1683-8-24. Merkatalontzietan etor zitekeen ganadua erosi edo trukatzea debekatu zuten, gehienak gaixorik iristen zirelako.
1683-8-14. Madalenako ermita konponketa beharrean zen eta Teresa Elordi bertako serorak eskainitako dotearekin gastuak ordaintzea erabaki zuten.
1683-7-25. San Agustin komentuaren sarrerako estalpea harriztatzea erabaki zuten, landutako harri egokia erabiliz.
1683-7-7. Herri Batzar nagusian, agintariei ahalmena eman zieten Apezpikutzako Bisitariarengandik baimena lortu eta parrokiko erretaula nagusia egiteko Juan Apaeztegia eta Martin Olazola maisu arkitektuekin eskritura sinatzeko.
1683-6-21. Herritar bereziekin egindako batzarrean eta San Agustin komentuko priore Diego Arias fraideak eginiko eskaerari erantzunez, honako hau erabaki zuen herriak: komentuko elizan hiltzen ziren fraideak Zutabeko Kristo Santuaren aldare aurrean hilobiratzea. Baina han hilobiratzeko derrigorrezko baldintza bat zuten: hilobirik ez izatea eta lauzarik ez jartzea.
1683-5-25. Apezpikuak parrokiko erretaula nagusia egiteko baimena eman zuen.
1683-5-3. Herriaren eta jesuiten artean kapitulazio eskritura sinatu zuten.
1683-4-9. Joseph Iturriagak Basajaundegi basoan erabili zituen Frantziako ikazkinek eginiko kalteak neurtzeko, herriak batzordea izendatu zuen.
1683-4-1. Bixente Ferrerekin kontratua egin zuten, lau urtean pregonari eta danborrari zerbitzua eskaintzeko. Urtean 30 dukat ordainduko zizkioten, eta bi urtetik behin alkandora, oinetakoak, galtzerdiak eta abar emango.
1683-3-23. Carlos II.a Espainiako erregeak Loiolako patronatua ontzat hartu zuen.
1683-2-19. Diego Blanesek Sevillatik (Espainia) Elolaren ondasunak sortutako interesak bidali zituen, eta bere kaperauen artean banatu zituen herriak.
1683-2-14. Erretoreari, Madalena ermitan egiten ari ziren konponketa lana gelditzeko agindua ematea erabaki zuten, herriak han zer egin behar zen ikusi artean.
1683-2-14. Bixente Korta zurginak herriko dorrean egin zituen lanak. Juan Zelaiaran eta Frantzisko Odriozolak begiratu ondoren, 190 erreal ordaintzea erabaki zuten hari.
1683-2-2. Juan Martinez Agirreri herriarekin zuen betebeharra 16.000 zuhaitz landatzea zela gogorazi zioten.
1683-1-21. Sebastian Enparan jaio zen. Urgeleko apezpikua eta Andorrako printzea izan zen.
1682-12-8. Domingo Isasi herritarrak San Miguel egunetik aurrera eta lau urtean zehar posta zerbitzuaz arduratzeko tratua egin zuen herriarekin. Haren egitekoa herriko gutunak asteazkenetan Gasteizera eramatea zen eta hango gutunekin larunbatean itzultzea. Lan horrengatik 350 erreal agindu zizkioten, bi zatitan ordaintzeko: lehena martxoan eta bigarrena irailean.
1682-10-18. Lehenengo igandean jakinaraztea erabaki zuten herri barruan lastoa zutenek zortzi egunen barruan atera beharko zutela, sua eragiteko arriskua handia zelako, eta mila maraiko isuna ezarriko ziotela lastoa etxera eramaten zuenari.
1682-10-18. Parrokien bidez erabaki zuten zabaltzea herri barruan edo baserrietan kanpoko behartsuei ostatua ematea debekaturik zela egunez edo gauez, bostehun maraiko isunaren mehatxupean kasu bakoitzeko. Garbi ikusi zuten azkenaldian kanpotar behartsu asko geratzen zela herrian eta limosna asko jasotzen zutela, herritarrek behar handiak zituzten bitartean. Alkateari eskatu zioten eskean ziren behartsuen berri ongi jakitea eta bere baimenik gabe herrian ibiltzen ez uztea.
1682-10-18. Urrestillan hazten ari ziren utzitako mutikoak zazpi urte bete zituen, eta aurrerantzean herriaren aldetik laguntzarik ez ematea erabaki zuten.
1682-10-2. Okinei ogia saltzea debekatu zieten, aurretik plazara euren ogia eraman eta pisua eta itxura ikusten ez bazuten behintzat. Hala egiten ez zuenari bostehun maraiko isuna eta hamabost eguneko kartzela jarriko zioten.
1682-10-1. Egibar baserriaren zati handi bat erre egin zen.
1682-9-4. Zestoatik mosketeak ekartzen eta bihurtzen egindako gastuak ordaintzea erabaki zuten. Herriko konpainiak Loiolako Etxe Santuan erregearen armarriak jartzeko erabili zituen.
1682-8-30. Alcañicesko markesari idaztea erabaki zuten, herriko lurraldean zituen baserrien lurrak eta basoak mugatzeko ordezkari bat izendatzeko eskatuz.
1682-8-12. Fidelak adierazi zuen Madalenako ermitako sarreran bataiatu gabeko haur utzi bat topatu zuten. Ermitako etxean bizi zen Frantziska Urzelairi -Juan Ulaziaren emazteri- eman zioten umea. Baina aurretik bataiatu egin zuten, eta aitabitxi alkatea izan zuen. Umea norena zen jakiteko ere gestioak egin zituzten.
1682-8-10. Ospitalean abuztuaren 1ean izandako suteari buruz hitz egin zuten, konponketa lanak egiteko neurriak hartu nahi zituztelako.
1682-8-1. Gauean herriko San Martin ospitalearen zati bat erre zen.
1682-7-12. Jesusen Lagundiko Aita Pedro Geronimo de Cordoba eta Miguel Lazkibar agertu ziren udalbatzarrean. Lehenenak alkateari erreginak idatzitako gutuna eman zion. Bertan adierazten zen berea zen Loiolako Etxe Santua Jesusen Konpainiako erlijiosoei eman ziela, eta herriari eskatzen zion maitasunez har zitzan bere lurraldean eta laguntza eskaintzea behar zuten guztirako. Udalak erabaki zuen erreginari erantzutea, eskerrak emanez.
1682-7-10. Eskribauari agindu zioten parrokiko erretaula nagusia egiteko material limosna eskatzera irten beharrekoak izendatzeko.
1682-6-14. Juan Apaeztegi eta Martin Olaizola maisuek prestatutako diseinua aurkeztu zuten. Diseinua parrokiko erretaula nagusia egiteko zen eta Udalak izendatutako batzordearen eskaera erantzuten zuen. Ideia aurrera eramateko dirurik gabe aurkitu zirenez, limosna eskaera egitea erabaki zuten. Eskaera egiteko agintariak banatu ziren baserri eta auzoetan. Dirua ez ezik, materialak ere ontzat hartu zituzten.
1682-5-24. Loiolako fundazio eskritura egin zuten.
1682-5-1. Parrokiko erretaula nagusia egitea erabaki zuten, aho batez. Batzordea izendatu zuten, herritarren artean egurra eta diru laguntza eskea egiteko.
1682-4-19. Parrokiko erretaula nagusiari buruz hitz egin zuten baina, horrekin hasi aurretik, elizak zeukan diru kopurua ikustea erabaki zuten.
1682-4-19. Herriak zeukan dirutza guztia zorrak ordaintzeko erabiltzea erabaki zuten.
1682-2-19. Erregearen izenean, Loiolaren jabetza Gipuzkoako korrejidoreak hartu zuen. Armarri errealak jarri zituen ate gainean.
1682-1-22. Deialdi bat izaten zenerako eta herriko soldadu konpainia 50 pertsonako lau zatitan osatuta egon zedin, lau kabo izendatu zituzten. Kapitain, berriz, Frantzisko Mendizabal, Tomas Korta, Antonio Azkue eta Frantzisko Inazio Sorarrain Enparan izendatu zituzten.
1682-1-22. Beizamako Udalaren gutun bat jaso zuten, esanez frantziarren aurka bertatik irten beharreko soldaduek Azpeitiko konpainiarekin bat eginik joateko asmoa zutela, eta berehala eman zieten baimena Beizama ordezkatuko zuten Juan Arregi, Martin Otaegi eta Juan Lopez Aginagari batzarrean agertzeko eta nahi bera jakinarazteko. Azpeitiko agintariek benetan pozik hartu zuten beizamarren gogoa. Baiezkoa eman zieten, sarjentu batekin Beizamako soldaduak bat egiteko Azpeititik joango zirenekin.
1682-1-22. Azkoitian Jesusen Lagundiak zuen Ikastetxeko erretore aita Miguel Lazkibar agertu zen, probintziko Manuel Arce korregidorea Loiolara iristear zenaren albistea hartuta zuela esanez, eta erreginaren izenean Etxe Santuaren jabetza hartzeko zetorrela korrejidorea. Bestalde, erretoreak erregutu zuen azpeitiar agintariek Loiolan izatea ekintza horren lekuko, eta erretoreari eskerrak emanez bertan izango zirela erantzun zioten.
1682-1-14. Diputazioak bidalitako gutuna irakurri ondoren, lehen iganderako 18 urtetik 60 urte bitarteko herritarrei eta biztanleei deitzea erabaki zuten. Arma eta munizioak zituztenak, haiekin agertu beharko zuten herriko enparantzan Sebastian donearen egunez, 500 maraiko isuna jaso nahi ez bazuten behintzat.
1682-1-14. Diputazioaren deialdi bat jaso ostean frantziarren aurka joatea ere erabaki zuten. 300 soldaduko taldeak irten zuen herritik, beharrezko ofizialekin, eta horien artean Juan Antonio Agirre kapitain (Inazio Agirre Ibarluze zahartuta zegoelako) eta Martin Eleizalde teniente izendatu zituzten. Sarjentuak ere izendatu zituzten, Sebastian donearen egunean 300 laguneko taldea osatzeko aukeraketa egingo zutela adieraziz.
1682-1-12. Zedula erreal baten bidez, korrejidoreari, ondare erreal bezala, Loiolako Ikastetxe Errealaren jabetza har zezan agindu zioten.
1681-12-20. Erreginak Loiola patronatu errealekoa zela adierazi zion herriari gutun baten bidez.
1681-12-15. Erret zedula baten bidez Alcañicesko (Espainia) markesei baimena eman zieten lurrak saltzeko. Salerosketa horretan lortutako dirua Loiolako Ikastetxea egiteko bideratzea pentsatu zuten.
1681-11-21. Herriak parrokiko etxezain Pedro Beltran Oiarzabali agindu zion Joan Larrar eta Joan Apaeztegirekin bat eginik tratua egin zezala Joseph Lizarzaburu urreztatzailearekin, pulpitu eta koruko burdinak margotu eta urreztatu zitzan.
1681-10-19. Herri Batzar nagusian, agintarien aldetik parrokiko pulpituak urreztatzea eta margotzea zenbat kostatuko zen jakitea erabaki zuten. Asko ez bazen, egiteko baimena eman zieten.
1681-8-19. Loiolako eraikin berriak hartuko zituen lurrak seinalatu eta mugatu zituzten.
1681-8-13. Hurrengo igande arratsaldeko ordubietan herritar eta biztanle guztiak euren armekin biltzeko, San Agustin egunean parrokien bidez deialdiak egitea erabaki zuten. Bostehun eta hirurehun maraiko isuna ere ezarri zuten.
1681-7-29. Alcañizasko markesak Juan Martinez Agirreri Aiota Paskual Casanuevak izendatutako zuenarekin batera Loiolako Fundazioaren tokia aukeratzeko ahalmena eman zion.
1681-5-24. Erreginaren eskuetara Loiolako patronatua pasatuko zela adieraziz, Alcañicesko Markesak eskritura sinatu zuen.
1681-5-20. Frantziskotar eta organojole Joseph Etxeberriak bere iritzia agertu zuen Elola kaperarako organojolea aukeratzeko orduan. Domingo Gaztainaondo izendatu zuten. Ondoren, kaperara joan eta organoaren giltzak hartu zituen, bera zabaldu eta jo egin zuen, postua bereganatu zuela adieraziz.
1681-4-22. Parrokiko kanpai handietako bat funditzea erabaki zuten. 1.200 erreal ordainduko ziren horretarako, eta beharreko materiala ere eskaini zuten.
1681-4-21. Batzordea izendatu zuten parrokiko kanpai txikia funditzeko herrian zeuden kanpai egileekin harremanetan jartzeko.
1681-2-2. Etxaiz baserriko Bernardo Aizpuruk zuen Sistiaga aldean Pagaldar deituriko basoa erosita, 22 zuhaitzen adarrak mozteko, baina herriak izendatutako begiraleak harekin izan gabe egin zuen mozketa, eta Udalak 50 errealeko isuna ezartzea erabaki zuen. Beste kalte batzuk ere eginak zituen nonbait, ikatzetarako haritz abarrak ebakirik, eta zilarrezko zazpi erreal kentzea onartu zuten.
1681-1-3. Herritarren gozamenerako, karnabal iganderako zezenketa antolatzea erabaki zuten agintariek. Astelehenean, herriko harakinak idizko bat ibili behar izan zuen kaleetan, eta asteartean sei bigantxarekin egin zuten jaialdia.
1681-1-3. Gorputz eguna edo ondorengorako, antzerki erako auto-sakramental bat antolatzea eskatu zioten alkateari.
1681-1-3. Ikusita astesantuetan parrokiko aldare nagusian jarri ohi zen monumentuaren zati batzuk nahiko gaizki zeudela, beste monumentu bat egitea erabaki zuten. Aurrez proposamen bat egin zuten eta ondoren, berriz, ongi apaindu eta Juan Larrar maisuak pintatu zuen, gehiegizko gasturik egin gabe.
1680-11-23. Kontuan izanik ordutik Garizumaren hasiera bitartean kalte handiak egin ohi zirela ibaietan -amuarrain asko harrapatzen zutelako-, bi parrokien bidez adierazi zuten debekatutako sareak eta tresnak erabiliz ezin zela arrantza egin ibai eta erreka guztietan, bi milako maraiko isuna eta hamabost eguneko kartzela zigorraren azpian. Jakinik kalterik handiena Barrenola inguruko errekan egin zitekeela, hori ongi zaintzeko agindu zieten Inazio Etxaniz eta Antonio Erkizia erregidoreei. Janariak kanpora saltzea ere debekatuta zegoela esan zuten parrokien bidez, hori ere bi milako maraiko isuna eta hamabost eguneko kartzela zigorraren azpian.
1680-11-23. Janariak kanpora saltzea ere debekatuta zegoela esan zuten parrokien bidez, bi milako maraiko isuna eta hamabost eguneko kartzela zigorraren azpian.
1680-11-5. Bizkaiko Batzar Nagusiek, Gernika-Lumon egindako bilkuran, Loiolako Inazio deuna izendatu zuten herrialdeko patroitzat.
1680-10-4. Ikusirik erabat atzeraturik zela Izarraitzen egindako izoztegia eta nolabait, behar bezala ez zirela ahalegintzen lanean Mateo Etxaniz eta Pedro Odriozola -horien ustez, behin eta berriz eguraldi txarra egiten zuelako-, eta ikusirik herriari kalte handia egiten zitzaiola izoztegiaren amaiera luzatzean, eskribauari agindu zioten haiekin harremanetan jartzeko, adierazteko eguraldi ona egiten zuen lehen unetik jarri beharko zituztela lanean beharrezko ofizial guztiak, eta amaitu bitartean bertan ariko zirela.
1680-10-2. Agintariek urteko ostiral guztietan biltzea erabaki zuten egun hartatik Birbizkunde Bazko egunera bitartean goizeko bederatzietan, eta egun horretatik aurrera, berriz, zortzietan. Agertzen ez zenari berrehun maraiko isuna ezarriko zioten.
1680-9-22. Santo Domingo komentuko priore Jazinto Ulibarri fraideak egurra eskatu zuen obrak egiten jarraitzeko basoak zaintzen zituztenek agindutako tokietan.
1680-8-23. Herriak baso guztiak Joseph Iturriagari saltzea erabaki zuen, zilarrezko 70.000 errealen truke. Iturriagak hamabost urteren barruan ikatza egin beharko zuen, baina zuhaitz bakar bat ere oinetik ebaki gabe.
1680-6-9. Onartu egin zuten Joseph Iturriagak eginiko proposamena, zilarrezko 70.000 erreal eskainiz herriaren baso eta mendiak erosteko. Hamabost urteko epea eman zioten ikatza ateratzeko.
1680-5-22. Mendian saltzeko laugarren almodenan erosle bakar bat agertu zen, zortziko zazpi mila erreal eskainiz. Herriari gutxi iruditu zitzaion, ordainketa handiak zituelako egiteko. Beraz, udalbatzar bat egitea erabaki zuten ondorengo egunen baten, bertara joaten ez zenari 500 maraiko isuna ezarriz.
1680-5-3. Mugara 15.000 soldadu baino gehiago hurbiltzen ari ziren albistea jasorik, maiatzaren 5eko arratsaldeko ordubietarako deialdia egitea erabaki zuten, 14 urtetik 60 urte bitarteko herritar eta biztanle guztiak enparantzan ager zitezen alardea egiteko. Auzoetara albisteak bidali zituzten. Mila maraiko isuna eta hamabost eguneko kartzela izendatu ziren zigor bezala. Tomas Korta kapitaina eskaini zen soldaduak Hondarribira bidaltzeko behar zen dirua aurreratzeko.
1680-4-27. Joxe Mandiolazak bere baserri Txalintxoro berritzeko egurrak ebakirik zituen, baina herriari iruditu zitzaion artean behintzat ez zuela hasteko asmorik. Hala, Matias Alzagari Erdi kalean etxebizitzak egiteko egur berak ematea erabaki zuen.
1680-3-3. Herriaren baso guztiak ikatza egiteko saltzea erabaki zuten.
1679-6-23. Joseph Ezarzaburu maisua urreztatzen eta margotzen ari zen parrokiko pulpitu gaineko txapela, eta ikustea erabaki zuten. San Inazio egunerako amaitzea eskatu zioten.
1679-6-23. Juan Oñaz, Antonio Larralde eta Frantzisko Aizarnazabal apaizak apaizen kofradiatik edo anaiartetik bidalita zeuden duela urte batzuetatik. Horren aurrean, Udalari eskatu zioten erregu bat egitea berriro onartuak izan zitezen. Herriaren aldetik erregua luzatzea erabaki zen.
1679-1-12. Alkateak, herriaren izenean, Frantziskanen Abadesarekin Pedro Altuna Arostegiren memoriakoa zen Miranda etxeari buruz eginiko konponketa adierazi zuen. Kobratzeko interesak 1.130 dukat izan ziren guztira, eta zilarrezko 200 dukateko, zentsuari esker.
1678-12-21. Iraetako zubiari buruz Udalak idatzitako gutun guztien berri eman eta jasotako erantzunak ere irakurri zituen. Proiektu horretarako herriaren ordezkari Antonio Azkue izendatu zuten eta Zestoako ordezkariarekin harremanetan jartzeko eskatu zioten. Bien artean erabakitzen zutena aurrera eramateko, bi Herri Batzarren onarpena beharrezkoa zen.
1678-10-9. Tolosan ospatutako Probintziako azken Batzar Nagusiak, Azpeitiak Iraetako zubia zaindu behar zuela agindu zuela kontuan hartuta -azken uholdeek eraman zuten- edo, bestela, Debako herriari ordaindu behar zizkiola zortziko 30 erreal, bat edo bestea aukeratzeko ahalmena eman zioten herriari. Idatzi baten bidez, Debako herriari esan zioten Debak berak egiten bazuen zubia, Azpeitia ahaleginduko zela zutik edukitzen Debak nahi zuen denboraldian.
1678-10-4. Frantziskanen eliza berria inauguratu zuten.
1678-9-16. Jakinean izanik herriaren aginduei muzin eginez eta Santo Domingo komentuko priorearen eskaerari erantzunez harria ateratzen zutela Komuntzo ingurutik, eta era horretan iturriko ura zikintzen zela erabat, batzordea izendatu zuten gertatzen zena aztertzeko. Batzordea hauek osatu zuten: Inazio Beltran Oiarzabal, Frantzisko Latenta eta Tomas Leiarizti maisu harginak.
1678-7-3. Martin Eleizalde kapitainak Komuntzoko harrobitik harria ateratzeko eskaera egin zuen, Bikuña etxe zaharraren aurreko aldea berritzeko, eta baiezkoa eman zioten.
1678-3-29. Aurreko urteko San Inazio jaietarako Tuteratik ekarritako zezenak ordaindu gabe zeudela jakinarazi zuten, orduan dirurik ez zuelako herriak. Pedro Jimenez zezenen jabea herrira kobratzeko asmotan etorri zela esan zuten. Zezenak eta Jimenezen bidaia ere ordaintzea erabaki zen.
1678-3-6. Nikolas Brustin maisuari Urrestillako elizako aldare nagusirako egin zituen hiru margo eta aurrez zeudenen txukunketa ordaindu zizkioten.
1678-2-17. Oiarzabal bere etxera bidean gurutze bat jartzeko baimena eman zioten Pedro Beltran Oiarzabali.
1678-2-17. Bere bilobaren Arana etxe berria egiteko, herriko lurraldeetan egurra ebakitzeko baimena eman zioten Pedro Beltran Oiarzabali.
1678-2-17. Herriaren basoetan egurra ebakitzeko baimena eman zioten Bixente Kortari, Eliz kalean zituen bere etxeak konpontzeko.
1678-2-4. Probintziak hartutako erabakiari erantzunez, 18 urtetik 60 bitarteko jatorrizko herritar eta biztanle guztiak lau zatitan banatzea erabaki zuten. Zati bakoitzak bere kaboak izendatu beharko zituen eta kaboek zerrendan zeuzkaten guztien armak ikusi beharko zituzten, gutxienez urtean lau aldiz deituz eta horretarako nahi zituzten egunak aukeratuz. Kaboak euren taldea osatzen zutenek armak izan zitzaten ahalegindu behar zuten, ez zuenari ahalik eta azkarren erostera bultzatuz. Aipatutako lau egun horietako batean, guztiek prest izan beharko zuten bolbora eta balak erabiliz tiro lehiaketan parte hartzeko. Saria, setazko galtzerdiak ziren. Gainera, kaboek zigorrak jartzeko ahalmena zuten.
1678-1-14. Martin Garatetxea maisuari albistea pasatzea erabaki zuten, koruko ganga margotzea kobraturik zuela-eta lana egiteko eskatzeko.
1678-1-14. Eskuztako zelaian zuhaitz gazteak landatzea ez ezik, zeharkatzen zuen paretak egokitu eta iturri bat jartzea erabaki zuten.
1678-1-14. Parrokiko atarirako egindako eserlekuak ordaintzea erabaki zuten.
1677-11-28. Parrokiko pulpituen txapelak egiten zituen Juan Apaeztegi maisuak, eta hari bi mila erreal ordaintzea erabaki zuten.
1677-11-28. Eskuztako gurutzea egitea erabaki zuten, aurrez zen bezalakoa.
1677-11-19. Iruñeko apezpikuaren baimenarekin eta herriak agindurik, parrokiko pulpituei euren gaineko txapela egiten ari zen Joan Apaeztegi arkitektuari kontuak aurkeztea eskatzea erabaki zuten, garbi geratzeko zenbat zeukan jasota eta zenbat oraindik kobratzeko.
1677-11-9. Pedro Beltran Oiarzabalek bere alaba Maria Inaziaren izenean Landarbaso lurraldean egurra ebakitzeko baimena eskatu zuen, Arana etxean zuen sutegia egokitzeko, ustekabean hondaturik gelditu zela-eta. Herritar bereziei deitu eta euren iritziak jaso ondoren, Udalak egurra ezer ordaindu gabe ematea erabaki zuen, horrelako kasuetan egin izan zen bezala.
1677-10-27. Unean herrian zegoen Joseph Portocarrero korrejidoreari dolumina agertzea erabaki zuten, Maria Manuela Prado emaztearekin zeukan alaba hil egin baitzen. Bezperako iluntzeko zortzietan hilobiratua izan zen herriko parrokian, Elola kaperan, eta, haren patroia herria zenez, kandelak pizturik jendetza handia bildu zuten. Dolumina agertzeko Domingo Arregi erregidorea eta Tomas Korta kapitaina izendatu zituzten; horiek berehala Portocarreroren etxera joan ziren eta udaletxera itzuli, korrejidoreak bertara etorri nahi zuelako. Berriro joan eta korregidorearekin itzuli ziren; honek esker sutsuenak agertu zizkion herriari eta bertako seme bat bezala hartzea nahi zuela eskatu zuen, sekula ahaztu ezinezko laguntza jaso zuelako Azpeitian. Horrez gain, bere jakituri guztia herriaren alde lana egiteko eskaini zuen.
1677-10-22. Udaletxean agertu ziren Fernando Miranda eta Tomas Errazkin apaizak, eta esan zuten nola Maria Manuela de Pradok -Gipuzkoako korrejidorearen emaztea- haur bat izan zuela, eta herriko agintariei erregutu zietela bataioko unean neskatxa herriaren izenean har zezatela, Juan Antonio Agirre alkatearen bidez. Esker ona agertuz, horrela egingo zutela erantzun zuten agintariek. Apaizak aldegin ondoren, Inazio Agirre eta Domingo Arregi erregidoreak izendatu zituzten emakumea zoriontzeko, eta haren senar Joseph Portocarrero korrejidorearekin ere gauza bera egitea erabaki zuten, hura Batzar Nagusitik itzultzean. Bataioa egin zedin beharrezko zabalkundea emanez, eta jaialdiak antolatuz, Inazio Beltran Oiarzabal eta Jazinto Korta erregidoreak izendatu zituzten guztia antolatzeko; zezenak inguratu zituzten euren etxe aurrean goiz eta arratsaldez jolasteko, organoa jo zuten elizkizunean eta tiroak bota zituzten parrokiko dorretik. Elizkizuna antolatzeko, Frantzisko Zelaiaran, Sebastian Zabalia eta Frantzisko Erkizia apaizekin hitz egitea erabaki zuten, eta herritar guztiak gonbidatzea bertara, udaletxean hurrengo arratsaldeko ordu bietan bildurik, bertatik elkartuta parrokira joateko.
1677-10-1. Herriko harakinari denda goizeko seietan irekitzeko agindu zioten, eta arratsaldean hirurak aldera. Saltzeko unean, lehentasuna eman behar zien apaizen neskameei edo komunitateko arduradunei.
1677-9-27. Nikolas Brustin margolariarekin Urrestillako parrokirako tratua egin zuten, San Sebastian, San Frantzisko eta Kristo Gurutzatuaren margoak egiteko. Azken horren alboan izango ziren San Juan eta bi Mariak.
1677-8-20. Herritar bereziei Loiolako maiztergoaren jarraipena eskuratu zuen Alcañicesko markesari zorionak emanez idazteko batzarrera deitu zieten. Guztien iritziak jaso ondoren, bidali beharreko gutuna prestatu zuten.
1677-7-23. Herritar bereziei deitzea erabaki zuten agintariek, korrejidorea herrian baitzen Alcañicesko Markesaren izenean Loiola etxearen jabetza eskuratzeko asmoz. Horrela egin ondoren batzarrera hamahiru biztanle azaldu ziren, eta erabaki zuten Markesaren izenean parrokiko patronatua eskuratzea nahi zuen norbait agertzen bazen bere aurka egitea.
1677-6-13. Sevillan (Espainia) zegoen Frantzisko Beitia agentea eta hari idaztea erabaki zuten, Elolaren errentak kobratzeko gestioak egiteko eskatuz.
1677-6-13. Gipuzkoako Batzar Nagusietarako gonbitea pasatzea erabaki zuten Azkoitiko alkateari. Batzarra egin aurretik Olazko ermitara azaltzeko eskatu zioten, bertan izango ziren gaiak bien artean aztertzeko.
1677-6-10. Diputazioak agindu bezala, guardiak egitea erabaki zuten gau eta egunez. Guardia postu bat ospitalean zegoen, bestea Madalenean eta hirugarrena Enparan inguruan, izurritea zegoen herrietako inor ez sartzeko. Igandean hasiko ziren guardiak egiten; lehenik agintariak eta ondoren gainontzeko herritarrak.
1677-4-4. Diputazioaren gutun bat jasotzean, muga inguruan jendetza handia mugitzen zela esanez eta herritarrak prest egon zitezela eskatuz, herriak erabaki zuen biztanle guztiei jakinaraztea 18 urtetik 60era bitarteko guztiek prest egon behar zutela arma erakusketa bat egiteko.
1677-3-7. Frantziskotar Hirugarren Ordenako Anaiei Elola kaperan Paduako San Antonioren irudi bat jartzeko baimena eman zieten.
1677-1-20. Herriko dorrean zegoen ordularia zaintzeko tratua egin zuten Martin Odriozolarekin, zortzi urterako eta bertan bizi zela. Tiroak ere bota beharko zituen bertatik ohiko egunetan. Herriak 20 dukat ordaindu zizkion urtean, eta beste bi gehiago, berriz, ordulariari olioa bota beharko ziolako. Baina lehen urtean jasoko zituen 20 dukat horietatik hamar, behintzat, aurrez lan berean izan zen Martin Concejoren alabari eman beharko zizkiola agindu zioten, San Miguel egunetik ordura artean ordularia zaindu zuelako.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago