1902-7-23. Etxebizitzatarako ura banatzeko herriak prestatu zuen arautegia eta tarifa zerrenda Probintziako Batzordeak ontzat hartu zituela adierazi zuten.
1902-7-23. Herriko Osasun Juntak egindako proposamena egokitzat hartu eta komunak estolderiara bat eginda zituzten herritar guztiak etxeetara ura sartzera derrigortzea erabaki zuten.
1902-7-14. Azoka plaza estalia inauguratu zuten.
1902-7-9. Azoka plaza estaliaren arkitektu zuzendariak adierazi zuen lana amaitu zuela. Udalak igande arratsaldean bedeinkatzea eta ondorengo igandean inauguratzea erabaki zuen.
1902-6-30. Zinegotzi batek adierazi zuen Azoka plaza estalia amaitzear zirela eta herriaren eskuetara pasatuko zela uztailaren lehen egunean. Inaugurazioa ospe handiz egitea proposatu zuten eta, beraz, aurrez kontratistari agindu zioten ibaiko oztopo guztiak kentzea eta Harzubitik Ibaiederren gainean zen zubirako bidea egokitzea, baita zelai txikia ere. Ahalmena eman zioten alkateari kontratista eta erretorearekin harremanetan jartzeko eta zerbait antolatzeko inaugurazio egunerako.
1902-6-25. Azoka plaza estalirako arautegia onartu zuten.
1902-6-16. Bizkortze Batzordeari Azoka plazako arautegia prestatzea eskatu zioten.
1902-6-16. Jorratu ondoren, erabaki zuten hamabost mila pezeta ematea Zumarragatik Zumaiara bitarteko tranbia elektrikaren proiekturako.
1902-6-9. Etxebizitzetara ura zabaltzeko arautegia onartu zuten; hau da, argitaratu eta zabaltzea erabaki zela.
1902-6-2. Azoka plazan iturri bat jartzea erabaki zuten eta bertako komunetara ura sartzea.
1902-5-7. Azoka plaza estaliaren kontratista Martin Altunak egindako eskaerari erantzunez eta obra zuzendari maisuarekin harremanetan jarri ondoren, ekainaren 30era arteko azken luzapena eman zioten guztia amaitzeko.
1902-5-7. Zumaiatik Zumarragara jarri nahi zuten tranbian interesaturik zeuden herrietako ordezkariekin eginiko azken bileraren berri eman zuen alkateak. Sansineneak eginiko proiektu berria aztertu zuen, eta herri bakoitzaren gai nagusia herritarrek ordain zezaketena zela adierazi. Udalak herritar berezien iritziak jasotzea erabaki zuen, eta hilaren 14rako bilera deitu zuen, goizeko hamarretarako.
1902-4-7. Joxe Mari Gurrutxaga 'Txokolo Zaharra'-k eginiko proposamena Udalak ontzat hartu zuen: Musika Bandari ordainketa egitea, bera osatzen ahalegintzen zelako.
1902-3-24. Azoka plaza estaliaren obren zuzendariaren agiriari erantzunez, Martin Altunari hogei mila pezeta ordaintzea erabaki zuten.
1902-2-10. Azoka plaza egiten ari zen zuzendariaren txostena jaso zuten. Han adierazten zuenez, elurteak lanean atzerapen handia sortu zuen. Udalak hari erantzutea erabaki zuen, atzerapenean zerikusia langintza alde batera uzteak izan zuela esanez. Hala ere, luzapena eman zion lana bukatzeko, baina herritarren kexak gogoan hartu gabe. Bestetik, Azoka plazak maiatzaren lehen egunerako amaituta egon behar zuela agindu zioten.
1902-2-10. Plaza Txikiko 1. zenbakia zuen etxea saldu nahian, bera enkantean jartzeko baldintzak onartu zituzten, eta beheko solairu gabe egin zuten enkantea.
1902-2-3. Joxe Frantzisko Etxanizek eginiko eskaera onartuz, Urrestillan elektrika indarra sartzeko egiten ari ziren lanak amaitzeko 20 eguneko luzapena eman zioten.
1902-1-27. Ramon Nazabali Urrestillako biztanleen etxeetara elektrika argia eramateko baimena eman zioten.
1902-1-27. Julian Ortizek eginiko proposamena onartu zuten. Proposamenak zioen otsailaren 2rako Musika Banda osatuko zela, eta egun berean eta karnabaletan kaleratuko zela.
1902-1-25. Urrestillan jaio zen Donato Aristi, urteetan Urrestillako parrokiko organojolea izan zena.
1902-1-22. Azoka plaza estali berrian kalte batzuk gertatu zirela jakin zenean, hura guztia aztertu ahal izateko udalbatzarrean batzorde bat izendatu zuten.
1901-12-30. Azoka plaza estaliaren obren bigarren zatia ordaintzea erabaki zuten, lanen zuzendariak aurkeztutako likidazioa onartu ondoren.
1901-12-9. Alkateak jakinarazi zuen Joxe Frantzisko Etxanizi Urrestillako argikuntza egiteko urtarrila arteko zeukan epea motz gelditu zitzaiola. Hori zela-eta, Udalak epea luzatzea erabaki zuten otsailaren 1era arte.
1901-11-25. Udalak, Azoka plaza berriaren obren zuzendariak egindako proposamena irakurri ondoren, maiatzaren 1a jarri zuen obra amaitzeko epe bezala.
1901-10-1. Euskal Festak amaitu ziren herrian.
1901-9-28. Euskal Festak hasi zituzten herrian, urriaren 1era arte.
1901-9-16. Aztiriak proposatu zuen bigarren mailako heziketa ikastetxea ezerezean uztea, eta bozketa baten ondoren erabaki zuten proposamena ontzat hartzea.
1901-6-3. Frantzisko Altuna izendatu zuen Udalak Azoka plazako obrak zaintzeko ikuskari.
1901-6-3. Azoka plazako kontratista Martin Altunari baimena eman zioten zelai txikiko sei zuhaitz ebakitzeko. Baina lanak amaitzean berriak sartu beharko zituen.
1901-6-3. Alkateak adierazi zuen udaletxea txukuntzeko garaia iritsi zela. Lehenik arkupea egokitzea erabaki zuten.
1901-4-1. Martin Altuna kontratistak Azoka plaza estalia egitearen eskaeraren berri eman zuten. Amu baserritik obrak egingo zituzten tokira trenbide estu bat jartzeko baimena eskatu zuen, eta aipaturiko baserritik Amuko zubira bitartean, obrak amaitzean, bidea lehen bezala utziko zuela agindu zuen. Herriak baiezkoa eman zion.
1901-3-11. Martin Altunarengan Azoka plaza estalia egiteko errematea onartu zuten.
1901-2-25. Gauzainei longainak eta farol berriak ematea erabaki zuten.
1901-2-11. Urrestilla eta Aratz-Erreka bitarteko bidea konpontzeko herriak 240 errazio edo zatiko, bolbora, metxa eta abar, eta hargin ofizial bat eman zituen.
1901-2-4. Arkuak egokitu eta udaletxearen aurrealdea txukuntzeko proiektuak aurkezteko gonbitea egin zuten.
1901-1-23. Iristaioko urak aztertu ondoren, Emilio Azarolari eskaini zioten berak herriratzeko ikerketa egiteko.
1901-1-6. Inazio Orbegozo 'Arriya' aizkolaria jaio zen. Deitura bereko aizkolari handien hasiera izan zen.
1900-12-31. Azoka plaza estalia enkantean jartzeko baldintza osagarriak onartu zituzten.
1900-12-3. Eztabaida luzeen ostean, 1901eko aurrekontu berezia onartu zuten. Azoka plaza estalia eta herriak zituen zorrak agertzen ziren aurrekontuan.
1900-12-3. Azoka plaza estalia enkantean jartzeko baldintzak onartu zituen Udalak.
1900-11-14. Azoka estalia egiteko herriari eman zioten baimenaren berri jakinik, alkateak eta idazkariak Donostiara joan behar zutela erabaki zuten, epearen luzapena lortu eta proiektuaren egilearekin ager zitezkeen oztopoak gainditzeko lanak hasteko.
1900-9-17. Bautista Uranga eta Konpainia enpresari ordaindu egin zioten Harzubiko zubiaren eta San Agustin eta Mantekape arkupeetan egindako asfaltatze lana.
1900-9-10. Esteban Elzaurdik bigarren mailako heziketa ikastetxea jartzeko telegrafoaren etxeko bigarren solairua proposatzen zuen, eta horri buruz hitz egin zuten, ikusirik ez zela egokia. Iritzi asko agertu ondoren, bozketa baten bidez onartu egin zuten, nahiz eta bi zinegotzi behintzat kontra agertu.
1900-8-29. Azken urriaren 2an sortutako batzordea suspertzea erabaki zuten, zezen-plaza herri barrutik beste nonbaitera aldatzeko ahalik eta azkarren iritzia agertzeko.
1900-8-29. Martzial Uzinek Foruen Pasealekuan eraikin bat altxatzeko baimena eskatu zuen, beheko lokalean denda jartzeko, eta baiezkoa eman zioten.
1900-8-8. San Inazio egunean ospatutako zekorketan bigarren zezena hil zuenean alkateak Cocherito toreatzaileari eskainitako hogei pezetako saria ematea erabaki zuten.
1900-8-8. Saninazioetan ospatutako zekorketan hildako Nafarroako sei zezenetatik baldintzetara bakar bat baino ez zen iristen, eta bakoitzeko ehun pezeta gutxiago ordaintzea erabaki zuten. Guztira, beraz, 1.700 pezeta. Baina azkenean zezenetako bat bidean gaixotu zela jakinda, 1.200 pezeta gutxiago ordaintzea erabaki zuten.
1900-6-27. San Agustingo arkupea eta Mantekapekoa asfaltatzea erabaki zuten.
1900-6-25. Urrestillako frontoi estalia inauguratu zuten.
1900-6-18. Alkateak adierazi zuen Azoka plaza estaliaren proiektua ontzat hartu zutela Donostian, eta ondoren Espainiako Gobernuko Lan Publikoen Ministeriora pasatu zutela.
1900-5-30. Alondegi zaharrean Aurrezki Kutxa Probintzialaren bulegoak jartzeko obren enkantea onartu zuten.
1900-5-16. Batzorde bat izendatu zen Santo Domingo eraikina -kuartela salbu- herriaren eskuetara pasatzeko gestioak egiteko.
1900-5-16. Juan Manuel Beobide salesiar eta musikaria jaio zen.
1900-4-30. Errukietxeko juntaren eskaerari erantzunez, maiatzaren 5a, larunbata, aukeratu zuten batzar nagusia egiteko, 10:00etarako. Albistea pregoiaren bidez zabaldu zuten herritar guztientzat.
1900-4-23. Anastasio Belokik herriko elektrika argikuntza egiteko gogoa agertu zuen, eta harekin kontratua egitea erabaki zuen Udalak.
1900-4-9. Probintziako Batzordeari Harzubiko zubian egiten ari ziren langintzak ahalik eta azkarren amaitzeko eskatzea erabaki Kristobal Aipuru alkateordeak, benetan arriskutsua baitzen. Herritarren kexa ugariak ere kontuan izan zituzten.
1900-3-9. Apustuetarako enparantza nagusian jarri ohi zen itxuraren lurreko zuloak egokitzea erabaki zuten.
1900-2-28. Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi zuen Azoka Plazaren ikerketa egitea Hoffmeyer ingeniariari eskatu ziola.
1900-2-19. Musika Bandaren zerbitzua eskaini zuen Joxe Mari Iturbidek inauterietarako. Herriak ehun pezeta ordaindu zizkion, baina hark 50 pezeta bakarrik ematea erabaki zuen.
1900-2-18. Buenos Aires (Argentina) hiriko Victoria Antzokian 'Artzai mutillak' opera estreinatu zen; Felix Ortiz San Pelayo azpeitiarraren musika eta Pedro Mari OtaƱoren hitzak zituen.
1900-2-5. Herriko elektrika argia enkantean jarri eta ikusita egingo zuen inor ez zela agertu, berriro enkantean jartzea erabaki zuten.
1900-1-16. Aiako Joxe Tejeria Mugaz urkatu zuten Azpeitian. Urte eta erdi lehenago bere aita hil zuen. Sei bat mila lagun bildu ziren urkatzeko orduan. Urkatu aurretik aita Aizpuru jesuita urka tokitik hitz egiten hasi zen -norbaitzuk aholkua eman eta bere burua garbitzeko asmoz, eta Tejeriak bere aita zenaren ondra zikindu zuela, bere emaztearekin konpontzen zela esanez, baina guztia gezurra zela-. Hitzaldiaren ondoren, borreroak burdin uztaia jarri eta gero, beste apaiz bat kredoa errezatzen hasi zen, eta halaxe hil zuten Tejeria. Hainbat bertso paper zabaldu ziren Euskal Herrian gertaerari buruz; egun batean, Juan Mari Zubizarreta sei mila bertso paperekin agertu zen Azpeitian, eta guztiak saldu zituen.
1900-1-4. Diputazioaren eskaerari erantzunez, Udalak Frantzisko Tejeriarentzat Espainiako erregeari indultua eskatzea erabaki zuen.
1899-12-11. Herriaren argikuntza elektrikoa enkantean jartzeko baldintzak onartu zituzten. Baldintza horietan bost urterako kontratua izango zela eta urtean bi mila pezeta ordainduko zituela herriak jaso zuten. Bestalde, argikuntza zerbitzuak honakoa izan behar zuen: herri barruan eta inguruetan guztira 75 lanpara egon behar ziren pizturik, mugak ondokoak izanik: Harzubian, miserikordiako kaperauaren etxea, eta kartzelako eta epaitegiko eraikina. Arana-Errebalean, larruak lantzen zituenaren etxea; eta Madalenan, ermita bera. Kaleko argikuntzaz gain, udaletxeko ordularira eta bertako bulegoetara, helduen eskolara, marrazki eskolara, alondegira, posta bulegora, suhiltzaileen ur bonba zegoen lokalera, ganadu hiltegira, harategira eta herri epaitegira argia eman beharko zuen. Udalak lanparak alde batetik bestera aldatzeko ahalmena izango zuen aipatutako mugen barruan, instalazio berrietan eginiko gastuak bere gain hartuta.
1899-12-11. Argikuntzaren ordutegiari zegokionez, urte osoan ilunabarra baino ordu erdi lehenago piztu behar ziren hurrengo goiza arte, gaueko hamaiketatik bostak arte argiaren indarra erdira jaitsita izanik. San Inazio festetan, aldiz, bezperan, egunez eta bigarrengoz, herriak argikuntza berezia nahi izanez gero, lanpara gehiago izateko aukera emanez, urteko beste bi egunetan bezala.
1899-12-11. Urrestildarren txostena Diputazioko presidenteari bidali zioten, eta berak jarriko zuen Azpeitiko Udalaren eskuetan, gaiari buruz xehetasunak emateko eskatuz, erantzunez honek Urrestillako biztanleen artean iritziak jasotzeko, iruditurik gehiengoa ez zegoela txostena sinatzen zutenekin bat eginik. Ez zuten gogoko hartu azpeitiar agintarien proposamena, 1847ko ekainaren 5ean eginik azken bozketa: botoa eman zuten 214 pertsonen artean 127 Urrestilla herri apartekoa izatearen aldekoak agertu ziren eta 87 kontrakoak. Urrestilla, Nuarbe eta Elosiaga aldekoak, Aratz-erreka eta Matxinbenta kontrakoak.
1899-10-4. Herriak hala nahi zuelako, Mariaren Sierbak Azpeitian finkatu ziren.
1899-10-2. Felipe Landari Nuarbe auzoan argi elektrikoa sartzeko kablea jartzeko baimena eman zioten.
1899-10-2. Herritik kanpo zezen-plaza nola egin zitekeen aztertzeko batzordea izendatu zuten. Orbegozok, Iriartek, Azilonak eta Alberdik osatu zuten batzordea.
1899-9-25. Hiri Polizia Zaindariaren arautegia ontzat hartu zuten.
1899-9-18. Ofizio baten bidez, gobernadoreak onartu egin zuen alkatearen jokaera, ezerezean utzirik eraikin publikoetan Jesusen Bihotz Sakratuaren plakak jartzeko erabakia.
1899-9-11. Uranga zinegotziak herriaren eraikinetan Jesusen Bihotz Sakratuaren plakak jartzeko azaldutako mozioaz adierazi zuen Udalaren eginkizuna zela herriko eraikin publikoetan plaka horiek jarri edo ez erabakitzea. Alberdi plakak jartzearen kontra azaldu zen, ekintza politikoa zela adieraziz, eta alkateak gauza bera zioen. Arozena, aldiz, "Azpeitiko herria katolikoa, apostolikoa eta erromatarra" zela-eta plakak jartzearen alde azaldu zen, plaka batzuk jartzeak inolako ondoriorik ekar zezakeenik ez baitzuen uste. Era guztietako iritziak agertzen zirenez, bozketa egin zuten Urangak azaldutako mozioa onartzeko edo ez, eta baiezkoak irabazi zuen -zortzi alde eta bi kontra agertu ziren-, baina alkateak erabakia ezerezean utzi zuen.
1899-9-11. Sor Lorentza Sierbetako lekaimeak idatzi zuen, esanez berehala herriratzekotan zela. Alkatea eta lehen tenientea Sor Lorentzarekin bildu ziren, eta Udalak erabaki zuen herrian gelditzeko zer behar zuen jakitea.
1899-9-11. Egurtza baserrian sutea izan zenean lanean aritu zirenei emandako ardoa, ogia eta pattarra ordaintzea erabaki zuen Udalak.
1899-9-4. Izarraizko Azketa iturrian auzolanean konponketak egiteko zementua eta janari eta edari zatikoak eskatu zituzten. Erantzuna alkatearen gain utzi zuten.
1899-9-4. Uranga zinegotziak proposatu zuen, beste zenbait herritan bezala, Jesusen Bihotz Sakratuaren plaka bat jartzea eraikin publikoetan. Alberdik erantzun zion ekintza politikoa zela eta ez zuela ontzat hartzen. Alkateak batzarra amaitutzat eman zuen, Urangaren proposamena gobernadore zibilaren jakinean utziko zuela esanez.
1899-8-21. Alkatearen mozioa onartu zuten eta Juan Bikendiri bera bizi zen etxeko balkoietan burdinsarea jartzeko eta etxeko gelara sartutako pilotak jokoan zirenei berehala itzultzeko agintzea erabaki zuten -frontoiaren kontra bizi zen-.
1899-6-12. Alejandro Mujika arkitektuari eskatu zioten Azoka plaza estaliaren proiektuak sinatzea.
1899-5-1. Udal frontoia luzatzeko Felix Barrenak egindako proiektua onartu zuten.
1899-5-1. Azoka plaza estalia Urola ibaiaren gainean egitea erabaki zutenez, gobernadoreari baimena eskatzea onartu zuten.
1899-4-17. Udalak Azoka plaza estalia egiteko aurreratu zizkioten proiektuetako bat aukeratu zuen.
1899-4-10. Ondorengo bilerarako proiektua eta aurrekontua prestatzea erabaki zuten, herriaren kartzela zaharra egokitzeko, ahalik eta azkarren herriratu zitezen Jesusen Zerbitzariak ordenako lekaimeak.
1899-4-10. Urola ibaiaren gainean Azoka plaza estalia egitea aho batez erabaki zuten.
1899-3-6. Kartzelak egiteko kobratu zuten zerga bera, herriaren beharrei aurre egiteko, eta aurrerantzean ere kobratzea erabaki zuten: ardoa, 0'02 pezeta litroko, alkohola 0'13 pezeta, olioa 0'02, petrolioa 0'02, garagardoa 0'05, xaboia 0'01 pezeta kiloko eta abar.
1899-3-1. Probintziako udalei Donostiako alkatetzak eginiko deialdiaren berri eman zieten, Udalak zeukan autonomia Gipuzkoako foruen oinarri berezia zela ikusita. Azpeitiko Udalak bilera horretan lekuko izateko hiru ordezkari izendatzea erabaki zuen.
1899-3-1. Frantzisko Mari Alberdik eginiko eskaerari erantzunez, gobernadoreak hartutako erabakiaren berri eman zuten: hau da, Plaza Nagusian ikuskizun guztiak debekatzea eta, derrigorrezkoa bazen, bertan itxitura jartzea, horrela neurri batean behintzat oztopatuz jendearen pasabidea.
1899-2-20. Santos Altolagirrek eta beste herritar batzuek azoka plaza estalia frontoiaren inguruan egiteko eskatu zuten -orduan jardina edo lorategia zen tokian-. Beranduago, Udalak Azoka Plaza non kokatu behar zen erabakiko zuela erantzungo zuen.
1899-1-23. Azoka plaza estali bat egiteko helburua agertuz herriaren diru-alderdiari buruz eginiko txostena aurkeztu zuen batzorde batek.
1899-1-16. Bartole Uzinek, beste batzuekin elkartuta, Azoka plaza estalia eraikitzeko egindako eskaeraren berri eman zuten, ezinezkoa iruditzen baizitzaion Azpeitiko Udalari beraiek egitea. Udalak, ordea, asmo berak zituen eta proiektu bat eskuartean zuen.
1898-11-14. Mariaren Sierbetako zuzendariari esan zioten euretako lau lekaime herriratu nahi izanez gero herriak hurrengo urteko uztailetik aurrerako aurrekontuetan, eurei emango zieten urteko bostehun pezetako laguntza, etxebizitza eta behar zituzten altzariak sartuko zituela.
1898-10-10. Errukietxeko juntak eginiko gonbitea onartuz, bertako eskolaren inauguraziora joatea erabaki zuen Udalak -betiere, hala nahi bazuten zinegotziek-.
1898-8-8. Zinegotzi batek proposatuta, herriz kanpo zezen-plaza egiteaz hitz egin zuten, eta behar zen azterketa egiteko alkatea eta Orbegozo eta Klemente zinegotziak osatutako batzordea izendatu zuten.
1898-2-28. Joxe Mari Iturbide eta Inazio Fernandez Eleizgarairekin harremanetan jarri ondoren, Musika Banda egokitzea erabaki zuten, baldintza batzuk zirela tarteko.
1898-2-28. Inolako zerbitzurik eskaintzen ez zuelako Harzubian, errukietxearen aurrean zegoen iturria kentzea erabaki zuten.
1898-2-24. Elola kaperako erretaula urreztatzeko kontratua egin zuten Frantzisko LarraƱagarekin.
1898-2-23. Musika Banda berriro antolatzeko proposamena egin zuten Joxe Mari Iturbidek eta Inazio Fernadez Eleizgaraik.
1898-2-23. Inauterietako festetan parte hartu zuten musikariei 30 pezeta ematea erabaki zuten.
1898-2-14. Fruktuoso Oiarzabalek eta beste herritar batzuek frontoia egitearen aurkako kexa egin zuten, baina lehenik behintzat, Udalak ez zuen aintzakotzat hartu.
1898-2-7. Frontoi berri bat egiteko eskaria egin zuten herritar batzuek. Udalak erantzuna ematea erabaki zuen.
1897-11-24. Ramon Jauregik eta haren lagunek egindako eskaera irakurri zuten: Udalaren aldetik idi demak jokatzeko debekua altxatzeko gestioak egitea. Beste herri batzuekin harremanetan jarri ondoren eta ahal izanik haiekin bat eginik, alkateari debekua altxatzeko gestioak egiteko ahalmena eman zioten.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago