Efemerideak

  • 1705-2-8. Herriko mendiak ikatza egiteko erosi zituen Inazio Zuloagak, Mureziondo mendian ebakitzeko baimena emateko erregutu zuen, eta agindutako 2.000 dukat eta zor zituen beste zilarrezko 6.000 errealekin batera ordaintzeko epea luzatzea ere bai, dena Eguberrietan ordainduko zuela esanez. Zuloagaren eskaerari erantzuna emateko orduan, era guztietako iritziak agertu ziren udalbatzar nagusian. Azkenean bozketa eginik, aipaturiko mendia ebakitzeko baimena ematea eta ordainketa egiteko Eguberriak bitarteko luzapena ematea erabaki zuten; Juan Apaeztegik erabakiaren aurka egin zuen.
  • 1705-2-5. Enparan errotako maizterraren kexei erantzunez, gero konpontzeko teilatuaren egoera ikustea erabaki zuten.
  • 1705-1-16. Gragori Sarasuak zazpi urte aurretik Soreasu errota errentan eduki zuela esanez idatzi zuen. Eta hark utzitako tresna batzuk eta orduan jaso nahi zituenak han zeudela adierazi zuen. Udalak, Zuazola erregidoreak eskaerari erantzuna eman zezan agintzea erabaki zuen.
  • 1704-12-12. Lehen igandean parrokien bidez adierazi zuten saltzeko asmotan sagardoari uda nahastuta zeukaten guztiek ondorengo egunean udaletxera agertu beharko zutela arratsaldeko ordu bietan, eta han salketa egiteko txandak izendatuko zituztela zozketaren bidez.
  • 1704-11-30. Lorentzo Elizalderi Elizalde baserria zati handi batean erre egin zitzaiola-eta, berritze lanak egiteko egurra eskatu zuen. Udalak erdia ordaintzea erabaki zuen eta beste erdia ezerezean ematea.
  • 1704-11-7. Herriaren ardo hornikuntza egiten zuten nafar mandazainek euren ostatutzat herriko tabernak hartuz gero iskanbilak sor zitezkeela irudituta, tabernari guztiei euren etxeetan hornitzaileei ostatua eskaintzea debekatu zieten, eta eskribauari agindu zioten debeku horren berri idatziz ematea tabernariei, adieraziz ez betez gero gogor zigortuko zituztela.
  • 1704-10-12. Herriko errebaletan zirenei behiak edukitzen uztea erabaki zuten, baina herri barruan zirenei ez.
  • 1704-10-12. Suteetarako elkarteari buruz jarraitu beharreko arau batzuk onartu zituen herriak.
  • 1704-10-10. Manuel Altunak egurra eskatu zuen, erre zitzaion Akotegi etxea konpontzeko, eta Udalak erabaki zuen gaiaren berri Herri Batzarrean adieraztea.
  • 1704-9-26. Zazpi urte egin bitartean herriaren laguntzarekin Inesa Alberdik hazitako utzitako neskatxa ez zela lan bat aurkitzeko gauza izan ikusita, beste bi urtean ohiko laguntza ematea erabaki zuten.
  • 1704-8-22. San Agustin eguna nola ospatu eztabaidatu zuten herritarren artean, eta bozketa bidez erabaki zuten zer egin, oso iritzi ezberdinak agertu baitziren. Horrela, alkateak, fidelak eta erregidoreetako batek eskaintzen zituzten zezenkoez gain, beste bi zezenko ekartzea erabaki zuten, baita herrian zen korrejidorea gonbidatzea ere.
  • 1704-8-22. Urteetan hauteskundeetara herritar berezi gutxi agertu zen eta, inork ez aitzakiarik azaltzeko, herriak lortutako erreal probisioaren berri parrokien bidez jakinaraztea erabaki zuten.
  • 1704-8-10. San Agustin komentuko prioreak egindako eskaera kontuan hartu eta, eliza nagusia egiteko maisuarekin tratua egin zuenez, lau urtean herriak ehun dobloi ordainduko zizkiola erabaki zuten.
  • 1704-8-10. Eizmendi auzoko ermitako lanak herriak amaitzea erabaki zuten.
  • 1703-11-22. Mandazain nafarrekin herriko ardoaren hornikuntza egiteko eskritura sinatu zuten. Herriari urtean 250 erreal eskaini zizkioten.
  • 1703-10-19. Enparan zubian zen sarrerako Andre Mariaren irudiaren teilatuan egindako lanen berri eman zuten, eta Joan Apaeztegi maisua aukeratu zuten guztia egokitzeko.
  • 1703-9-8. Bartolome Mugerza elgoibartarrarekin tratua egiteko eta harekin eskritura sinatzeko ahalmena eman zioten Joan Apeztegia erregidoreari, 'Bataio' kaperako burdinsarea egin ahal izateko.
  • 1703-7-30. Gregorio Aranburu, Jeronimo Sarasua, Joxe Joaristi eta Aszensio Larraar harginek Urrestillako eliza lauzatze lanak entregatu zituzten.
  • 1703-6-29. Herritarrek zituzten armen zerrenda egina zela adierazi zuten. Abilezia zeukaten eta ongi prestatuak ziren 120 mosketari eta 150 alkabuzari zeuden herrian, eta Diputazioari horrela jakinaraztea erabaki zuten.
  • 1703-6-18. San Pedro egunean 18 urtetik 60ra bitarteko herritar eta biztanleak enparantzan bidu beharreko deia San Juan egunean parrokietatik adieraztea erabaki zuten. Deialdi horrekin probintziko itsasertzean zegoen Ingalaterrako armadari aurka egiteko soldaduen zerrenda osatuko zuten.
  • 1703-6-17. Diputazioak jakinarazi zuenez, Ingalaterra eta Herbehereetako armadak Frantziako itsasertza bonbardatzen ari ziren. Bonbardaketa mugatik 60 lekora gertatzen ari zen eta beldur ziren bertaratuko ote ziren. Horren aurrean, honako erosketa hauek egin zituzten: ehun anega gari, bi barrika bolbora eta beharrezkoa zen metxa. Horretarako eta beste gauza guztietarako Udalak gestioak egin zituen, zilarrezko bostehun dukat zentsuan hartzeko bezala.
  • 1703-6-17. San Agustin komentuko priore Domingo Goiri fraideak adierazi zuen duela lau urte eman ziotela baimena herriko basoetan egurra ebakitzeko obrari jarraitzeko. Baina nola garaian ez zen egin eta unean beharrekoa zen, eskaera bera zuzentzen zuela zioen. Sistiaga aldean eta mendi ikusleek seinalatuz, ebakitzeko baimena eman zioten, sakristia itxi eta bere teilatua egiteko behar zuelako.
  • 1703-4-21. Maiatzaren 11n Gatzagara irtengo zuten 28 soldadu herritarren zerrendaren berri eman zuten. Han onpainiak osatu ondoren, Madrilera abiatuko ziren. Sarjentu nagusi bezala Frantzisko Joseph Enparan joango zen; kapitain, Joxe Antonio Azkue; alferiz, Domingo Basazabal; eta sarjentu, Manuel Eizmendi. Tertzioko maisu bezala Tomas Idiakez Ipiñarrieta zuten.
  • 1703-4-21. Errenterian ospatutako Batzar Nagusiek herriei tokatzen zitzaizkien fogeraren zorrak ordaintzeko agindu zuten. Baina Azpeitiari ezinezkoa zitzaion zor zituen 3.000 erreal ordaintzea eta, beraz, basoak erosi zituen Inazio Zuloagari 1.800 erreal aurreratzeko eskatzea erabaki zuten.
  • 1703-3-19. Kanporatu behar zuten soldadu bakoitzari, eta irten bitartean, zilarrezko erreal bana ematea erabaki zuten.
  • 1703-3-8. Zortziehun dukateko zentsua hartzea erabaki zuen herriak, erdia Juan Larraarrengandik eta beste erdia aurki zitekeen tokitik.
  • 1703-3-8. Herriko hiru udaltzainei agindu zieten etxez etxe albistea pasatzeko: hemezortzi urtez gorako gazte guztiak astelehenean eta goizeko hamarretarako udaletxera ager zitezela, herriari tokatzen zitzaizkion 29 soldaduren aukeraketa egiteko.
  • 1703-3-2. Espainiako erregeak probintziari eginiko eskaerari erantzuteko, herriko elizetan boluntario alistatu nahi zuenik baldin bazen ager zedila adieraztea erabaki zuten, probintziak eskaintzen zuen jantzia ikusteko eta herriarekin soldataz tratu batera iristeko.
  • 1703-2-25. Aurreraturik, zilarrezko 800 dukat eskuratzea erabaki zuen herriak, Donostian eginiko batzar berezian hartutako erabakiari erantzuteko. Hau da, herriak prestatu behar zituen soldaduei jazkiak egiteko: kasaka, txupa eta galtzak, galtzerdiak, oinetakoak, kapela, bi alkandora eta bi korbata.
  • 1702-11-12. Erreginaren gutunari ongi-etorria egin zioten.
  • 1702-10-6. Eztabaidatu ondoren nolako istiluak eta borrokan sortzen ziren Larraar etxean taberna zabaldu zenetik -batez ere, bertara joaten ziren garraiozaleen artean-, han maiztertzan zenari gehiago ardorik ez saltzeko esatea erabaki zuten, hogei dukateko isunaren mehatxupean.
  • 1702-8-10. Diputazioak, erreal zedula bidez, Italiaren aurkako borrokan erregearen armak irabazle suertatzeko erregutuz errogatibak egitea eskatu zuen. Parrokiko apaizei hori lortzeko saia zitezen eskatzea erabaki zuten.
  • 1702-8-10. Herriak agindu bezala, eta ohiturari jarraituz, lurraldeko mugak ikusi zituzten. Sei urte igaro ziren azkeneko aldiz herriaren lurraldeko mugak ikusi zituztenetik.
  • 1702-3-31. Bataioko kapera ixteko zer egin zitekeen erabakitzeko, balkoiak eta zerraileak egiten zituen Bartolome Elorza maisu elgoibartarrari deitzea erabaki zuten.
  • 1702-3-31. Azken uholdeak izugarrizko kalteak egin zituelako Loiolarako bidean eta San Joxe ermitaren inguruan horma bat altxatzea erabaki zuten.
  • 1702-3-31. Enparan errotarako harri berri bat prestatzea erabaki zuten.
  • 1702-2-25. Pedro Beltran Oiarzabal eta Lorentzo Eleizalde aukeratu zituen herriak, bataio kaperako burdinsarea egiteko norbait aurkitu zezaten. Apaizek ehun ezkutuko limosna eman zuten eta beste zenbait laguntza ere jaso ziren.
  • 1702-2-5. Udalbatzar nagusian, ikatza egiteko egurra ateratzeko herriko mendien salmentak nola egin ziren adierazi zuten agintariek.
  • 1702-2-4. Parrokiko Bataio kaperan Elgoibarko Bartolome Elorzak egin zezakeen burdinsare bat jartzea erabaki zuten.
  • 1702-1-17. Herriaren mendietako egurra saltzeko arautegi berri bat onartu zuen Udalak.
  • 1702-1-8. Ipardain baserria egokitzeko -erre egin zitzaion-, herriak egurra eman zion Juan Mendizabal jabeari.
  • 1702-1-1. Aurrez Joseph Olanok, herriari 1.600 erreal eskainiz, alondegia bere gain hartuta bazuen ere, Juan Ariznabarretak ondoren, gehiago emateko asmoa agertuz, eskaintza egin zuen, eta herriak ontzat hartu eta berehala enkantean jarri zuen. Azkenean, Ariznabarretak 1.867 erreal eskaini eta alondegiaren kargua hartu zuen.
  • 1701-9-17. Parrokiko korurako eskailerari buruz alkateak jasotako iritziak kontuan izanik, Miguel Esnaolari zilarrezko sei erreal gutxiago ordaintzea erabaki zuten, akats batzuk zituelako -Esnaolak egin zuen obra-.
  • 1701-9-7. Miguel Esnaolak korurako eskailerarako egindako barandari buruz hitz egin zuten, Martin Zaldua maisuak ikusi eta adierazi zuelako akats batzuk zituela, eta Esnaolari halaxe adierazi zioten. Alkateari gaiari buruz erabakia hartzeko ahalmena eman zioten azkenean.
  • 1701-9-3. Domingo Zelaiaran eta Frantzisko Uzkudun apaizek adierazi zuten, parrokiko apaizen izenean,, zetozen eguberrietarako ehun ezkutuko limosna ematea erabaki zutela, 'Bataio' kaperako obrak ordaintzeko laguntza moduan.
  • 1701-8-10. Miguel Esnaolak parrokiko koruko eskaileraren baranda amaitu eta jarri zuen, eta lana ikusteko Martin Zaldua maisua izendatu zuten.
  • 1701-5-30. Martin Zaldua maisuarekin eskritura sinatu zuten, parrokiko 'Bataio' kapera egiteko.
  • 1701-5-2. Frantzisko Inazio Sorarrain eta Frantzisko Joxe Bikuñari ahalmena eman zieten Martin Zaldua maisuarekin bataioko kaperari buruz hitz egiteko.
  • 1701-4-7. Loiola erretoreak eskaini zuen laguntza kaskarra aktan idatzirik uztea erabaki zuten, Martin Zaldua maisuari parrokiko bataio kaperan obrak egiteko baimenik ez zuelako eman.
  • 1701-3-29. Parrokiko korurako eskaileraren baranda amaituta zegoenez, kolorea emateko Bergarako margolari batekin harremanetan jartzea erabaki zuten.
  • 1701-3-29. Bataioko kapera apaindu nahian, bertan Martin Zaldua maisuari harrizko ganga bat egiteko eskatzea erabaki zuten.
  • 1701-3-7. Bere txanda betetzen korrejidorea herrian izanik, San Agustin komentuko sagrarioko giltza Ostegun Santu egunez hari eskaintzea erabaki zuten, kontuan izanik herria zela bertako patroia.
  • 1701-3-7. Jauna Beheratzearen Kofradiako buruak eginiko eskaerari erantzunez, Ostiral Santu egunean kaleratu ohi zuten talde armatuaren alferiza izendatzeko bandera emateko. Udalak erabaki zuen fidela izendatzea.
  • 1701-1-30. Parrokiko korurako eskailera pintatu eta beste zenbait lan egin zituelako, azken zatiaren ordainketa egin zioten Miguel Esnaola maisuari.
  • 1701-1-30. Espainiako erregeari ongi-etorria eta agurra egitera joan behar zuten herriko 49 soldaduren buru egiteko Uzkudun erregidorea izendatu zuten. Bakoitzari sei erreal ordaintzea erabaki zuten; haiekin tratua egitean lortu zen soldata txikiena.
  • 1700-12-17. Kontuan izanik Gipuzkoako Batzat Nagusietako bilera amaitzean herriko enparantzan ospatuko zuela probintziak Felipe V.a erregearen bandera altxatze ekintza, bertan zen teilatu zaharra kendu eta plaza txukuntzea erabaki zuten; guztia bukatzean berriro jarriko zuten lehengo tokian teilatua.
  • 1700-12-12. Herri Batzar nagusian adierazi zuten herrian zen Diputazioak gutun bat zabaldu zuela hil honen 3an herrietara, Gaztelako presidenteak azaroaren 24an idatzitako gutunaren kopia batekin. Presidenteak jakinarazi zuen erreginak eta gobernadore juntak erabakita, Felipe V.aren pendoi edo bandera altxatu zela gortean eta probintziari ahalik eta azkarren gauza bera egitea eskatu zioten, nahiz eta Carlos II.aren hiletak ospatu gabe izan. Agindua bete nahirik, abenduaren 19an eta goizeko hamarretatik aurrera Azpeitian egingo zuten batzar berezirako deialdia zabaldu zuen Gipuzkoako Diputazioak, eta banderaren altxaketa arratsaldean egin zuten.
  • 1700-12-4. Herritarrei jakinarazi zieten urdaia erosi nahi zutenek zortzi egunen buruan egin behar zutela, librako erreal bat ordainduz. Izan ere, epe hori amaitzean saltzaileek askatasuna izango zuten urdaia herritik kanpo saltzeko.
  • 1700-12-4. Soldaduen zerrendan zeuden guztiei dei egin zieten, abenduaren 8ko arratsaldeko ordu bietan Enparantza Nagusian bil zitezen armak hartuta. Horrela egiten ez zuenari, bostehun maraiko isuna ezarriko zietela jakinarazi zieten.
  • 1700-12-4. Azkoitiko herriari idaztea erabaki zuten, Azpeitian batzar berezia izango zela jakinarazteko eta korporazioan parte har zezala eskatuz.
  • 1700-11-25. Herrian sagardo txarra saltzen zelako kexa zegoen, batez ere Gabriel Aizpuruk eskaintzen zuenari buruz. Hala, Udalak haren bodega itxi eta salmenta debekatzea erabaki zuen.
  • 1700-11-21. Parrokiko eskailera ezerezean uztean egur handiak kendu zituztela-eta, oraindik balioa zutenak beste zerbaiterako erabiltzeko etxezainari saltzeko agintzea erabaki zuten.
  • 1700-11-17. Carlos II.a erregearen hileta elizkizunak Azpeitian ospatzea erabaki zuen probintziak.
  • 1700-11-11. Probintziak gortean zuen Tomas Ibarguren ordezkariak hilaren 2an eta 3an idatzitako gutunen berri emanez idatzi zuen Diputazioak, hilaren lehen egunez erregea hil eta haren ordezko bezala Anjongo Dukea izendatu ondoren. Bide batez, eskatu zuen lau egunen barruan herrian osatu zen soldadu taldearen zerrendaren berri emateko, zenbat munizio zuen herriak eta abar. Herriak erabaki zuen hirurehun laguneko taldea osatzea, egunean zilarrezko bi errealeko soldata izendatuz bakoitzarentzat. Kapitainak zilarrezko ezkutua jasoko zuen, alferizak zilarrezko sei erreal, sarjentuak hiru zilarrezko erreal eta kaboak zilarrezko ezkutu laurden bat.
  • 1700-11-7. Herriaren aldetik Hondarribira 22 soldadu bidali behar zituztela-eta, erdiaren zerrenda egiteko agintariak bildu ziren. Bileran herritar gazte talde handia aurkitu zuten. Zozketa egin beharrean, trebetasun handiena zeukatenak aukeratzea erabaki zuten, eta hala osatu zuten zerrenda, soldadu erdiaren hutsunea betetzeko Joseph Goenaga prest zela agertuz. Ikusirik guztien borondatea zerbitzua eskaintzeko Joseph Antonio Azkue fidela eta kapitainaren esanetara, eta berehala irteteko, bakoitzari urrezko lau ezkutu zituen dobloi bana ematea erabaki zuten eta zilarrezko beste sei erreal oinetakoak erosteko.
  • 1700-11-5. Probintziak bidaltzen dituen albisteak aztertu zituzten Herri Batzarrean eta, esaten zenez, Frantziako erregea jendetza handia biltzen ari zen probintziaren muga inguruan. Derrigorrezkoa ikusten zuten herritar armatuak irten beharko zirela behar zen tokira lehen deialdia jasotzean, eta aho batez erabaki zuten Manuel Altunari ahalmena ematea herriaren izenean lau mila zilarrezko dukat lortzeko, ondoren Hondarribira irten beharko zuten laurehun herritar soldaduen gastuei aurre egiteko.
  • 1700-10-31. Gipuzkoako azken batzar berezia egin zuten Olazko ermitan.
  • 1700-8-28. Alkateak jakinarazi zuen, parrokiko apaizen ordezkariekin bat eginda, markesari -parrokiko patroiari-, ordu artean bezala bertako apaiz herritarrak izendatzeko eskatu ziotela. Herriaren onerako izango zelakoan, baiezkoa eman zuen markesak.
  • 1700-8-23. Alcañicesko markesa Loiola etxearen lurraldeei buruz hitz egiteko asmotan herriratzekotan zela-eta, batzordea izendatu zuten hari esker ona agertzeko.
  • 1700-5-27. San Agustingo prioreak, komentuko obrak egiteko behar zuen egurra eskatu zuen, unean garraiatzaile batzuk zituenez. Udalak batzordea izendatzea erabaki zuen.
  • 1700-3-3. Parrokiko korura igotzeko eskailerako baranda herriko jai nagusietarako egiteko, Mikel eta Antonio Esnaolarekin egin zuten eskritura.
  • 1700-2-7. Lazaro Lainzerak egin zuen parrokiko eskailera ikusteko, Martin Zaldua maisua izendatu zuten.
  • 1699-12-2. Inazio Segurola prest agertu zen herriko elur hornikuntza egiteko. Laurehun erreal eskatu zituen Izarraizko izoztegiaren errenta gisa, eta bertan urte osorako elurra sartzearen truke ardo zahagi bat erer bai elur-jasotze garairako. Laurehun erreal haien ordainketa bi zatitan egitea eskatu zuen: erdia San Juan egunean eta beste erdia urte amaieran.
  • 1699-10-18. Jazinto Zabaliak egurra eskatu zuen, erretako Aizaga baserria berriro altxatzeko, eta baiezkoa eman zioten Udalaren aldetik.
  • 1699-10-16. Parrokiko korura argia sartzen utzi behar zuten leihoak egiteko agindu zioten Juan Zelaiaran maisuari.
  • 1699-10-16. Parrokiko korurako eskailera egin zuen Lazaro Lainzera maisuak, eta azken arkuan apaingarria jartzeko eskatzea erabaki zuten.
  • 1699-10-15. Aizaga baserria erre zen.
  • 1699-8-28. San Krispin eta San Xipriano kofradiako zapatariek herriari lurreratuta zen horma zaharra berriro altxatzeko baimena eskatu zuten, larruak lantzeko tokia bere lurretan baitzuten. Baiezkoa jaso zuten.
  • 1699-6-8. Gasteiz eta Bergaran aleak neurtzeko erabiltzen zituzten bezalako neurri berriak prestatuta zituzten. Neurri horiek alondegian jartzea erabaki zuten eta, hain zuzen, handik aurrera erabiltzen hasi ziren.
  • 1699-5-29. Behartsuei eta diru faltsua zabaltzen zutenei buruz probintziak bidalitako gutuna irakurri ondoren, alkateari eskerrak eman zizkioten kanpoko behartsuei, egun bakar batean izan ezik, herrian limosna eskatzeko baimenik ez emateagatik. Ospitalera ere albistea pasatu zen, behar-beharrezkoei bakarrik ostatua emateko adieraziz.
  • 1699-4-21. Urrestillako tabernako hornitzaileari 120 errealeko isuna ezarri zioten, bi egunetan ardorik gabe izan baitzen taberna.
  • 1699-1-2. Parrokiko korurako eskailera egiteko Lazaro Laincera maisuarekin eginiko hitzarmenaren berri eman zuten.
  • 1698-11-22. Herriak parrokiko korurako eskailera egiteko eskritura sinatu zuen Lazaro Laincera maisuarekin.
  • 1698-10-31. Herriaren eskaerarik erantzunez, Frantzisko Bikuña fidelak eta Andres Leturiondo erregidoreak korura igotzeko bi eskaileren itxurak aurkeztu zituzten: bata Juan Apaeztegi arkitektuak eginikoa eta bestea Martin Zaldua maisuak, bat aukeratzeko helburuz. Egokiena aukeratu asmoz, horretarako osatutako batzordeari pasatzea erabaki zuten.
  • 1698-10-28. Parrokiko eskailera egiten ari zen Agustin Legarda maisua eta lanetik kentzea erabaki zuten.
  • 1698-10-19. Herri Batzar nagusian, ikusirik nolako gastuak egin zituzten alkateek San Miguel egunean aukeratuak izatean -eta ondorengoetan ere bai, bazkaria edo afaria emanez herritarrei, edota beraiek ere alkateei opariak eskaintzean-, gertatzen zena moztu nahirik erabaki zuten horrelako gasturik ez zutela egin behar ondorengo alkateek, ehun dukateko isunaren azpian. Herritarrek ere ezin zuten oparirik egin, 25 dukateko isunaren mehatxupean.
  • 1698-10-19. Debekatua bazen ere, artean euren etxeetan lastoa sartzen zuten zenbait herritarrek, eta debekua gogoraraztea erabaki zuten.
  • 1698-10-19. Agustin Legarda maisuarekin parrokiko korurako eskailera egiteko hitzarmena egin zuten.
  • 1698-10-10. Orduan saltzen ari ziren sagardo upela amaitzean prezioa altxatzea erabaki zuten, eta inork ez zezala sagardorik herritik kanpora atera, bi mila maraiko isunaren mehatxupean lehenengo aldia bazen, eta lau mila maraikoa bigarrena bazen.
  • 1698-10-5. Herriak 58 baratza zituen, herritarrei errenta baten truke eskainitakoak. Haietako hemezortzi Eskuztan, hamar Madalena inguruan, bost Iturrialdapan, bi Urbin, eta bana Txaribar, Iturburu eta Abitain inguruetan.
  • 1698-7-18. Miguel Esnaolak parrokiko eskailerarako ziren leihoetarako landu zituen burdinak ordaintzeko eskatuz txostena aurkeztu zuen, eta Udalak horrela egitea erabaki zuen.
  • 1698-7-18. San Inazio bigarren egunez prozesioari lagunduz Loiolara joango zen mosketari konpainia zuzentzeko Frantzisko Arruti eta Lorentzo Eleizalde erregidoreak sarjentu izendatu zituzten.
  • 1698-7-18. Santiago egunerako goizeko bederatzietan udalbatzar nagusia ospatzeko deialdia egitea erabaki zuten, parrokiko korurako egin nahi zen eskailerari buruz erabakia hartzeko.
  • 1698-4-1. Izarraitzen izandako sute baten ondoren, Geronimo Alberdi, erruduntzat harturik, hamasei egunean herriko kartzelan egon zen, eta ustekabeko gertakizun bat izan zelako askatzeko eskatzen zuen erreguaren berri eman zuten.
  • 1698-3-31. Baimenik gabe sagardo upel bat salgai jarri zuelako hiru ezkutuko isuna jarri zioten Arizuriagako Domingo Arregiri.
  • 1698-2-16. Urte horretan behintzat, San Agustin komentuan garizuma igandeetan antolatu ohi ziren sermoiak bertan behera uztea erabaki zuten herritar bereziekin eginiko udalbatzarrean. Baina eredutzat hartu gabe ondorengo urteetarako.
  • 1698-1-31. Juan Zuazolak postari zerbitzua hartu nahian eskaintza egin zuen. Gasteiztik kartak ekarri eta eramango zituen, asteazkenetan herritik irten eta larunbatean itzuliz, eta urtean 190 erreal ordainduz. Herriak onartu egin zuen.
  • 1698-1-24. Antonio Sarria eskribauari agindu zioten udaletxean izan zen urtebeteko erabaki guztiak liburuan idazteko, eta bitartean etxetik irten gabe egongo zela gainera, kartzelan igaro nahi ez bazuen behintzat denboraldi luzea.
  • 1698-1-24. Konturatuta herriz kanpoko errotetara eramateko zatika gariak ateratzen zirela, gertatzen zena zaintzen ahalegintzea erabaki zuten.
  • 1698-1-3. Sagardo saltzaile asko zirela-eta, txandak izendatzeko zozketa egitea erabaki zuten, lehentasun osoa emanez herriko sagarrarekin eginikoari eta haren jabeei. Bigarren mailan herrian erositako sagarrrarekin eginiko sagardoa izan zen eta azkenik, berriz, kanpoan erositakoarekin egindako sagardoa. Zozketa egiterako orduan, barrika batzuk dena beteta eta besteak erdizka zeudela ere kontuan izaten zen, azken horiei saltzeko baimena emanez, dena beteta zen bakar bat salgai jartzen zenarekin batera.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.

Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan