1676-12-11. Tomas Eizagirre apaiza agertu zen batzarrean, erregeak emandako 11 pribilegio agintarien esku uzteko. Pribilegio horietatik batzuk parrokiko patronatuari buruzkoak ziren, besteak San Agustin monasterioa sortzean emandakoak, eta besteak parrokiarekin zerikusia zutenak ziren.
1676-11-15. Joxe Inazio Oñaz eta Loiolaren ama Ana Larralde parrokiaren patronatua eskuratu nahirik zela ulertu zuten Frantzisko Larretxek idatzitako gutunean, eta Agustin Eizagirre erregidoreari herriaren izenean haren aurka egitea agindu zioten.
1676-11-15. Elur hornikuntza egiten zuen Bernardino Azpillagak eta honi bi mila maraiko isuna ezartzea erabaki zuten, sarritan hutsegiteak egin zituelako.
1676-10-25. Pedro Beltran Oiarzabal eta Agustin Eizagirre izendatu zituen herriak parrokiko etxezain Antonio Azkuerekin batera parrokian egindako obrak aztertzeko. Juan Abalia maisua haiekin izanik, txostena pasatu behar zieten agintariei.
1676-10-25. Tomas Bikendik bere gain hartu zuen herriko kaleen eta plazen harriztatzea, beheko sarreratik goikora bitartean eta Bustinzuriko gurutzera arte. Sei urtean egoki zaindu beharko zituen, eta herriak nahiko harri eta lur eman zituen Eliz kalea behingoz egokitzeko. Herriaren aldetik hogei dukat ordainduko zizkioten urtean.
1676-10-16. Ugarte, Aranguren, Igartza eta Loiarteko baserritarrekin konpondu zen herria, haien ahuntzek eginiko kalteak ordain zitzaten. Herriak agindutako tokian 50 gaztainondo edo haritz landatzeko prest agertu zen bakoitza, eta bi urtera herriari eskaintzeko.
1676-10-9. Kontuan izanik herriak eginiko eskaerari erantzunez nuntzioaren zentsurak herriratu zirela artxiboan falta ziren paperak aurkitu nahirik, eta parrokien bidez eman zituztela ezagutzera, hurrengo igandean jakinaraztea erabaki zuten, parrokien bidez, ondorengo igandean eskomikua irakurriko zutela.
1676-9-26. Maiatzaren 10ean Urrestillan aurkitutako utzitako haurra herriaren kontura Goiatzen hazi zela adierazi zuten, eta haren gurasoak nortzuk ziren jakiteko egindako gestioek emaitza eman zutela. Egun hartako arratsaldean umea gurasoei emateko prest zeukaten. Herriak eginiko gastuak gurasoei ordaintzeko eskatzea erabaki zuten.
1676-9-12. Urrestillako parrokiko etxezainak elizan kalbario gurutzat zintzilikatzeko baimena eskatu zuen, eta Udalak horrela egitea erabaki zuen.
1676-7-27. Inazio Odriozola elur hornitzaileari hurrengo ostegunerako Aizkorriko izoztegira eraman zuen soka -idiak erabiltzeko soka- herriaren eskuetan jarri behar zuela jakinaraztea erabaki zuten. Bestela, soka ordaindu beharko zuela. Herria hornitzeko zuen eginkizuna gogoratu zioten, baita falta zen egun bakoitzeko mila maraiko isuna izendatu ere.
1676-6-26. Murgildurik amuarrainak harrapatzea debekatu zuten, mila maraiko isunaren azpian.
1676-6-26. Juan Apaeztegi izendatu zuten parrokiko pulpituetako txapelak egiteko, Iruñeko apezpikuaren baimena jaso zuelako herriak.
1676-3-10. Aurreko astean erre zen Igartza baserria altxatzeko, Domingo Arregiri egurra ebakitzeko baimena eman zioten.
1676-2-22. Herriko sendagile Pazuengosek bere jaioterrira, Lizarrara, joateko gogoa agertu zuen, bertako sendagile izendatu nahi zutenean. Udalak, herritarrei udalbatzarrean, gertatzen zena agertzea erabaki zuen.
1676-2-9. Garizumako lehen iganderako deialdia egitea erabaki zuten. 18 urtetik 60 urte bitarteko herritar eta biztanle guztiak deitu zituzten, arratsaldez, enparantza nagusira armak zituztela, orduan denak bat eginda neurriak hartzeko armak erabiltzeko ariketak egiteko. Bide batez, lau barrika bolbora eta behar zen metxa erostea onartu zuten.
1675-11-15. Leizeaga, Saraseta, Idiagirre, Lastaola eta Madalenako etxeak ez ezik, Izarraitz aldeko beste zenbaitek herriaren lurralde zatiak eurentzat harturik zituztela jakin zen, eta Pedro Beltran Oiarzabal eta Joan Odriozolari agindu zieten zortzi egunen buruan gaiari buruz iritzia agertzeko.
1675-11-15. Loisoro baserrian zen Joakin Martizenak herriaren lur zati bat beretzat hartu eta lantzen zuela jakinik, batzarrera deitu zuten, eta aitortu egin zuen hori, esanez unean garia eginik zuela bertan. Lurraldea urteetan erabili zuenez, Nuarbeko zubia bere kontura konpontzeko agindu zioten. Herriaren aldetik hiru erreal emango zizkiotela geratu ziren.
1675-10-25. Urte hartan sagar gutxi jaso zenez, saltzeko sagardoa egin nahi zutenei agindu zieten erdia urik gabe egiteko eta beste erdia ura nahasturik.
1675-7-12. Inazio Odriozolarekin herriak tratua egin zuen datorren urteko martxoaren hasieratik hasita bederatzi urtean elur hornikuntza egiteko. Libra bakoitza lau errealean salduko zuen, abenduan, urtarrilean eta otsailean izan ezik, eta baimena eman zioten San Inazio festen inguruko hamabost eguneko ferian sei errealean saltzeko libra bakoitza.
1675-6-16. Antonio Erkiziari ahalmena eman zioten zilarrezko 300 dukat zentsuan hartzeko. Diru horrekin, erregeak probintziari eskatutako 200 soldaduz osatutako taldea joango zen bederatzi herritarrei ordainduko zieten.
1675-5-31. Probintziaren aginduaren arabera, Izpiritu Santuaren Bazko bigarrenez alardea urtean behin egingo zen abisua auzoetara pasatzea erabaki zuten. Elizaren bidez jakinaraziko zuten 18 urtetik 60ra bitarteko herritar eta biztanle guztiak agertu behar zirela; bestela, mila maraiko isuna izango zuten.
1675-4-1. Bederatzi urtean herriko kaleak ongi edukitzeko kontratua egin zuten Frantzisko Etxaniz maisuarekin.
1675-4-1. Gaspar Fernandez Vallesekin haragi hornikuntzarako tratua egin zuten. Hark idiak erabiltzeko soka ekarriko zuela eta San Inazio jaietarako lurraldeko bi zezen emango zituela agindu zuenean egin zuten tratua.
1675-3-25. Enparantzan egiten ziren arkuei buruz tirabirak sortu ziren herria eta Santo Domingo komentuaren artean, eta agintariek gauzak baretzeko fraideekin harremanetan jartzea erabaki zuten.
1675-3-9. Bernabe Aranburu Santo Domingo komentuan eta enparantza apaindu nahirik herriak eginiko arkuak botatzen hastean, komenigarria den edo ez aztertzea erabaki zuten.
1674-10-14. Martin Garatetxea maisuak parrokian egin zituen lanak ikusteko batzordea izendatu zuten.
1674-10-14. Frantzisko Antonio Zabalari, Erdi kalean zuen etxea korrejidoreari eskaintzeko eskatu zitzaion, eta baiezkoa eman zuen.
1674-9-7. Bi parrokietatik deialdia egitea erabaki zuten: elizan egin nahi zituzten obrei buruz zerbait adierazi nahi zuten guztiak herriko agintariengana ager zitezela, zortzi egun barru, ostiralean.
1674-7-22. Baimena eman zioten Inazio Odriozolaren emazte Graziana Goikoetxeari Odriozola baserriaren inguruan ermita altxatzeko.
1674-6-17. Herritik irten behar zuten 33 soldaduri ordaintzeko dirua lortzeko agintariei eman zieten ahalmena. Besterik ezean, eta zentsuan hartuta, Tomas Kortak 150 peso eskaini zituen soldaduei ordaintzeko.
1674-2-16. Herrian ospatuko ziren Gipuzkoako Batzar Nagusiei buruz erabaki batzuk hartu zituzten.
1674-2-16. Parrokiko koruko burdinsarea egiteko diru laguntza eskainitako guztiei deitzea erabaki zuten, hiru egunen barruan eskainitakoa bete zezaten.
1674-1-31. Sagatzeta baserri inguruan eta herriko lurretan bertako maizterrak landatuta zituen fruitu zuhaitzak ebakitzea eta haien ordez haritzak eta gaztainondoak sartzeko agindu zioten Pedro Beltran Oiarzabali. Baratza bezala erabiltzen zuen lurraldean ere gauza bera egin behar zuen.
1674-1-27. Landeta etxearen aurrean zen San Pedro ermitan eginiko konponketak ordaindu zituzten.
1674-1-19. Juan Apaeztegi maisuari maisu arkitektu batekin parrokiko erretaula nagusirako Aingeru Goardakoaren irudia egiteko tratua egin zezan eskatu zioten. Bide batez, pulpituen gaineko txapelak egiteko eskatu zioten, eta gero haiek urreztatzeko.
1674-1-14. Apirilean Gipuzkoako Batzar Nagusia herrian izango zenez, denak txukun irten zezan agintariak erabakiak hartzen saiatu ziren.
1674-1-5. Parrokiko Roke donearen aldarean behar zen Aingeru Goardakoaren irudia egiteko, Inazio Beltran Oiarzabali limosna bilketa egitea agindu zioten.
1673-12-1. Juan Apaeztegiri parrokiko koruko burdinazko hesia egiteko agindu zioten, hurrengo urteko apirilaren 1ean Azpeitian bertan ospatuko zuten Gipuzkoako Batzar Nagusirako. Lanok aurrera eramateko parrokien bidez jakitera eman zuten agintariak eta herritar ezagunak eskean ariko zirelako herrian zein baserrietan koruko burdinazko hesia egiteko.
1673-12-1. Alkateak adierazi zuen Matias Zuazola Floreaga eta Loiolak eta Inazio Urkieta erretoreak, herriko auziak jarraitzeko izendatutakoak, berari eskatu ziotela Diago Agirre apaizarekin batera Iruñera agertzeko, apezpikuaren aurrean herriaren aldetik agertu beharreko gauzak jakinarazteko eta, beraz, herritik kanpo zen bitarterako bere ordezko alkatea izendatzea eskatu zuen. Gaia eztabaidatu ondoren eta aho batez, Jazinto Egurza erregidorea aukeratu zuten alkaterako.
1673-10-27. Herriko basoak zaindu behar zituztenak izendatu zituzten, eta herriak zenbait agindu eman zizkien.
1673-10-20. Pedro Arkaia kristaleroak esan zuen amaiturik zituela parrokiko leihoetako kristalak. Haiek ikustea erabaki zuten, eskriturak agertu bezala egin zituen jakiteko.
1673-10-20. Sagardoa urarekin nahastuta egitea erabaki zuten, sagar gutxi izan zelako urte hartan. Herriko fidelak prezioa eman zuen, dastatu ondoren.
1673-3-11. Diputazioak adierazi zuen derrigorrezkoa zela, lurraldean ziren lapur eta arloteekin amaitzeko beharrezkoa egingo bazen, herri bakoitzeko biztanle armatuak zabaltzea erreka eta basoetan, egun bat aukeratuz horretarako. Herriak erabaki zuen lehen astelehenean ateratzea sei taldetan banatuta, 50 erreal emanez talde bakoitzari.
1673-2-25. Eskuzta zelaira bitarteko bidearen ertzean, haritzak landatzea erabaki zuten.
1673-2-7. Simon Astuinek lau urterako eta orduantxe hasita postari lana egiteko proposamena egin zuen. Gasteiztik herritarrentzako ziren karta guztiak ekarriko zituen larunbatean eta Gasteizera eramango zituen herritarrek idazten zituztenak. Herriak urtean 450 erreal ordainduko zizkion, 300 erreal aurreratuz lanean hasten zen unean. Proposamena onartu eta harekin eskritura egitea erabaki zuten.
1673-2-2. Herriak eta elizgizonak parrokiko patroi Matias Inazio Oñaz eta Loiolarekin zuten auziaren berri eman zuten, eta herriak erabaki zuen aurrera jarraitzea, beharrezkoak egiten ziren ate guztiak joz. Gainera, gogora ekarri zuten akordio batera iristeko Joseph de Castro y Santa Cruzek eginiko txostena.
1673-1-31. Simon Astuinek postari langintzan jarraitzeko soldata handiagoa eskatu zuen eta Udalak gaiari buruz hitz egiteko herritar bereziei deitzea erabaki zuen. Martin Eleizalde, Antonio Altuna, Joakin Mendizabal, Frantzisko Inazio Enparan, Juan Perez Etxabe, Pedro Beltran Oiarzabal, Agustin Eizagirre eta Joseph Iturriaga agertu ziren. Baina azkenean agintarien eskuetan utzi zen erabakia hartzea.
1673-1-27. Ostiralean, herri aginduak seinalatuta zuen orduan, udalbatzarrera agintari guztiak agertzea aipatu zuten, eta horrela egiten ez zutenei isuna jarri zieten.
1673-1-12. Ontzat hartu zuten Juan Bautista Aizarnazabalek eginiko azterketa, eta Elolaren kaperau izendatu zuten.
1673-1-11. Elolaren kaperau izan nahi zuen Juan Bautista Aizarnazabali azterketa lana jartzeko, Udalak epailetzat Miguel Bikuña fraidea, Frantzisko Zelaiaran apaiza eta Juan Saloguen erretordea izendatu zituen.
1672-10-12. Beharrezkoa izanik herrian sagardoa izatea, sagarra zutenei parrokien bidez sagardoa egiteko eskatzea erabaki zuten -erdia ura nahastuta eta beste erdia urik gabe-.
1672-10-12. Kontuan izanik gero eta zailago egiten zela herrian neskameak aurkitzea - gehienek erabakia zutelako bakarrik bizitzea kalera ematen zuten etxeetan, iskanbilak eta pekaturako bideak aukeratuz horrela-, gertatzen zena moztu nahirik neurriak hartzea erabaki zuten.
1672-6-3. Parrokien bidez deialdia zabaltzea erabaki zuten, herritar eta biztanle guztiak armekin bil zitezen Izpiritu Santuaren Bazko bigarrenean. Azaltzen ez zenak, 500 maraiko isuna ordaindu beharko zuen.
1672-5-24. Komentuko teilatua bukatzeko, egurrak ebakitzeko baimena eman zioten Frantziskanetako abadesari.
1672-2-2. Herrian haragia eta bakailoa hornitzen zutenen gutunak irakurri zituzten. Horiek prezioak altxatzeko eskatzen zuten, galera sortzen zietela adieraziz, baina Udalak ezezkoa ematea erabaki zuen.
1671-10-30. Herriko lurretan zuhaitz haztegiak zituztenei hil horretan guztiak atera eta ezer gabe utz zitzatela agintzea erabaki zuten. Hala egiten ez zuenari mila maraiko isuna ezarriko zioten.
1671-10-23. Landeta auzoko San Pedro ermitan konponketa lanak egitea erabaki zuten.
1671-9-18. Joseph Iturriaga alkateari parrokiko koruko burdin baranda amaitzeko eskatu zioten, diru laguntza eskaini zutenei kobratuz, eta gainontzekoa elizak jarriko zuela.
1671-8-21. Herritik Lasao auzora bitarteko bidean konponketa lanak egitea erabaki zuten.
1671-7-26. Gaztelako zezen bat ekartzea erabaki zuten San Inazioetarako zezenketarako, Joxe Iturriaga alkateari saldutako mendien dirutik soberan gelditu zenarekin.
1671-7-8. San Inazio bigarren egunez Loiolara joaten ziren prozesioan eta, ohikoa zen bezala, ehun mosketariz osatutako taldea joatea erabaki zuten. Herriak bakoitzari bolbora eta metxa eman zien.
1671-7-3. Batzarrean adierazi zuten Urrestillako organoa amaituta zela eta, organo-egilea oraindik inguruan zenez, fidelak parrokiko organoa garbitzea eta konpontzeko hari deitzea erabaki zuten, organoa berritzea derrikorrezkoa baitzen. Erretorearekin harremanetan jartzeko batzordea izendatzea ere erabaki zuten, eta horrela egin ondoren maisuari herriratzeko eskatzeko idaztea onartu zen. Morroi bat zaldian gutunarekin bidali zuten Sasiolara, bertan egon zitekeela pentsatuta.
1671-6-21. Udaletxe berria egiteko tokiari buruz hitz egin zuten. Horretarako bozketa egin eta Frantzisko Goitia lizentziatua eta erregidorearen proposamena onartu zuten. Proposamen horren arabera, aipatutako bi tokietan udaletxea egiteak gastu handiak sortuko zituen, bertan zeuden etxeak erosi beharko zirelako. Horretarako, Inazio Beltran Oiarzabalek bakarrik agertu zuen saltzeko gogoa. Beraz, dirua hartu beharko zen zentsuan, udaletxe berria egiteko herritarrek laguntza handia eskaini beharko zutelako. Hori baino errazagoa izango zen orduko udaletxea eta kartzelak egokitzea, berriak egitea baino. Iritzi horren aldeko 38 boto jaso zituzten, eta Inazio Agirre erregidoreak egindako proposamenak 28. Azken horrek honako hau proposatu zuen: udaletxea egitea aurrez herriko dorrea zen tokian, bere inguruan zeuden hiru etxeak herriak hartuz; hau da, Juan Larraar, Inazio Beltran Oiarzabal eta Juan Martinez Eizagirrek ibai aldera zituztenak; horretarako udaletxe zaharra saltzea proposatu zuen.
1671-5-15. Mosketari bakoitzari alarderako libra erdi bat bolbora ematea erabaki egindako, herriak ordainduta.
1671-5-2. Elizetan jakinaraztea erabaki zuten hurrengo egunean bertan, Izpiritu Santuaren Bazko bigarrenean, alardea egingo zela. 18 urte zituztenetik 60 urte bitarteko herritar eta biztanle guztiei arratsaldeko ordu baterako dei egin zieten enparantza nagusira. Agertzen ez zen herritarrarentzat bi mila maraiko isuna ezarri zuten eta biztanleentzat milakoa.
1671-4-24. Ikusirik herriko dorrea erortzeko zorian zela, konpontzea erabaki zuten. Zezenak jolasten ziren enparantza aldera egurrezko balkoi bat aterako zioten, izkina batetik bestera, apaingarria baitzen.
1671-2-20. Uholdeek erabat desegin zuten Malkorra burdinolako presa konpontzeko baimena eman zioten Jazinta Arregiri.
1671-1-30. Martin Garatetxea maisua kexatu egin zen, urteak baitziren Santo Domingo monastegiko arkuak egin eta herriak 500 dukat eman zizkiola, baina monastegia beste 50 dukat ordaintzekotan gelditu zen eta oraindik ez zizkion ordaindu. Herria monastegiko buruarekin harremanetan jarri zen.
1671-1-30. Herriko botikari Frantzisko Pablo Leon izendatu zuten.
1671-1-23. Agustina Villarrealek eta herriko beste zenbait labezainek ogia erretzeko prezioa altxatzeko eskaera egin zuten. Gurdi bat egur, aurrez lau erreal ordaintzen zuten, eta gero bost erreal eta erdi ordaintzen zituzten. Orduan esaten zutena egia zela ikusita, altxatzea erabaki zen anega ogia erretzea.
1671-1-15. Herritar Domingo Gaztañaondo apaiza agertu zen udalbatzarrean, Frantzisko Zelaiaran batxilerra ondoren zuela. Zelaiaran lehen meza emateko prest zela-eta, herriak baimena eman eta horretarako eguna izenda zezan eskaera egin zuen. Kandelaria eguna izendatuko zioten meza berria emateko.
1670-12-5. Parrokiko diru kontuei buruz herriak zenbait erabaki hartu zituen, berak izendatzen baitzituen etxezainak.
1670-12-4. Maisu flamenkoak Elola kaperako organoa ez zegoela konpontzerik adierazi zuen. Ondorioz, Frantzisko Igarazi, Juan Otxoa Urangari eta Frantzisko Ibañez Garagarzari Sevillara (Espainia) idaztea erabaki zuten, ordaindutako dirua eskuratzeko gestioak egin zitzaten edota organo berria bidal ziezaioten.
1670-11-3. Kexa zenez herrian harakinak ardia saltzen zeudenez ahariaren tokian -eta honen prezioan, gainera- herriko fidelari gertatzen zenaren berri jakiteko agindu zioten, zigorra ezartzeko.
1670-10-24. Kosme Iratzetak Sistiaga aldean egurra ebakitzeko baimena eskatu zuen, Kataingo teilariaren teilatua egiteko. Udalak baimena eman zion.
1670-8-21. Manuel Eleizalde erregidoreak, Frantzisko Korta apaizaren ordezkari bezala, parrokiko lehen pilarean eta Ebanjelio aldera San Joseren aldarea jartzeko baimena eskatu zuen. Herriak baiezkoa eman zuen.
1670-8-16. Parrokiko eliza egiten aritu ziren Joan Ansola eta Martin Garatetxea maisuak, eta Juan Setian Aguero izendatu zuten maisutzat eurek egindako lanak ikusteko, eta herriak Simon de Pedrosa izendatu zuen.
1670-7-24. Baimena eman zioten Pedro Arteagari San Pedroren aldare bat parrokiko elizako Epistola aldeko lehen pilarean jartzeko.
1670-7-18. Herriko ibaietan, inolako baimenik gabe, murgilean arrantza asko egiten zela ikusita, neurriak hartu nahirik era guztietako herritarrei -helduei bezala gazteei ere- arrantza debekatzea erabaki zuten. Herriko agintarien baimenik gabe ezingo zuen inork murgilean eta eskuekin arrantzan egin, mila maraiko isunaren azpian, eta gazteen ordez gurasoek edo jabeek ordainduko zuten isuna. Parrokien bidez adieraztea erabaki zuten debekua, guztien jakingarri izan zedin.
1670-7-4. Antonio Eizmendik bere ostatuan eta etxean Pedro De las Cuevas eta honen lagun kanpai-egileak egindako gastua ordaintzea eskatu zuen, eta horrela erabaki zuen Udalak, parrokiko kanpaia fundituta baitzen.
1670-7-4. Herriak izendatua zuen Martin Garatetxea maisuarekin batera Barrenolako zubia egin zuen Bernardo Aranburu maisuari han egindako lana ikus zezan beste maisu bat izendatzeko eskatu zioten.
1670-6-13. Igerate burdinola egokitzeko egurra eskatu zuen Frantzisko Antonio Atxagak. Baiezkoa eman zioten, beharrezkoa ordainduz.
1670-4-18. Izarraitz aldean Azautza baserritik hasi eta Olazko ermita arteko bidea egokitzea eta inguruan lurrak zituztenek ubideak garbitzea erabaki zuten.
1670-4-11. Urbieta eta Ugartea zubiak, Eder Iturritik Badiolegi bitarteko bidea, Ondarre zubia eta Landetatik herrira bitarteko bidea bi alderdietatik konpontzea erabaki zuten.
1670-3-14. Kexak ziren Malkorra errementariko presak kalteak sortzen zituelako inguruko bidean, eta haren jabe Jazinta Arriagari, Antonio Altunaren alargunari zera agindu zioten: kalteak konpontzeko beharrezko neurriak lehenbailehen hartzeko.
1670-2-25. Martin Garatetxeak parrokian eginiko lanak aztertzeko Miguel Abaria maisua izendatu zuen herriak eta, bide batez, Garatetxea eta honen lagun Joan Ansola maisuari ordezkari bat izendatzeko eskatu zieten.
1670-2-12. Haragi hornikuntza egiten zuenari 500 maraiko isuna ezartzea erabaki zuten, saltzen jartzen zuen generoa txarra zelako. Domingo Berroeta zen hornitzailea, eta haren emazteak ere berriro zigorra merezi duela esan zuten. Kartzelaratzea merezi zuen batzuen iritziz, bere gelan gordeta zuen haragia ateratzeko agindu ziotenean ez zuelako horrela egiterik nahi izan, haragi gehiago ez zuela esanez. Alkateak, ondorengo egunetan, emakumeari ere zigorra ezarriko ziola erantzun zuen.
1670-1-31. Madrilen erregearen gortean zegoen Frantzisko Mendizabal herritarrari idaztea erabaki zuten, eskerrak emanez parrokiaren patronatuari zegokion auzien lekuko izan zelako eta, bide batez, eskaera luzatuz gestioak egiten jarrai zezan.
1669-11-29. Aurreko urtean agintaritzan izan zirenei eta aurtengoei, ordenantzek adierazten zuten bezala, lehen ostiralerako herriko artxiboaren jabetza orduko agintarien eskuetara pasatzea agindu zieten eta, hori ez bazuten egiten, mila maraiko isuna ezarriko zieten.
1669-8-12. Parrokiko kanpai handia funditzeko eskritura sinatu zuten Pedro Foncueba maisuarekin.
1669-8-6. Pedro Foncueba kanpaien egileari 815 erreal ordaintzea erabaki zuten. Haren laguntzaileei beste ehun erreal gehiago ematea ere erabaki zuten, herriko dorreko kanpaia funditu baitzuten. Herriak horretarako beharreko materiala jarri zuen.
1669-8-5. Pedro Beltran Oiarzabal erregidoreari Frantzisko Zelaiaran parrokiko erretorearen etxera joateko agindu zioten, parrokiko bi kanpaiak funditzeko eskritura egitean lekuko izateko eskatuz. Berehala itzuli zen Beltran, neskameak erretorea kanpoan zela esan ziolako. Hurrengo eguneko goizean dorretik bi kanpaiak jaistea erabaki zuten.
1669-7-14. Parrokiko hiru kanpai eta herri dorrekoa funditzea erabaki zuten.
1669-6-28. Tolosan egindako Gipuzkoako Batzar Nagusiak emandako aginduaren arabera, Santiago egunean arma erakusketa eta alardea egiteko arratsaldeko ordu bi eta erdietarako deialdia egitea erabaki zuten. 18 urtetik 60ra bitarteko gizaseme guztiei deitu zieten, eta deialdia alde batera uzten zutenek mila maraiko isuna eta hamabost eguneko kartzela jasoko zuen.
1669-6-11. Parrokiko kanpai handia ez ezik, beste bat ere apurtuta agertu zen. Horren aurrean, herrian zegoen Pedro Foncueba kanpai egilearekin edo beste norbaitekin harremanetan jartzea erabaki zuten. Guztiaren ardura parrokiko etxezainari eman zioten. Agindua aurrera eramateko dirurik gabe baziren, zilarrezko berrehun dukat zentsuan hartzeko ahalmena zeukan.
1669-6-11. Olazko ermitako seroraren dotearekin, bertako kanpaia funditzea erabaki zuten, apurtuta zegoelako. Konponketa lan batzuk ere egin zituzten barruan. Beharrezkoa zen egurra herriak eman zuen.
1669-4-23. Herriaren kontura Olazko ermitarako bidea egitea erabaki zuten.
1669-3-22. Kexak jaso zituenez, herriak Inazio Zubimendi eta haren emazteari txakolina herriratu eta saltzea debekatzea erabaki zuen.
1669-3-22. Pedro Beltran Oiarzabal errejidoreari ikatza egiten Aratz aldean ibili zirenek egin zituzten kalteak neurtzea agindu zioten.
1669-3-14. Albistea izanik Loiolara iristear zela Juan Eberardo jesuita inkisidore nagusia, herriaren izenean ongietorria egiteko ordezkariak aukeratzea erabaki zuten.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago