinduta gelditzen ziren. Debeku hori igande, jaiegun eta prozesioak izaten ziren egunetan izan ezik, beste egun guztietan altxatu zuten. Baina handik aurrera eta beste neurri bat hartu bitartean, biztanle guztiek euren etxearen aurrea egunean bi aldiz garbitu beharko zuten, goizeko arratsaldeko seietan.
1771-12-8. Posta zerbitzua hobetu nahian Gasteizko posta buruari idaztea erabaki zuen Udalak. Gutun horren bidez hari Azkoitia, Azpeitia, Zestoa, Errezil eta beste hainbat herrik jasandako kaltea adierazi zioten. Izan ere, sortzen ari ziren bide berrietan egiten zuten posta zerbitzua, lehengo San Adriango bidea utzita; horrek postariak Bergarara joatea eskatzen zuen, eta neguan oso zaila zen hara joatea, Elosu igarotzea ezinezkoa baitzen sarritan. Hori zela-eta arazoa ongi aztertzeko eskatu zioten posta buruari, eta Urretxun estafeta bat egiteko toki aproposa izan zitekeela iradoki zion Azpeitiko Udalak.
1771-7-21. Mexikon bizi zen herritar Joxe Etxeberriari idaztea erabaki zuten, eskerrak emateko. Izan ere, 1770eko abenduaren 21ean Agustin eta Frantzisko Urrutia eta Antonio Orbegozok parrokiko atariko obrak egiteko emandako 3.389 erreal bidali zituen.
1771-7-4. Parrokiko apaizek adierazi zuten aita Martin Larraiozen gutuna jaso zutela, eta hilaren 13an herriratzeko asmoa zuela adierazten zuela. Iruñeko apezpikuak aginduta Misio Santua ematen ari zen Azkoitian Larraioz, eta Azpeitian ere emateko asmoa zeukan. Agintariek San Inazio egunekoa bertan behera uztea erabaki zuten, misioa bukatu ondoren egun horretarako lau egun bakarrik geldituko baitziren. Udalak apaizei elizkizunetan herritar asko biltzeko ahalegina egingo zuela erantzun zien.
1771-6-23. Herriko teileriako labean egindako obrak ordaintzea erabaki zuten.
1771-6-4. Erregearen zerbitzura Kantauriko Erregimenduan sartu ziren 11 soldaduri ordaintzeko, agintaritza eskura zezaketenei 14 erreal eskatzea erabaki zuten, eta gainontzeko herritarrei, berriz, zazpi erreal. Gizaseme ezkongabe eta urte horretan ezkondu zirenek 44 erreal ordaindu beharko zituzten.
1771-5-28. Kantauri Erregimendura eta erregearen zerbitzura joango ziren soldadu herritarren zerrenda egin zuten, 11 lagunez osatua.
1771-5-19. Ezkondu gabeko herriko gizasemeen eta urte horretako urtarrilaren lehen egunetik ezkondu zirenen zerrenda eman zuten ezagutzera. Eskribauari kopia bat egitea eskatu zitzioten, zerrenda bi zatitan banatuz: herri barruan bizi zirenak eta auzoetakoak.
1771-5-19. Herriak bidali behar zituen zortzi soldadu boluntariori ordaintzeko, 800 peso aurreratu zituen fidelak. Eskertu egin zioten.
1771-5-13. Eginiko eskaerak ontzat hartu eta komisarioak izendatu zituen herriak, ezkongabe eta azken abendutik egunera bitartean ezkondu ziren gizasemeen zerrendak auzoetan egiteko, gero soldaduen zozketa egiteko. Herriak 11 soldadu osatu behar zituen eta, beste herriekin desproportzioa zegoela ikusita, ondorengo Gipuzkoako Batzar Nagusian kexa agertzea erabaki zuten.
1771-5-5. Parrokiaren atariko obrak zuzentzeko izendatutako batzordeak materiala eskatu zuen. Frantzisko Ibero maisuak eginiko materialen zerrenda aurkeztu zuten, haren iritziz Loiolako Ikastetxe Errealetik har zitezkeenak tasatu ondoren. Udalak erabakiko zuen Martin Arzadun eta Xabier Inazio Etxeberria izendatzea materialak ikusi eta tasatu ondoren batzordeari eskaintzeko.
1771-3-31. Kantauriko Erregimendurako 240 soldadu eskaintzea erabakita zuen Gipuzkoako Batzarrak, bakoitzari 1.500 erreal emanez. Pregonariaren bidez herriko enparantzan, boluntario zerbitzua eskaintzera edozein gizaseme ezkongabe ager zedin, albistea ematea erabaki zuten.
1771-3-3. Kontseiluak seroreen ministerioa debekatu ondoren, herriak baimena eskatu zion apezpikuari parrokiko etxazabak antolatu zitzan -bera ez ezik-, eta ermita guztiak zaintzeko eta garbitasuna eskatu zizkion. Baiezko erantzuna jasotzean erabaki zuten Egimendiko San Pedroren ermitaren ardura Frantzisko Ibero etxazabari ematea.
1771-1-1. Urtean behin herriak diruzain bat izendatzeko baimen erreala lortu zuela adierazi zuten.
1770-8-3. Loiolako Denboratasunaren administrari izendatu zuten Frantzisko Ibero.
1770-2-11. Caracasko (Venezuela) Erreal Konpainiaren izenean, Juan Nikolas Erauskinek, 500 eta 600 tonako itsasontziak egiteko egur eskaera egin zuen. Baina herriak, herrian behar handiak zirela-eta, baimenik ezin ziola eman erantzun zion.
1769-12-29. Gaztelako presidente Arandako Konteak herriari idatzi zion: Loiolako elizaren linterna bat tximistak bota zuela jakin zuela zioen, teilatuan kalteak sorturik; beraz, Frantzisko Ibero eta Xabier Inazio Etxeberria maisuei guztia konpontzeko agindua eman ziela.
1769-12-28. Goizean, Loiolako elizako teilatuan ziren linternatako bat bota zuen tximista batek.
1769-11-29. Joseph Joakin Enparanek eta Miguel Alzagak -aurreko urtean parrokiko obrak egiteko izendatu zituzten-, adierazi zuten harria ateratzeko harrobietan langile talde bat lanean jartzen ahalegindu zela. Haien iritziz, zaila zen behar hainbat harri ateratzea harria lantzen zuten ofizialek etenik gabe jarraitzeko lanean. Eskaera egin ondoren, ordea, Loiola Ikastetxe Errealerako ateratako harria hartzeko baimena lortu zutela jakinarazi zuten, baldin eta maisu baten bidez guztiaren berri jasotzen bazen. Herriak horretarako Frantzisko Ibero izendatzea erabaki zuen.
1769-7-14. Parrokiko atariko obrak egiteko hamabost mila erreal Miguel Alzagak aurreratu zituen, baita beste hainbeste Joxe Antonio, Agustin eta Silbestre Amenabarrek ere. Eskritura egitea erabaki zuten.
1769-7-14. Tolosan ospatutako Gipuzkoako Batzar Nagusiak agindu zuen hil honen 31rako Diputazioara ezerezean uztea nahi ziren ermiten zerrenda eta haien ondasunen berri bidaltzeko. Udaltzainei agindu zieten lan hori egitea, xehetasunak jasota.
1769-4-9. Parrokiko elizan erabiltzeko Loiolatik ekarrita gauza guztien berri eman zioten eskribauari. Beste batzuk noren esku utzi ziren ere adierazi zioten, agiriak agertuz.
1768-12-31. Herriak parrokiko obrei buruz idatzitako gutunari erantzunez, bere anaia Sebastianekin bat eginik hamar mila erreal eskaintzen zituela adierazi zuen Joseph Antonio Amenabarrek. Gainera, anaia Agustinek seguruenik beste bost mila emango zituela adierazi zuen. Denera hamabost mila erreal osatuko zituztela horrela, Ameriketan zeuden herritarren artean bildu nahi zutenaren erdia. Beste herritar batzuei eskaera luzatzen ahaleginduko zela ere jakinarazi zuen.
1768-12-23. Idatzi baten bitartez Loiolako obrak gelditzean langileek zuten egoera larriaren berri agertu zuen alkateak. Haientzat lana aurkitu behar zela adierazi zuen.
1768-7-15. Herriak eginiko eskaerari erantzunez korrejidoreak idatzitako gutuna jaso zuten. Bertan adierazi zuen Arandako Konteak parrokiko atariko obrak aurrera eramateko Loiolako harrobietatik harria ateratzeko baimena eman zuela.
1768-6-19. Korrejidoreari baimena eskatzea erabaki zuten, parrokiko ataria egiteko beharrezkoa zen harria Loiolako harrobitik ateratzeko.
1768-4-29. Erdi kalearen luzera osoan jarri nahi zen lauzadura egiteko, harria atera eta garraiatzea enkantean jartzea erabaki zuten.
1768-3-27. Santutegia zabaldu eta berriro obrak hasi bitartean Loiolako taberna zabaltzeko baimenik ez ematea erabaki zuten.
1768-2-26. Sukalderako egurra banatzeko, arau berri batzuk onartu zituzten.
1768-2-20. Herriak parrokirako Loiolako bitxiak jasotzeko Arandako Konteak emandako aginduaren berri eman zuten. Kontseiluak Frantzisko Iberori Loiolako apaingarri eta gauza sakratuen inbentarioa egiteko agindu zion.
1768-2-18. Alkateari eskatu zioten herriko udaltzainei gogoraztea bolo jokoan jasotzen zuten diruaren truk uda partean elur hornikuntza egiteko zuten betebeharra.
1768-2-14. Hamalau urtetik beherako mutikoak aizkora batekin basora joatea erabaki zuten. Eta aizkora galduz gero, gurasoak zigortuak izango zirela ere adierazi zuten.
1768-2-6. Burdinoletarako beharrekoak izan zitezkeen zuhaitzen prezio altxatzea erabaki zuten.
1768-2-5. Ogi bakoitzari ezaugarri markatxo bat egitea eskatu zieten ogia egiten zuten emakumeei, gero neurriak hartzeko, herriak jakin zezan ogi txarra edo beharreko pisurik gabekoa nork egiten zuen.
1767-9-13. Probintziko eta atzerriko burdinolen arteko merkataritza indartu nahirik eta, trukean herriari beharrezkoa egiten zitzaion janaria lortzeko, garbi ikusi zuten derrigorrezkoa egiten zela bide egokiak izatea. Hala, Udalari ahalmena eman zioten inguruko herrietako agintariekin harremanetan jartzeko -batez ere, Azkoitiko, Zestoako, Debako eta Errezilgo agintariekin-, bakoitzak berari tokatzen zitzaion mailan ahalegin guztia egin zezan lurraldean. Frantzisko Ibero maisuari iritzia agertzeko eskatu zioten.
1767-8-9. Azkoititik korrejidorearen emaztea herriratu zen zezenketetara, eta harekin etorritako emakumeei eskainitako freskagarriak ordaintzea erabaki zuten.
1767-7-29. Aurreko egunean Udalak idatzitako gutuna erantzun zuten parrokiko apaizek. Gutunean prozesioei buruz zerbait esan zezakeen bakarra apezpikua zela adierazi zuten. Hori jakin ondoren, berriro idaztea erabaki zuten, Udalaren nahia ohiko prozesioari heltzea zela adierazteko. Eta prozesioan erretoreak onartutako aldaketa txiki bat baino ez zutela proposatzen zioten: Enparan kaletik igaro beharrean hiru zubietatik jira egitea.
1767-7-28. Jesuitak kanporatuta eta Loiolako kapera itxita zenez, parrokiko apaizekin harremanetan jartzea erabaki zuten, San Inazioren omenez zer egin zitekeen erabakitzeko.
1767-6-24. Antzinatik herriak zuen ohitura bat indartu nahi zuten: San Juan egunean Eskuztan eta San Pedro eta San Pablo egunean Loiola aurrean txistua eta dantza izatea. Kontuan izanik 1746ko ekainaren 27an Udalak ohitura hori debekatu egin zuela, debekua altxatu eta ohiturari jarraipena ematea erabaki zuten, alkatea ospakizun horietan bertan izanda. Eta ohitura hori guztiz betetzeko, alkateak aginduko zuen bezperako elizkizuna amaitu ondoren enparantzatik txistuak noiz irten, aipaturiko tokietatik pasatuz. Azken dantza enparantzan izaten zen, otoitz orduaren inguruan, horrela sor zitezkeen iskanbila guztiak moztuz.
1767-5-3. Loiolako obren maisu Xabier Inazio Etxeberria eta haren ofizialak egindako txostena aurkeztu zuten, haien sendiekin batera, unean zeukaten larrialdia adierazteko. Larrialdiak, Konpainia kanporatu zenean Loiolako obrak bertan behera uzteak sortu zuen. Arandako Konteari obrek jarraitu ahal zezaketen galdetzea erabaki zuten.
1767-4-8. Frantzisko Javier Folch de Cardona korrejidorea aurrean zela, jesuiten aurka erregeak emandako agindua agintari guztiek betetzeko prest zeudela adierazi zuten; baina, sentimendu handiz. Ondoren haren berri herriari ematea erabaki zuten pregonariaren bidez eta obeditzeko eskatuz.
1767-4-4. Jesuitak Loiolatik atera ziren.
1767-4-3. Korrejidorearen aginduetara, Jaime Butler ofiziala eta 'Irlanda' erregimenduko 30 bat soldadu iritsi ziren Loiolara; herriko alkatea, eskribaua eta beste lekuko bakarren batzuk haiekin iritsi ziren. Berehala etxea inguratu zuten, eta erregeak emandako dekretua irakurri zuten: lehenik, erretoreari; eta, ondoren, bertan ziren jesuita guztiei.
1767-4-2. Carlos III.ak gauzatu zuen Jesuiten egosketa agintzen zuen pragmatika erreala.
1767-2-14. Konturatuz baimenik gabe ogia egiten zuten emakume batzuk saltzaile lanetan ari zirela, hamabi bakarrik izendatu zituzten herrirako eta beste bi Urrestillarako.
1767-1-1. Herriko kontuak eta eginiko diruaren banaketa aurkeztutakoan, matxinadak sortutako kalte handiak bertan ez zirela agertzen adierazi zuten.
1766-12-31. Guillermo de la Pradari 1.100 erreal ordaindu zizkioten, herriko dorrean jarri zuen ordulariaren azken zatia ordaintzeko.
1766-12-31. Herritar behartsuek urtean zehar bizi zuten egoera larria kontuan izanik eta matxinadaren ondoren ezarritako zigorrak handiak zirenez, aurreko urteetan basoetan egindako kalteak zirela-eta kobratzekoak ziren 1.800 errealen ordez 260 kobratzea erabaki zen.
1766-12-31. Matxinadak sortutako gastuen berri eman zuten: apirilaren 14an eta 15ean herritar dendariei eginiko kalteak 343 erreal pasatxoan baloratuak zirela; lasto tropari eskaintzeko herriratu behar izan zituztela 11 gurdi; herriaren hornikuntza egiten ibiltzen zirenei eginiko kalteak beste 3.119 erreal zirela; eta abar.
1766-9-7. Kontuan izanik kaltegarria izan zitekeela herritarrentzat urarekin nahastutako sagardoa saltzen uztea, bando baten bidez debekatzea erabaki zuten, probintziko foruen isunpean. Bandoan erantsi zuten sagardo garbia saldu nahi zuen guztiak herriko fielari erakustaldi bat eman beharko ziola, ura zuen edo ez erabakitzeko.
1766-8-27. Okinak eta ardoaren hornikuntza egiten zutenak behin eta berriz kexatu egiten ziren, apirileko matxinadan izandako kalteak ordaintzea eskatzen baitzuten, baita milizia tropari emandako hamabi gurdi lastoak ere. Herriko diruzainari ordainketa egiteko agintzea erabaki zuten. Ardoaren hornikuntza egiten zutenei, 3.119 erreal eta 28 marai ordaindu zieten; alondegiko tabernaren apurtzea eta herriko tabernetan edandako ardoa ordaindu zuten horrela. Urrestillako tabernariari, ardoa ez ezik, ogia ordaindu zioten, 340 erreal eta 32 maraitan. Okinei eta lastoa eman zutenei, 343 erreal.
1766-8-24. Herri Batzar nagusian, apirilean sortutako matxinadan egindako gastuei aurre egitea derrigorrezkoa ikusi zuten. Horrela, zentzu bat edo gehiago sinatuz dirua lortzea erabaki zuten, eta herritarrek Udala osatzen zutenei horretarako ahalmena eman zieten. Ardoari zerga ezartzeko Kontseiluarengandik baimena lortzea ere eskatu zieten.
1766-8-7. Probintziak adierazi zuen Isabel de Fernesio erregin ama hil zela. Lehen astelehenean lutua erabiltzea erabaki zuten.
1766-6-30. Loiolako Santutegiaren inguruan Inazio Ibero Erkizia maisua hil zen.
1766-6-26. Lehenik Diputazioak eta ondoren Hondarribiko Batzar Nagusiak eginiko debekua ontzat hartu zuten. Beraz, urte hartan herriko festetan zezenketarik ez antolatzea erabaki zuten.
1766-4-26. Fidelak esan zuen okinen artean 300 anega gari baino gehiago zabaldu zituela, hilaren erdian herriratutako tropari eskaintzeko.
1766-4-26. Hondarribiko batzar nagusian Diputazioaren agindua ontzat hartzean, aurtengoz ohiko zezenketak alde batera uztea erabaki zuten.
1766-4-21. Matxinada zapuztera zetorren espedizioa goizean iritsi zen herrira, eta atxiloketak egin zituen berehala.
1766-4-15. Matxinada izan zen herrian. Garia eta artoaren prezioak erabaki zituzten. Arratsaldean prozesioa egin zuten Loiolara, eta agintariei eta parrokiko apaizei parte hartzera derrigortu zieten.
1766-4-14. Azkoitian iskanbilak izaten zirela-eta, herritar jauntxoek baserritar batzuk kontratatu zituzten herria zaintzeko. Baina, iluntzean etxeratzean, horiek Azkoitian gertatutakoaren berri jakin zuten; hau da, aleak merkatzea lortu zutela, herritarrek protesta handia egin ondoren. Kanpaiak jo zituzten, baserritar armatuak ez ezik Urrestillako matxinoak ere herriratu ziren eta azkoitiarrek lortutakoaren berri eman zieten. Matxinadaren hasiera zen.
1766-4-9. Beharrei erantzuteko herrian nahiko gari izango ote zen kezkatuta, Donostiari zerbait eskatzea erabaki zuten.
1766-4-2. Eskribauari agindu zioten aleak zituztenekin harremanetan jartzea eta zenbat zuten jakitea. Ondoren, Azkoitiko herriari gauza bera egitea eskatu zioten. Hori garrantzitsua zen, biztanleak ezer gabe gelditu ez zitezen, batean eta bestean behar ziren neurriak hartzeko.
1766-3-4. Askatasunean mistela eta pattarra saltzea debekatu zuten, ikusita nolako kaltegarriak ziren osasunarentzat eta sendien hondamena sortzen zutelako.
1766-2-28. Inbentario bat egin ondoren, Loiolako bitxiak Parrokira jaso zirela jakinarazi zuten.
1766-1-26. Joxe eta Inazio Oñederrak Udalarekin bederatzi urtean elurraren hornikuntza egiteko eskritura egin zuten. Herriko frontoiaren inguruan zen bolatokiak sortzen zituen irabaziak haientzat gelditu ziren.
1766-1-17. Ohiko egun jakinetan gauez argiak pizten zirenean, gutxienez etxe bakoitzean bi argik egon beharko zutela erabaki zuten. Agindua betetzeko, alkateari udaltzainari berria pasatzea eskatu zioten.
1765-12-26. Guillermo de la Prada herriko dorreko ordulariaren arduradunari -bertan kokatu ondoren-, bigarren zatiko ehun dukat ordaintzeari buruz hitz egin zuten, ez zuelako orduan herriak dirurik. Alkateak adierazi zuen berak aurreratuko zituela, lehen zatia ordaintzean bezala, eta onartu egin zuten. Joseph Abalia zurginak jaso beharko zituen berrehun dukat. 163 erreal, berriz, berari ordaintzea erabaki zuten, hurrengo urtean basoak saltzean herriak jasoko zuenetik, eta unean bale bat emango zioten horrela adieraziz.
1765-10-13. Urrestillan iturri berria egitea erabaki zuten.
1765-10-7. Antonio Etxeberriarekin eskritura sinatzea erabaki zuten, Inazio Ibero maisuak prestatutako moduan Urrestillan iturri berria egiteko.
1765-9-15. Herri Batzar nagusian, Urrestillan iturri berria beharrezkoa egiten zela jabetuz, iturria egitea erabaki zuten. Inazio Ibero maisuak prestatuko zuen, nahiz eta dirurik gabe zegoen orduan herria. Miguel Alzaga alkateak, Manuel Altuna zenaren alargun Maria Ana Portuk eta Joan Bautista Larraarrek hiru mila erreal aurreratu zituzten iturria egiteko.
1765-8-16. Herriko dorrean zen ordularia ikusi ondoren, Guillermo de la Prada maisuak konpontzea baino berria egitea hobea zela adierazi zuen, berak 3.300 errealean egingo baitzuen. Horrela egitea erabaki zuten, eta sinatu beharreko eskrituran 1763an parrokiko ordularia egitean jarritako baldintza berak ipini zituzten.
1765-8-9. Herriko dorreko ordularia geldituta zela eta, Guillermo de la Prada maisuari herriratzeko eskatuz gutuna idaztea erabaki zuten.
1765-8-7. Frantziskanen komentuko alde batean erretaula egiteko Martin Arzadun maisuarekin eskritura egin zuten. Erretaula Inazio Ibero maisuak emandako itxurarekin egingo zuten.
1765-6-29. Hil honen 20ko uholdeak hautsitako bideak konpontzea erabaki zuten.
1765-6-29. Herritar bereziek sagastiak sortzeko gogoa zeukaten, herriak lurra emanez gero, eta, beraz, batzordea izendatzea erabaki zuten gaia aztertu ahal izateko.
1765-6-29. Ordenantzek agintzen zuten agintaritzara iristeko beharrezkoa zen ondasun batzuk izatea. Baina azkenaldian ez zioten kasu handirik egiten ordenantzari, eta gezurra ere esan zuten behin baino gehiagotan. Hortaz, liburu berezi batean zerrenda osatzea erabaki zuten. Liburuan agintaritza eskura zezaketenak eta ezin zutenak banatzen ziren, baita guztien ondasunen berri eman ere.
1765-6-29. Udalbatzar Nagusira deitutako herritarrak bertan zer gai aztertuko zen jakin gabe joaten zirenez, eskribauari eskatu zioten bakoitzari gaien berri aurrez bidaltzea. Ondorioz iritzi bat agertzeko egokiago izango ziren batzarrean edo, gutxienez, informazioa jasota izango zuten.
1765-6-20. Uholde handiak izan ziren eta bide gehienak erabat apurtuta gelditu ziren -batez ere, ibai ingurukoak-.
1765-2-24. Haragi hornikuntza egiten zuenarentzako egin nahi zen etxea eraikitzea enkantean jarri zuten.
1765-1-21. Eskerrak eman zizkioten Granadako Dukeari, herriko errukietxean ziren behartsuentzat hogei anega gari eman zituelako.
1764-9-9. Herritar berezienekin Guillermo de la Pradak herriko dorrean ordulari berria jartzeko eginiko eskaintza ikusi ondoren -derrigorrezkoa zen ordulari zaharra hark jasotzea, ordaindu ondoren-, horrela nahi ez balu beste maisu bat aurkitzea erabaki zuten.
1764-8-19. Gillermo de la Prada erlojulariak parrokiko ordulariaz bidalitako gutuna irakurri zuten. Lehen Herri Batzarrean gutunaren berri adieraztea erabaki zuten, bost egun herrian igaro zituen erlojulariari 80 erreal ordaintzeko, ordularian konponketa lanak egin eta martxan utzi baitzuen.
1764-4-1. Ganaduen hiltegi berria eta haragi hornitzailearen etxebizitza enkantean jartzea erabaki zuten.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago