1698-1-3. Inazio Beltran Oiarzabalen alargun Jazinta Oriak eginiko eskaerari erantzunez, 36 erreal hari ematea erabaki zuten, herriko parrokiari buruzko dokumentu zaharrak aurkitzen egin zuen lan handia kontuan izan ondoren.
1697-11-15. Urriaren 14an herriak eginiko eskriturak zioenez jakin zuten Martin Urkizu eta haren lagunak gelditu zirela herriko lau tabernetara, Urrestillakora eta Loiolakora ardo hornikuntza egiteko; gainera, herriari berrehun erreal eskainiz eta San Inazio jaietarako Nafarroa edo Gaztelako zezen bat. Geroago, Kristobal eta Joanes Lizarragak 320 erreal eta zezena eskaini zituzten eta, herriak unean zeukan egoera kontuan izanik, azken horiekin egin zuen eskritura berria, abokatuen iritzia jaso ondoren. Urkizuk, ordea, korrejidorearen aurrean gertatzen zenaren berri eman zuen, eta berak herriari lehen eskritura betetzea agindu zion. Pausoak eman aurrez, abokatu baten iritzia jasotzea erabaki zuten.
1697-11-10. Herri Batzar nagusian agintarien aukeraketarako ordenantza berriak egiteari buruz hitz egin zuten, eta alkateak proposatu zuen une horretan jarraitu beharko zela ordena. Sekulako eztabaida sortu zen herritarren artean, bakoitzak bere iritzia agertu zuelako.
1697-11-8. Frantzisko Aizarnazabalek eta Antonio Iruretak, gainontzeko apaizen izenean, bataio pontea zen tokiak benetan itxura txarra zuela esan zuten eta leku bat egokiagoa merezi zuela. Agintariak jabeturik ziren aurrez. Eskerrak ematea erabaki zuten orduan.
1697-11-3. San Agustin monastegiko alderdi batzuk nahiko gaizki eginak zeudela esan zuen maisu harginak.
1697-10-25. Joan Apaeztegik idatzi baten bidez adierazi zuen bere anaia Mateo Apaeztegik -Peruko Casamarca probintziko kapitain jenerala eta epaile nagusia zen-, ordena militar baten ekandua merezi izan zuela eta, azpeitiarra izanik, haren esanetara jartzen zela laguntza eskaintzeko. Zoriontzea eta eskerrak ematea erabaki zuten.
1697-10-13. Herri Batzar nagusian onartu zuten agintarien aldetik osatutako zerrenda. Prezio berriak jarri zizkioten burdinoletarako materialari.
1697-10-13. San Agustin monastegiko prioreak egurra eskatu zuen, han egiten ari zen obrekin jarraitzeko, eta herriak baimena eman zion. Garraioa egiteko, berriz, batzarrean zeudenen artean osatu zuten zerrenda.
1697-10-11. Herriko teilariak egiten zituen teila eta adreilua kalitate txarrekoak zirela ikusirik, hobeak egiteko edo bestela merkeago saldu beharko zituela esatea erabaki zuten.
1697-8-9. Parrokiko aldare nagusian Andre Mari Sortzez Garbiaren irudia jarri zuten, baina horrelako tokietan jarri ohi ziren gortinarik gabe. Gortinarentzat, Sevillako (Espainia) urrezko tela ederrenetakoa parrokiko dirutik erosi al zitekeen jakitea erabaki zuten. Hori nitxoan jarriko zen baina, horretaz gain, kanporako beste gortina bat erosiko zuten. Tomas Korta kapitainari horrela egiteko albistea pasatu zioten.
1697-5-26. San Martin ospitalean obrak egin behar zirenez, bertan zeuden herriaren armak jasotzeko udaletxean gela bat egokitzea erabaki zuten.
1697-4-28. Txokolatea egiten zutenei deitu eta esan zieten inork ezin zuela saldu libra bakoitza zortzi erreal baino gehiago kobratuz, bestela aldi bakoitzean 50 errealeko isuna edukiko zutelako.
1697-4-28. Txerriei buruz herriak zeukan ordenantza gogoan izanik -aurreko urteko urriaren 2an zabaldu zuen berak. elizaren bidez-, herri barruan txerriak edukitzeko debekua zegoen, baimenik gabe behintzat. Izan ere, esaten zen kontuan izan behar zela txerriak etxean hazteak nolako kalteak sortzen zituen. Baina azkenaldian kexak zeuden herritarren aldetik eta zerrenda bat egitea erabaki zuten, txerriak hazteko toki egokiak nortzuk zituzten jakiteko.
1697-4-24. Sevillan (Espainia) zegoen Joseph Jauregi azkoitiarraren gutuna jaso zuten. Bertan, Miravallesko Konteak Mexikon 1696ko uztailaren 8an egindako aginduaren kopia eta Manilako errukietxeko juntako kide Agustin Crespo eskribauaren testigantzarekin, Juan Arana azpeitiar kapitainak utzitako testamendua ezagutu ondoren, herriko San Martin ospitalerako ehun peso eskuratu zituela azaldu zuen. Jauregiri idaztea erabaki zuten, dirua ahalik eta azkarren bidean jartzeko eskatuz.
1697-3-22. Kanpoko sagarrarekin eginiko sagardoa saltzeko zutenen artean txandak izendatzeko zozketa egitea erabaki zuten, gogoan izanik herriko sagarrarekin eginikoa nahi zutenean jar zezaketela salgai haren jabeek.
1697-3-21. Bersaltsaileei agindu zieten zituzten genero guztien berri fidelari adierazteko, inolako preziorik eman gabe saltzen zituztela azukrea, mahaspasak, pikuak eta gainontzeko generoak; zigortuak izango ziren, bestela. Gauza bera gertatu zen txokolatearekin, eta genero berria izanik, alkateari abokatu batekin kontsulta egitea eskatu zitzaion, nola jokatu behar zen jakiteko.
1696-12-26. Herriaren kontsultari buruz Juan Larreta lizentziatuak emandako iritzia aurkeztu zuten, eta erabaki zuten agintzea. Herritar guztiak derrigortuta zeuden euren aleak Enparan eta Soreasu errotetara ehotzeko eramatera, errotariek guztia prest izaten zutelako egun bat igarotzerako. Horrela, euren lana beteko ez balute, aukera lukete herritarrek beste errota batera aleak eramateko.
1696-12-23. Gogoan izanik elur hornikuntza egiteko inor gabe zegoela herria -nahiz eta almodenan jarri eta ikusirik derrigorrezkoa egiten zela norbait izendatzea-, gestio batzuk egin zituzten eta Inazio Segurola erregidoreari 500 erreal ematea onartu zuten, honek ahalegin guztiak egin zitzan urte osorako elurra bilduz Izarraizko izoztegian.
1696-12-23. Kontuan izanik Enparan eta Soreasu errotak alde batera utzi eta beste errota batzuetara eramaten zituztela aleak ehotzeko -nahiz eta agindurik izan beraietan bakarrik egin zitekeela-, abokatuekin kontsulta egitea erabaki zuten, neurriak hartzeko asmoz.
1696-12-14. Kalbario gurutzeak konpontzea ezinbestekotzat jota, fidelari agindu zioten ahalik eta azkarren haiek eginarazteko.
1696-11-11. Herri Batzar nagusian erabaki zuten ahalmena ematea fidelari, lantzen ez ziren herriaren lurraldeak saltzeko baimena eskura zezan zorrak ordaintzeko hainbat diru lortu bitartean.
1696-11-9. Fidelak Ostegun Santu egunez San Agustin komentuko sagrarioko giltza jasotzean, herria zenez bertako patroia, ezinezkoa egin zitzaien euren ordez hori egiteko beste norbait gonbidatzea. Agindua betetzen ez zuenarentzat ehun dukateko isuna jarri zuten.
1696-7-24. Urrestillako parrokiko etxezainari baimena eman zioten koruko gangari heltzeko egurra ebakitzeko, baita andamioak egiteko ere, arriskuan zegoen-eta.
1696-6-29. Herritar bereziengandik zentsuan 400 zilarrezko dukat hartzea erabaki zuten Austriako Marianaren hiletarako, eta probintziak ordaintzean itzuliko zitzaiela jakinarazi zieten.
1696-6-27. Diputazioa herrian zen eta, Austriako Mariana ama erreginaren hiletak egin behar zirenez uztailaren 16an parrokian, gastuak herriak ordainduko zituen. San Pedro egunez, arratsaldean, gaiari buruz udalbatzar nagusia egitea erabaki zuten.
1696-5-18. Martin Zaldua eta Inazio Basazabalek erretaula nagusia ikusi zuten berriro, aldaketa batzuk egiteko asmoz.
1696-3-13. Kaleko harriztatze guztia egokitu nahian, eskritura bat egitea onartu zuten.
1696-2-3. San Martin ospitalean berriztatze lanak egitea erabaki zuten.
1696-1-18. Jeronimo Sarasua maisuari parrokiaren atzean zegoen iturrian konponketa lanak egiteko eta, bide batez, uhaska garbi zezan agindu zioten.
1696-1-18. Herriko dorrean konponketa lanak egitea erabaki zuten, batez ere bertan zen ordulariari estalpea jarri eta teilatua txukunduz. Barnean zituen ohol zaharrak aldatzea ere eskatu zioten Juan Larraar erregidoreari, behar zen egurra inguratuz horretarako.
1696-1-17. Parroki atzeko iturria konpontzeko tratua egin zuten Jeronimo Sarasua maisuarekin.
1696-1-9. Parrokiko erretaula nagusiko irudien baldak zerbait aldatzeko, konponketa egin zuen herriak Juan Eizmendirekin.
1695-9-27. Herriak Espainiako erregearen probisio bat lortu zuela jakinarazi zuten, eta bertan agintzen zela botoa eta hitza zuten herritar guztiek udalbatzarretara agertu behar zutela -bestela, hogei dukateko isuna ordaindu beharko zuten-. Orduko eta ondorengo agintariei agindua behar bezala betearazteko eskatzea erabaki zuten.
1695-9-26. Eskribauari agindu zioten herriak eginiko etxeen zerrenda erabakien liburuan idaztea eta Sute Elkartea sortzea elkarri laguntza eskaintzeko, urte hartako otsailaren 27an hartutako erabakiari jarraituz.
1695-9-22. Agustin Inazio Agirre Elizalde jaio zen. Salamancako Unibertsitateko (Espainia) errektoretza eskuratu zuen 1700. urtean. Narrosko markesak izan ziren haren ondorengoak, hasieran Granadako Dukearen arrebarekin ezkondu zelako. Alargun gelditzean apaiz egin zen. 1721ean hileta otoitz bat idatzi zuen, eta 1724an Azkoitiko Santa Brigidako Maria Josefa Larramendiren biografia.
1695-9-18. Parrokiko erretaula nagusian jarri behar zituzten irudiak egiteari buruz Juan Larrar apaizak jakinarazi zuen prestaturik zirela Valladoliden (Espainia), eta ordaindurik, gainera, azken bi irudiak egoki urreztaturik. Egileak zorretan gelditzen zena ordaintzea eskatu zuen, eta 500 bat erreal beharko zirela irudiak herriratzeko. Behar zena ordaintzea erabaki zuten.
1695-9-16. Herriko basoak zaintzen jarduten zuten Joseph Janquek eta Lukas Arsuagak eta txostena aurkeztu zuten, herriko baso eta mendietan aurkitu zituzten ganaduen berri emanez. Fidelari eskatu zioten ganaduen jabeen aurka auzia jartzeko, eta alkateak ondoren zigorra ezar zezala, eginiko kalteak ordaintzen ez baziren.
1695-7-3. Parrokiko korurako eskailerentzako Miguel Urruzuno maisu zurginak egindako zirriborroa ikusi ondoren, erretoreari beste maisuren bat ezagutzen ote zuen galdetzea erabaki zuten, harekin harremanetan jartzeko.
1695-6-18. Parrokiko korurako eskailerari ganga bat egitea erabaki zuten.
1695-6-13. San Inazio bigarrenez prozesioan Loiolara joaten zen mosketari konpainia osatzeko aldaketak egin zituzten. Herriko fidela izendatu zen sargentu nagusitzat, eta sargentu gisa Felipe Uzkudun eta Martin Olaizola erregidoreak.
1695-4-29. Parrokiko etxezainari herriko basoetan egurra ebakitzeko baimena eman zioten, koruko eskaileren ganga egiteko.
1695-4-24. Herriko agintarien aukeraketa egiteko ordenantza erregeak ontzat hartu zuela adierazi zuten.
1695-4-24. Aurreko urteetan San Inazio jaietarako eginiko alferrikako gastuei buruz hitz egin zuten, eta herritarrei eta biztanleei dirua eskatu zieten Nafarroatik edo Gaztelatik (Espainia) zezenak ekartzeko. Askotan, gainera, ez zuten lortu nahi zen helbururik, eta unean herria eta herritarrak beharrei erantzun ezinean aurkitu ziren, janariak garestitu egin zirelako. Herriak herritarrei, jaiak antolatzeko, diru laguntza eskatzea debekatzea erabaki zuen.
1695-4-24. Herriko agintariak aukeratzeko ordenantza berria onartu zuten.
1695-3-2. Bustinzuriko gurutzeari pilareak egin eta teilatua konpontzea erabaki zuten.
1695-3-2. Udaletxeari eta alondegiari teilatua berritzea onartu zuten.
1695-2-27. Herrian urarekin nahastuta egiten zen sagardoa txarra zegoela-eta, saltzaileek prezio altua jartzea nahi zuten eta, nahiko iskanbila zela ikusita, herriak sagardoak dastatu eta behar hainbateko prezioa izendatzea erabaki zuen.
1695-2-27. Suteetarako Anaitasun Elkarteko etxe eta baserrien berri eman zuten, bakoitzak zuen maila eta ordaindu beharrekoa adieraziz.
1694-12-5. Inazio Ibero Erkizia jaio zen, Barrenola errota-etxean.
1694-11-24. Hilaren 19an parrokiko erretaula nagusian zegoen Andre Mariaren irudia txukuntzea eta egokitzea erabaki zuten. Baita Valladoliden (Espainia) egin eta herriratuak ziren San Pedro eta San Pabloren irudiak euren tokian jartzea ere. Orduan, berriz, bat eta bestea aurrera eramatea erabaki zuten; Inazio Beltran Oiarzabali -bileran zegoen- irudiak erretaulan jartzeko agindu zioten, eta harremanetan jartzeko Martin Olaizola erregidorearekin.
1694-11-19. San Pedro eta San Pabloren irudiak erretaula nagusian jartzeko iritsi ziren parrokira eta, Valladolideko (Espainia) irudigileak Andre Mariaren irudia egiten zuen bitartean, agintariek aldare nagusian zegoen beste irudi bat ikusi zuten, nahiko alferrik galdua eta txukundu beharrean. Egokitzea erabaki zuten, eta alkateari eskatu zioten ahalegin guztiak egin zitzala guztia prest egon zedin Sortzez Garbi egunerako. Aipaturiko irudi berriak, berriz, erretaulan jartzea erabaki zuten, Inazio Beltran Oiarzabalen esanetara.
1694-11-12. Herritar dendariek kanpotik herriratzen ziren generoak ahal bezain azkar erosten ahalegintzen ziren, euren denda eta etxeetara eramateko berehala -batez ere, frutak, gatza, gazta, intxaurrak eta antzekoak-, herriak zituen ordenantzak alde batera utzita, gutxienez bi ordutan herriko enparantzan salgai egon behar baitzuten. Beraz, Udalak dendariei horrela ez eginez gero bostehun maraiko isuna ezarriko zietela jakinaraztea erabaki zuen.
1694-11-12. Azkenaldian eta egun izendatuetan ibaian sekulako arrantzak egin zirela jakinarazi zuten, batzuetan urak geldituz eta tresna debekatuak erabiliz. Guztien kalterako jokaera zen. Horrela jokatu zutenak nortzuk izan ziren eskatu zioten alkateari, ondoren gogor zigortzeko.
1694-10-17. Herri Batzar nagusian, eta suteei buruz neurriak hartu nahirik, agintariei nahi zituzten pertsonak izendatzeko ahalmena eman zieten, elkartea sortzeko gestioak egin zitzaten, eta herritar bakoitzak zenbat ordaindu behar zuen adieratzeko.
1694-10-1. Lurraldean eskean zeuden ezezagun eta herritarrak ez ziren guztiak bertatik kanporatzea erabaki zuten, batia aurkitu zitezkeen "alferrak" ere, eta horrela adierazi zuten parrokietan.
1694-9-21. Eztabaidak sortu zirela-eta, Tomas Leiarizti maisuak San Agustin komentuko obrak uztea erabaki zuen.
1694-7-17. Diputazioak agindu zuen herri guztietan alarde nagusiak egitea abuztuaren 10ean, eta herrian taldeak osatu zituzten. Tiro ariketak ere egin zituzten herritarrek, hogei dukateko isunaren azpian. Igande eta jaiegunetan ere arma ariketak egitea agindu zuen Diputazioak, herritarrek taldeka banatuz. Udalak alarderako deialdia egitea erabaki zuen, 18 urtetik 60ra bitartekoentzat. Parrokien bitartez alarderako deialdiari uko egiteak 500 maraiko isuna izango zuen ordaintzat, nahiz eta herritarra izan edo biztanlea.
1694-5-2. Kanpotar behartsu guztiak herritik bidaltzeko egindua eman zuen probintziak bere garaian. Herriak agindu hori bete zuen, baina garbi ikusten zen batzuk behintzat itzuli egin zirela. Herrian zeuden behartsu guztiei, herritarrei salbu, ahalik eta azkarren bertatik irteteko agindua elizak emango zuela erabaki zuten.
1694-4-2. Idatzi baten bidez, Alfontso Gutierrez urreztatzaileak bere langintzaren bereizgarriak agertu zituen parrokiko erretaula nagusian.
1694-2-11. Parrokiko erretaula nagusia egitearen zati bat ordaintzea agindu zuten.
1694-1-17. Insula etxea eta Harzubiko zubia bitartean, Soreasuko errotaren ubidean zetorren uraren indarra aprobetxatuz, papera egiteko eraiki nahi zuen fabrikarako errota egiteko baimena eskatu zuen Martin Olaizolak. Erabakia hartu aurretik, herriarentzat kalterik sor ahal zezakeen ikustea izan zen agintarien gogoa.
1694-1-12. Konponketa lanak egiteko Elormendi Pedro donearen ermita ikustea erabaki zuten.
1693-9-15. Manuel Gonzalez Vezezo de Mercadok Agustin Inazio Agirreri idatzitako gutun baten berri eman zuten. Azken saninazioetarako Salamancatik (Espainia) ekarritako zezenei buruzkoa zen eskutitza, eta Agirreri adierazi zioten erantzun ziezaiola Vezezo de Mercadori, zezenak oso motelak irten zirelako, indar txikikoak, eta hori horrela zela jakin zitekeela lekuko izandako kanpotar gizonezkoei galdetuz (400 baino gehiago), zezenketa amaitzean nahiko triste itzuli zirelako etxeetara. Horregatik, herria derrigortua zegoen gutxiago ordaintzera.
1693-8-24. Herri Batzar nagusian, ganadu izurriteak harturik zuen indarra kontuan izanik, hilik ziren guztiak lur azpian ehortzi eta erretzeko sua egitea erabaki zuten. Horretarako, Izarraitz, Odria, Elosiaga eta beste zenbait tokitarako arduradunak izendatu zituzten, emandako agindua betearazteko.
1693-8-6. Joseph Agirre fielak saninazioetako zezenketa arratsaldean agintarientzat eta herriko dorrean bildutako emakumeentzat askari egokia eman zuelako eta gastuak kobratzerik nahi ez zuenez, Udalak eskerrak ematea erabaki zuen.
1693-8-6. Azken herri festetan zezen ahulak atera ziren, eta sei zezen eta bi joaldun bakoitzeko prezioa ehun erreal jaistea erabaki zuten -800 erreal guztira-, probintziko noblezia ez ezik, Bizkaia eta Arabakoa ere lekuko izan baitzen. Gainera, Agustin Agirrerekin tratua egitean, Salamancako (Espainia) Manuel Gonzalez Reierok zezen egokiak bidaliko zituela esan zuen.
1693-7-27. Zezenketa ondorengo freskagarrirako, batik bat Azkoitiko alkatea etortzen bazen, amuarrainak, aingirak, bizkotxo, lau pitxar limonada eta edari hotza prestatzea erabaki zuten. Herriko dorrera zezenketak ikusteko emakumeak gonbidatzea ere ohikoa zen, eta horientzat ere limonada, bizkotxoak eta azukre arrosa prestatzea erabaki zuten. Eguraldiak laguntzen bazuen, berriz, trufak eta txokolatea ere prestatzea erabaki zuten.
1693-7-20. Diputazioaren gutun baten berri eman zuten. Bertan, frantziarrak Hondarribia eta probintziko beste zenbait tokitan sartzeko prestaketa lanean zirela esaten zen. Udalak erabaki zuen kalean ziren herritar bereziei deitzea, neurriak hartzeko. Abuztuaren 9an arma erakusketa eta alardea egitea onartu zuten, eta herritar eta biztanleak arratsaldeko hiruretan enparantzan bilduko ziren.
1693-6-5. Kontuan izanda herrira kanpotar behartsu asko etortzen zela eta herrian dagoeneko nahikoa behartsu zegoela -asko herrikoak bertakoak-, egoera hori nolabait moztu nahi zuten. Beraz, era guztietako kanpotarrak herritik bidaltzea erabaki zuten. Lan horretaz hiru udaltzainek arduratu behar zuten, eta ahalik eta azkarren, gainera.
1693-3-18. Probintziaren aginduari erantzunez, hilaren 25ean arma erakusketa egitea erabaki zuten. Arratsaldeko ordubietan herriko enparantzan, armak zituztela, herritar eta biztanle guztiak azaldu ziren. Pikak, ezpatak, alkabuzak, 18 urte beterik zituztenetik 60 urte egin gabekoek bitartean. Agindua bete gabe geldituz gero, herritar bakoitzari 1.000 maraiko isuna ezarriko ziotela adierazi zuten eta 500 marai biztanleari.
1693-2-27. Suteetarako Anaitasun Elkartea osatzen zuten baserrien zerrenda eta arautegia onartu zituzten.
1693-2-1. Herritar gutxi agertu zirelako bertan behera utzi zuten udalbatzarra, berriro iluntzerako deituz eta 500 maraiko isuna izendatuz joaten ez zenarentzat.
1693-1-30. Loiolako obraren maisutzarako Martin Zaldua kontratatu zuten.
1693-1-16. Ospitaleko etxezainak derrigorrez arropa erosi beharra zutela adierazi zuen, baina horretarako dirurik ez zutela eta, batez ere, maindireak inguratzeko herritarrei eskaera egin zitekeela. Ospitaleko etxezainak horretarako baimena eskatu zuen. Agintariek, haietako baten eta ospitale kaperauaren laguntzarekin, udaltzain bat ere eurekin zutela, irten zitezela erabaki zuten.
1693-1-16. Domingo Larrondok urtean zehar haragi hornikuntza egiteko eskaintza egin zuen. Gaztela eta Nafarroako ahari libra 28 marairen saltzen zuela, behia 18 marairen harakei izanik San Juan eguna bitartean eta gabonetatik garizumara bitartean, eta gainontzean bestelako behia. Zioa, berriz, zortzi laurdenetan eta kandela gaia hamarrean. Bestalde, herriari zilarrezko 40 ezkutu emango zizkion Inazio deunaren festarako Gaztela edo Nafarroako zezen bat erosteko. Eta, gainera, soka bat inguratuko zuen urte guztian zehar kaleratuko ziren idiak kaleratzeko. Ontzat hartu zuen herriak eskaintza eta eskritura egitea erabaki zuen.
1693-1-16. Herriak urte honetan, ardoaren zerga kobratzeko, Jazinto Arsuagarekin zeukan eginda eskritura, baina ohiko bermeak eskainiko zituela agindu bazuen ere bere garaian, ez zuen horrelakorik eginik eta alkateak kartzeleratuta zuen. Arsuaga ezkongabea zenez eta orduan, behintzat, agindutako fidantza emateko ez zuenez ondasunik, berriro enkantean jartzea erabaki zen eta errematea gehien eskaintzen zuenarekin egingo zuten.
1692-11-28. Vera Cruz kofradiak, txosten baten bidez, Udalari esan zion maiatzean eginiko bileran Ostiral Santu arratsaldez herriko kaleetan prozesioa egitea erabaki zuela, eta horretarako ari zela prestatzen Jesukristoren gorpua eta Gurutzeko jaitsiera irudiak, hileta eta bakardadeko Andre Mariarenak bezala. Hala, bere asmoa onartzeko eskatu zion Udalari eta parrokiko apaizei gonbitea pasatzeko, parte har zezaten. Prozesioan militar talde bat izan nahi zutenez, Udalaren aldetik norbait izendatzeko eskatu zuten, 24 edo 30 bat gizonezko prestatzeko pika edo alkabuzekin. Gaiari buruz erabakia Herri Batzar nagusian hartzea onartu zuten.
1692-11-25. Ardoaren hornikuntza egiten zutenei ehun errealeko isuna ezartzea erabaki zuten, herriko tabernetan hutsune asko izan zirelako.
1692-11-8. Herriak parrokiko aldareari buruz Pedro Arostegiren iritzia jasotzea erabaki zuen, bera egiten ari zen Joan Apaeztegi maisuaren eskaerari erantzunez.
1692-10-17. Kontuan izanik herrikoa izan gabe bertako ospitalean zuela ostatua Andres Ibarrak, bere sendiarekin batera, eta gogoan izanik herritarrek bakarrik zutela bertan tokia, berehala kanporatzea erabaki zuten.
1692-10-3. Juan Apaeztegi maisu arkitektuak parrokiko erretaula ordaintzeko eskatu zuen, eta herriak erabaki zuen Tomas Korta eta Frantzisko Mendizabal kapitainei eginiko lanari buruzko iritzia eskatzea.
1692-9-15. Alkateari eta Agustin Eizagirre erregidoreari eman zieten Igarate etxetik Zumarragako mugara bitarteko bidean konponketa egiteko ahalmena, benetan gaizki zegoelako.
1692-8-30. Herriak lur zatiak barazkiak jasotzeko bakarrik eskaintzen zituela kontuan izanda eta, ikusita aginduaren aurka aleak egiten zirela, erabaki zuten adieraztea lurrak emandako lanerako bakarrik erabili beharko zirela, eta horrela egiten ez zuenari kendu egingo ziotela.
1692-8-23. Martin Eleizalde kapitainak adierazi zuen herrian zen korrejidorearen emazteak haur bat izan zuela eta haren nahia zela herriak aukeratutako bat aitabitxi zuela bataiatzea umea. Frantzisko Joseph Bikuña alkatea aukeratu zuten horretarako, eta korrejidoreari eskerrak ematea erabaki zuten.
1692-6-27. Parrokiko erretaula nagusia ikusi zuten. Felipe de Castillo maisua izan zen herriaren ordezkoa, Juan Bautista Balcoin Martin Olaizolarena eta Juan Bautista Sagues, berriz, Juan Apaeztegiarena.
1692-6-6. Frantziar etsaia mugatik hurbil zegoela jakinda, bolbora eta metxa erostea erabaki zuten. Herriko dendari bakoitzak arroba erdi bat bolbora erosi behar zuen eta zortzi egunen barruan salgai jarri. Horrela egiten ez zuenari, bi mila maraiko isuna ezartzea onartu zuten.
1692-5-30. Parrokiko erretaula nagusia ikusi ondoren maisuak aurkeztu zuen txostenaren arabera, eskribauari eskatu zioten erretaula egiten aritu zirenek ordura arte kobratu zutenaren berri emateko.
1692-5-27. Guztia behar bezala zegoen edo ez ikusteko, azken azterketa egin zioten parrokiko erretaula nagusiari.
1692-5-6. Parrokiko erretaula nagusia aztertzeko, Felipe de Castillo arkitektua izendatu zuen herriak.
1692-5-5. Juan Apaeztegi eta Martin Olaizola maisuek parrokiko errataula nagusia amaiturik zutenez, albistea pasatzea erabaki zuten, haiek izendatutako maisuek eta herriak izendatutakoek bat eginik lanaren azterketa egin zezaten.
1692-4-13. Aleak eta gainontzeko janariak herritik kanporatzea debekatu zuten, isuna eta zigorra ezarriz.
1692-4-12. Juan Antonio de la Peña eskultoreak parrokiko erretaula nagusirako egin behar zituen irudien xehetasunak aurkeztu zituen, eta horien berri eman zuten.
1692-3-20. Alkateak adierazi zuen Munategi inguruan aurkitutako utzitako haurra norena izan zitekeen aztarnarik ez zuela topatu, gestioak egin bazituen ere, eta Joxepa Izagirreri eman zioten hazi zezan, parrokian bataiatu ondoren. Emakumeari hilean zilarrezko 12 erreal ematea erabaki zuten.
1692-3-20. Juan Apaeztegi eta Martin Olaizola maisuek egindako parrokiko erretaula nagusia aztertzea erabaki zuen herriak.
1692-2-29. San Agustin komentuko priorearen idatzia irakurri zuten: ondasun txikiak zituelako ezinezkoa zuela Antonio Urkieta predikari fraideak jarraitzea, Ponferradako (Galizia) komentu eta ikastetxera joateko agindua hartu zuelako. Haren tokian, eta urte hartan behintzat, herriari predikari lanetarako Aita Alegria eta Pedro Kortazar eskaini zizkion, herriaren nahiak ongi beteko zituzten ustean; Garizumako asteazkenetan predikatuz, Aste Santuan eta Bazko egunean bezala. Eta jakinean zenez Garizumako igandeetan parrokian euskarazko sermoia besterik ez zela eskaintzen, eskertuko lukeela aipaturikoaz gain besterik ez izendatzea urte horretan behintzat. Udalak eginiko eskaria onartu egin zuen.
1692-2-25. Parrokiko erretaula nagusirako lau irudi lantzeko eskaera Juan Antonio Peña eskultoreari egitea erabaki zuten.
1692-2-8. Enparan errotari zati bat erantsi edo zabaldu nahian, Udalak Enparan etxeko nagusiarekin lurralde trukaketa egitea erabaki zuen, aurrez Frantzisko Mendizabalek eta Agustin Eizagirrek beharrezkoa zen tokia ezagutu eta neurtuta.
1692-1-15. Elizaren bidez deialdiak egin arren, herriko artxibategian falta ziren paper bakar baten berri ematera ere inor ez zela agertu ikusita, agintariek nuntzioari eskomikua edo 'Paulina' deiturikoa eskatzea erabaki zuten.
1692-1-1. Postari zerbitzua utzi zuen Manuel Etxeberriak. Haren ordez, herriko agintariek, bien artean tratua eginda zutelako, Mikel Arangoiti izendatu zuten, lau urterako.
1691-9-8. Diputazioak agindu bezala, arma erakusketa egitea erabaki zuten hilaren 9an eta 16an, eta alardea 23an, kapitain bezala alkatea izendatuz eta alferiz herriko fidela.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago