Efemerideak

  • 1893-4-5. Musika Banda desegitea erabaki zuten, zuzendariaren aginduak alde batera utzi eta kideek tabernetan eta kafetegietan musika jotzeko instrumentuak erabiltzen zituztelako.
  • 1893-3-27. Unanueren alargunari Erdi kaleko 24. zenbakiko bere etxean Posta eta Telegrafo bulegoa egotean egindako galerak ordaindu zizkioten.
  • 1893-3-8. Errukietxearen ondoan zen pasabidean gurdi edo karroak erabiltzea oztopatu nahian, mugarri handiak jartzea erabaki zuten.
  • 1893-1-9. Frontoia erabat aldatu eta Santiago kalea lorategi bihurtzean, ezinezkoa ikusi zuten, aurrez bezala, zezenak bertan jolastea karnabaletan, Sebastian donearen egunez eta karnabal igandean. Eta sokamuturra goizez eta arratsaldez kaleratzea erabaki zuten. Baita karnabal asteartean goizaldean eta arratsaldean ere.
  • 1893-1-2. Sebastian donean eta inauterietan kaleratuko ziren sokamuturreko zezenak inguratzea eskatu zioten Tomas Larrañagari.
  • 1892-12-19. Gobernadoreak garai batean udaletxe zaharra eta ondoren lurraldeko kartzela izandako eraikina saltzeko baimena eman zion herriari. Baimena lortuta, salmenta indarrean zeuden legeak jarraituz egitea erabaki zuten.
  • 1892-12-5. Narrosko (Espainia) markesak gutun baten bidez Azpeitiko herriari lur zat bat eskaini zion, Iturriagatxo harkaitzetik Errekalde arteko bidea egiteko. Eskaintza horri eskerrak ematea erabaki zuten.
  • 1892-11-23. Iturriagatxo harkaitzetik Errekaldera bitarteko bidea egiteko enkantea abenduaren 6an egitea erabaki zuten; goizeko hamaiketan egingo zuten.
  • 1892-11-22. Joxe Inazio Aldalur parrokiko organo-jolea hil zen.
  • 1892-11-14. Amutik Iturriagatxo harkaitza bitarteko bidea enkantean jarri ondoren, alkateak esan zuen Miguel Agirre kontratistak hartu zuela bere gain.
  • 1892-11-10. Martin Oiarzabal Oiarzabal idazlea jaio zen.
  • 1892-10-10. Alkateak udaletxe zaharra edo kartzelak izandako etxea saltzea proposatu zuen, eta gobernadore zibilari horretarako baimena eskatzea erabaki zuten.
  • 1892-10-10. Astearteko eta eguneroko azokak benetan baldintza txarretan egiten zirela ikusita, egoki ikusi zuten Azoka plaza estalia egitea Santo Domingo komentua izandako tokian, eguraldiak zerikusi handia izaten zuelako dirua biltzeko orduan. Hala, hari buruzko aurrekontu berezia egitea erabaki zuten. Sebastian Kamio arkitektuari Azoka plaza estaliaren planoa eskatzea onartu zuten.
  • 1892-10-10. Posta eta Telegrafo bulegoa egokitzeko Santo Domingo komentuak egin beharko zituen obrak enkantean jartzea erabaki zuten.
  • 1892-10-1. Alkateak jakinarazi zuen ondorengo egunetako batean aukeratuko zutela Loiolan Jesusen Lagundiko jeneral berria, eta egokia zela Azpeitiko herriak esker ona agertzea jesuitei. Bestalde, esan zuen herriko apaizek iganderako prozesioa antolatu zutela Loiolara, eta aho batez erabaki zuten bertan parte hartzea.
  • 1892-9-26. Amutik Iturriagatxo baserrira bitarteko bidea egitea enkantean jartzea erabaki zuten.
  • 1892-9-12. Gau eskolako batzordeak proposatuta, dibujo lineala eta apaindurakoa erakutsi nahi zuten, eta zuzendaria aurkitu nahirik deialdia egitea erabaki zuten. Zuzendariari urtean 250 pezeta ordainduko zizkiotela jakinarazi zuten, eta ikasleen aldetik hilean pezeta bana kostatuko zen.
  • 1892-8-22. Alkateak organoan konponketa lanak egiteko parrokiko erretorearekin izandako harremanen berri adierazi zuen. Udalak herriak hamar mila pezeta horretarako eskaintzea erabaki zuen, eta gainontzekoa elizak osatu beharko zuen.
  • 1892-7-22. Herriko epaitegia ezerezean gelditu zen, eta aho batez Madrilera idaztea erabaki zuten, herriak bertako langileen soldatak ordainduko zituela esanez, beste irteerarik aurkitu ezean.
  • 1892-7-16. Herriko lehen instantziako Epaitegia ezerezean utzi zuen erreal dekretua eman zuten.
  • 1892-6-27. Donostiako Telegrafo zuzendariari idaztea erabaki zuten, Santo Domingoko lokalera telegrafo zentroa aldatzea egokia zela esateko, posta bulegoa herriaren erdian baitzegoen.
  • 1892-6-20. Datorren neguan martxan jarri nahi zuten Arte eta Ofizio gau eskola herrian. Eskolaren arautegia prestatzeko eskatu zieten alkateari eta haren bi tenienteei, sindikoarekin batera.
  • 1892-6-20. Parrokiko organoa konpontzeko, parrokiko batzordeak eta Udalak tratua egin zuten Akilino Amezuarekin.
  • 1892-5-23. Zezilio Ezeizak hartu zuen Harzubi ingurua harriztatzeko lana.
  • 1892-5-11. Joxe Manuel Larrañaga alkatea, Inazio Zabala Antxieta, Andres Kabredo, Meliton Izeta, Juan Mari Etxaniz, Pedro Zabala Antxieta, Frantzisko Egiguren, Joxe Mari Uranga eta Hilarion Orbea bildu ziren, Diputazioaren deialdia irakurtzeko, hurrengo egunean Tolosan ospatu zen batzar berezirako prestatzeko. Gaia: probintziaren garaiko erakundeei heldu eta armak hartu zituen karlista taldeak foruen aukera zalantzan jarri zuela.
  • 1892-4-11. Alkatea arduratu zen obretarako maisua zen Felix Barrena jaunari Amu, Iturriagatxo eta Errekalde baserrietan Errezilgo errepidearekin bat egin nahi zen neguko pasealekuaren planoa eta aurrekontua eskatzeko.
  • 1892-4-4. Frontoiaren inguruko lorategian lanean aritu ziren 24 peoi, bost mandazain eta lau harginen soldatzak ordaindu zituzten.
  • 1892-3-14. Herriko behartsuenek lana izan zezaten, pilotalekuko jardineko eta Amuko zubitik Iturriagatxo baserrira arteko obrak hastea erabaki zuen Udalak.
  • 1892-3-14. Lurralde kartzelak ordaintzeko, herriari tokatzen zitzaion azken zatia onartu zuten.
  • 1892-3-7. Udaletxeko eskailera gainean kupulatxo bat egitea erabaki zuten, eta ondoren inguruko paretak txukundu zituzten.
  • 1892-1-25. Herriko langabeziak sortzen zuen migrazioa ikusita -egunetik egunera gehitzen ari zen-, beharreko lanak hastea erabaki zuen herriak, batik bat behartsuen sendiei laguntza eskaini nahian.
  • 1892-1-10. Martin Oiarzabal jaio zen. Urduñako Jesuiten Ikastetxean batxilergoa ikasi eta Comillasen (Espainia) egin zituen ondoren apaiz ikasketak. 'Zerurako bidea', 'Jesukristo gure Jaun eta Jainkoaren Bizitza eta Berri Ona', 'Santuen bizitza laburrak', 'El lenguaje vasco y Lati izkuntzaren joskera' dira haren lan batzuk. Orixerekin batera laguntzailea izan zen 'E. Gogoa' aldizkarian.
  • 1891-10-5. Irakurri eta ondo aztertu ondoren onartu zituen Udalak ordenantza berriak, agintarien aginduz idazkariak prestatu zituenak.
  • 1891-9-14. Izarraitz auzoko arduradunak ogi eta ardo 80 zatiko eta 24 kartutxo dinamita eskatu zituen, Bustinzuriko errebaletik Urreta baserrira bitarteko bidean konponketak egiteko, eta horrela erabaki zuen Udalak.
  • 1891-9-14. Alkateak adierazi zuen une hartan herriak zituen ordenantzak ikusi ondoren akats handiak aurkitu zituela, derrigorrezkoa izanik berri batzuk ahalik eta azkarren egitea. Idazkariari guztia prestatzeko agindu zioten, ondoren ontzat hartzeko aurkez zitzan.
  • 1891-8-31. Vista Alegre frontoiko enpresak egindako eskariari erantzunez, baimena ematea erabaki zuten ahari apustuak bertan jokatzeko.
  • 1891-8-12. Herriko artxiborako apalategi berria egitea erabaki zuten, idazkariaren zuzendaritzapean.
  • 1891-8-5. Inazio Mari Artetxek, berea zen Urola Kafetegia gaueko hamaikak bitartean eta egun berezietan hamabiak bitartean zabalik izateko eskatuz idatzitako instantzia gobernadoreak Azpeitiko Udalari bidali zion, erabakia hartzeko eskatuz. Ordenantzek kafetegi eta taberna guztiak gaueko hamarretan itxi behar zirela agintzen zutela, eta Udalari aldaketa egitea ezinezkoa zitzaiola erantzutea erabaki zen, nahiz eta gogoa izan beste ordenantza bat prestatzeko, batak eta besteak nolabait desberdinduz.
  • 1891-7-20. Gregorio Lizurume eta beste batzuek egindako eskaerari erantzunez, errukietxeko juntak adierazi zuen herritarren batzar nagusira deitzea ez zela bere eginkizuna eta, beraz, herriko Udalari eskaera zuzentzeko. Udalak, estatutuek horretarako eskubiderik ematen ote zion jakin gabe, Herri Batzar nagusia ospatzeko deialdia egitea erabaki zuen, baina garbi utzi zuen juntaren erantzuna jakin ondoren jokatu zuela horrela.
  • 1891-7-20. Pozik jaso zuten jesuiten probintzialaren idatzia, eta egokia iruditu zen elizkizunak ospatzea Loiolan hil honen 29 eta 30ean, goiz eta arratsaldez, 31n Azpeitian eta ondorengo egunean berriro Loiolan.
  • 1891-7-13. Herriari San Inazio jaio zeneko IV. mendeurrena uztailaren 31n eta abuztuaren lehen eta bigarren egunean ospatzeak kalteak sortzen zizkion, eta jesuiten Probintzialari idaztea onartu zuten egun horietan antolatu nahi ziren elizkizunak uztailaren 28, 29 eta 30era aldatzea ontzat hartzeko adieraziz.
  • 1891-7-13. Gregorio Lizurumek eta beste batzuek aurkeztutako eta aurrez alde batera utzi zen idatzia irakurri zuten berriro. Idatzian errukietxeko junta eraberritzeko Udalari herritarren batzarrerako deia egiteko eskatzen zuten. Baina estatutuek ez zioten Udalari horretarako ahalmena ematen eta Juntari berari eskaera zuzentzea erabaki zuten.
  • 1891-6-22. Kontuan izanik garbitokiko hiru inskripzio harriak apurtuta zeudela, marmolezko hiru berri jartzea erabaki zuten, aurrekoek zituzten inskripzio beraiekin.
  • 1891-6-15. Herriko urtegiak eta ur banaketa-sarea zaindu beharko zituen lanpostuaren baldintzak eta arautegia onartu zituzten.
  • 1891-5-28. Krixpin Beobide frantziskotar fraidea eta euskal idazlea hil zen, Tolosan.
  • 1891-4-15. Zumarragatik posta zerbitzua egiten zuen Juan Inazio Arregik eta honi 125 pezeta ordaindu zizkioten, lehen hiru hilabetetako soldata.
  • 1891-4-3. Rikardo Beobide Zendoia jaio zen, salesiar erlijiosoa, musikaria eta idazlea. Eleberri laburrak idatzi zituen: 'Bautizado en su sangre', 'El cuadro misterioso', 'Redimidos'... Askotan pertsonaje euskaldunak erabili zituen.
  • 1891-3-23. Kontuan hartu zen Udal Legea, herriaren lurraldea hiru zatitan banatzen zuena, probintziako diputatu eta herriko zinegotzien aukeraketarako. Lehen zatia, udaletxean botoak: enparantza nagusia, Santo Domingo kalea, Bustinzuri enparantzatxoa eta Arana, eta Izarraitz, Loiola eta Oñatz auzoak. Bigarren zatia, udaletxe zaharrean botoak: Enparan eta San Inazio kaleak, Iturrikale, Plaza Txikia, San Sebastian eta Santa Ana enparantzatxoak, Monjen errabala, Madalena eta Txaribar, eta Elosiaga auzoa. Hirugarren zatia, eskolako botoak: Santiago kalea, Kristina enparantzatxoa, Harzubi errebala, Urrestilla, Nuarbe, eta Odria, Aratz-Erreka eta Eizagirre auzoak.
  • 1891-3-9. Batzorde bat izendatu zuten San Inazio jaio zeneko laugarren mendeurrena ospatzeko egitaraua prestatzeko.
  • 1891-3-2. Ura etxeetara banatzeko lanak egiten ari zen Amadeo Delanuet eta hari epea luzatzea erabaki zuten, lana bukatzeko.
  • 1890-10-29. Alkatearen mozioa onartuz, Udalak kaleko farol guztiak kentzea erabaki zuen, alferrikakoak baitziren elektrika argia sartu zutenetik.
  • 1890-9-3. Alkateak adierazi zuen herrian ura zabaltzeko hodieria berriztatze lanen errematea egin zutela, eta lanak Amadeo Delanuetek hartu zituen beregain.
  • 1890-7-7. Herriko garbitokiko sarreretan burdin ateak jartzeko baldintzak onartu zituzten. Burdin ateak egin eta bere tokian jartzea errematera atera zuten.
  • 1890-4-28. Udal frontoian burdin eta frontis gainean burdinsarea jarri zuen Juan Joxe Iriarteri lana ordaindu zioten.
  • 1890-4-28. Elosiaga auzoko Joxe Mari Iturbe maisu berriak, beste maisuei bezala urtean 60 pezetako laguntza emateko eskatu zuen, eta horrela erabaki zuen Udalak.
  • 1890-4-21. Udal frontoiko frontis gainean alanbre galbanizatuko sarea jartzea erabaki zuten.
  • 1890-3-3. Pedro Alejandro Rekondo arkitektuak ura herriratzeko eginiko proiektua aurrera eramatea erabaki zuten.
  • 1890-2-19. Maltzagatik Zarautzera edo Donostiara egin nahi zuten bide estuko trenbidea egiteko Frantzisko Igartuak aurkeztu zituen oinarriak onartu zituzten. Batzorde bat ere izendatu zuten beste herrietakoekin batera gestioak egiteko.
  • 1890-2-19. Musika Bandako kideen eskaerari erantzunez, haiei ematen zizkieten bazkari eta askariak alde batera utziz, bakoitzari bazkariaren ordez bi pezeta eta askariaren ordez 50 xentimo ematea erabaki zuen herriak.
  • 1890-1-15. Auzolanean Enparan eta Estradako-erreka bitartean zen bidea egokitzen ari ziren langileei 200 zatiko ematea erabaki zuten, ogia eta ardoa.
  • 1889-12-16. Pedro Alejandro Rekondo arkitektuari Azoka plaza estaliaren planoak eta aurrekontua eskatzea agindu zioten alkateari.
  • 1889-12-16. Alkateak egindako gestioak medio, Anastasio Belokik herriaren argikuntzarako proposamen berria aurkeztu zuen.
  • 1889-12-9. Anastasio Belokik herriko argikuntza egiteko proposamena aurkeztu zuen. Udalak proposamen horretan aldaketa batzuk egiteko eskatu zion.
  • 1889-12-2. Alkateak Urolako trenaren proiektua aurrera zeraman juntarekin Zumarragatik Zumaiara bitarteko kontzesioa ematea hitzartu zuen. Proiektua aurrera eramateko 8.506,17 pezetako aurrekontu berezia prestatzea erabaki zuten eta herriak %1 aurrez ordaintzea.
  • 1889-9-23. Planes eta Flaquer Bartzelonako elektrika etxeak idatzi zuen, esanez herrian elektrika instalazioa egiteko proiektuak aurkeztu zituela. Udalak batzordea izendatzea erabaki zuen gaiari buruz behar ziren gestioak egiteko eta, ahal zela, oztopoak gainditu eta ideia aurrera eramateko.
  • 1889-6-17. Herritar batzuk kexatu egin ziren frontoian adin handikoek gaztetxoei jokatzen uzten ez zietelako, ezta txandaka ere. Horren aurrean, Udalak udaltzaina frontoia zaintzen jartzea erabaki zuen, horrelakorik gerta ez zedin.
  • 1889-6-3. Julian Arzamendi Larrea jaio zen. Erremontean txapeldun handia izatera iritsi zen.
  • 1889-4-27. Manuel Zelaia Zendoia jaio zen. Medikuntzan lizentziatua eta idazlea izan zen. 'Apokalipsis' euskaratu zuen eta 1964an argitaratu.
  • 1889-4-15. Errukietxeko juntak eginiko eskaera onartu zuten: herriko enparantzako pisuak erabiltzeko esklusibotasuna berari ematea diru bat lortzeko.
  • 1889-2-27. Baldintza batzuen bidez, herriaren okindegi erregulatzailea enkantean jartzea erabaki zuen herriak.
  • 1889-1-30. Herriaren elektrika argikuntzarako Juan Bautista Belokik aurkeztu zuen proposamen bakarra, eta harekin egin zuten tratua.
  • 1888-10-29. Egun hartatik aurrera orduekin batera gauzainek 'Alabado sea Dios' kantatzea erabaki zen. Joxe Mari Arregi erregidoreak egin zuen proposamena.
  • 1888-10-15. Errukietxeko juntak baimena eskatu zuen, kapera zerbait handitzeko. Udalak onartu egin zuen.
  • 1888-8-13. Lurraldeko kartzelako obrak egin zituzten eta Udalak lehen zatia ordaintzea erabaki zuen.
  • 1888-7-30. Loiolako eliza kontsakratu zuen Valladolideko (Espainia) artzapezpikuak.
  • 1888-5-16. Teodoro Erentxun margolariari ordaindu egin zioten, Bartzelonako Erakusketa Orokorrera bidaltzeko herriko armarri bat margotu zuelako.
  • 1888-4-30. Valladolideko (Espainia) Unibertsitateko errektoreari bi sexuen eskola oso bat Urrestillan sortzea eskatuz eskaera zuzentzea erabaki zuten, bertako biztanlegoa 500era iristen ez bazen ere.
  • 1888-3-5. Ordainketa bat egin zuen herriak, Urola trenaren memoria bat argitaratzeko.
  • 1888-3-5. Lurraldeko kartzelak egiteko tokia erosteko eskritura sinatzea onartu zuten.
  • 1888-3-5. Batzorde bat izendatu zuten Loiolako jesuitei eskerrak emateko, laguntza berezia eman zietelako behartsuei azken elurtean.
  • 1888-2-6. Loiolako zelaia egokitzeko zenbait herritarrek inolako interesik gabe eskainitako diru laguntza onartu zuten. Udalaren aurrekontuetan asignatu gabe gelditu zen, eta Inazio deunaren jaietarako dena amaitzea nahi zuten.
  • 1888-1-7. Kartzela eta epaitegi berria egiteko lurraldeak erosi zituen herriak.
  • 1887-10-31. Kartzeletarako juntak hartutako erabakia ikusirik, herriak tokatzen zitzaizkion 7.500 pezeta ordaintzea eta beste 7.500 pezeta lurraldeko herrien artean osatzea erabaki zuen, horretarako bakoitzaren ondasunak gogoan izanik.
  • 1887-10-3. Frantziska Iriarteri ordaindu egin zioten Espainiako erregeei ongi-etorria egiteko egindako lana -banderak eta alfonbrak jaso zituen-. Balaguer, Coll eta Ripoll dendako nagusiari ere ordaindu zioten, erregeei emandako freskagarriengatik.
  • 1887-7-30. Erdi kaleari 'San Inazio' deiturazko plakak jarri zizkioten.
  • 1887-7-27. Aho batez erabaki zuten Erdi kaleari 'San Inazio' deitura plaka jartzean, bertako biztanleei balkoietatik eskegita zintzilikatzeko eta musika bandarekin korporazioan udaletxera joateko eskatzea. Ondoren zezen bat aterako zuten kalean.
  • 1887-7-11. Erdi kalearen deitura aldatzea erabaki, eta 'San Inazio' kalea izendatu zuten. Hil honen 30ean ospe handiz plaka jartzea onartu zuten.
  • 1887-7-11. Zinegotzi baten mozioa onartuz, suhiltzaile taldea antolatzeko ikerketa egitea erabaki zuten.
  • 1887-5-25. Enparan eta Santiago kaleak harriztatzeko baldintzak onartu zituzten.
  • 1887-3-7. Posta eta Telegrafoko zuzendariak eginiko idatzia irakurri ondoren, esanez herriko Osasun Juntarekin bilera bat egin nahi zuela -orduan bulegoak Inazio Unanuek Erdi kalean zuen 24. zenbakian zeuden, eta etxea bizitzeko egokia edo ez erabaki nahi zuten bileran-, Udalak erabaki zuen hil hartako 9an bilera hori egitea.
  • 1887-2-23. Ohitura alde batera utziz, esan zuten uko egin ziotela Tomas Arzuaga eta Bernardo Olaizola gauzainek inauteri astearte goizean sokamuturra zuzentzeari. Ondorioz, agintariek bakoitzari bost pezetako isuna ezartzea erabaki zuten.
  • 1887-2-23. Gobernadore Zibilaren agindua beteta, herriko kale guztien izenarekin plakak lortzea erabaki zuten.
  • 1886-11-29. Herrian marrazki linealaren gau eskola zabaldu zuten, Teodoro Erentxunen zuzendaritzapean. Hilean 40 pezeta ordaindu zizkioten.
  • 1886-11-10. Aurreko batzarrean emandako agindua beteta, Zudupe zinegotziak adierazi zuen Ziriako Barrena eta beste batzuek marrazki eskola martxan jartzeko eskaera egin zutela, eta Erentxunek hilean 40 pezetako laguntza eskatu zuela, argiaren gastua eta aulkiak erostea herriak aurre egin beharrekoak izanik. Udalak erabaki zuen azterketa sakonagoa egitea gaiari buruz.
  • 1886-11-3. Ziriako Barrenak, beste herritar batzuekin bat eginik, marrazki eskola herrian martxan jartzeko eskatu zuen, Teodoro Erentxunek irakasle lanetarako zeukan trebetasuna aprobetxatuz. Udalari egokia izan zitekeela iruditu zitzaion, eta Joxe Inazio Zudupe erregidoreari gaia ongi aztertzea agindu zion.
  • 1886-10-25. Garaiko ganaduak zeukan prezioak haragiaren prezioa zerbait jaisteko bidea ematen zuenez, azaroaren 1etik herriko harategian kilo bakoitza pezeta batean saltzea erabaki zuten.
  • 1886-10-11. San Millango markesak musutruk eman zion herriari Enparan kale barreneko lur zati bat, zabalera handiagoa emateko bideari. Eskerrak ematea erabaki zuten.
  • 1886-6-7. Felix Ortiz San Pelaiok Sinfonia Baskongada estreinatu zuen Buenos Aires hirian.
  • 1886-5-24. Karlos Iberok eginiko torilen planoa onartu zuten eta beraiek San Inazio egunerako egitea erabaki.
  • 1886-4-19. Donostiako Epaitegi Kriminalaren eta Espainiako Auzitegi Goreneko presidentearen gutunak jaso ziren. Gutunetan epaitegiak eta kartzelak egitea eskatzen zen Azpeitiaren eta inguruko herrien lurretan. Horrelako eraikinek beharrezkoak zituzten gauza guztiak bete behar zituzten, bai osasun aldetik eta baita segurtasun aldetik ere.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.

Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan