1906-5-28. San Millango markesari parrokiko sakristia eta Santa Ana enparantzatxoko 2. zenbakia zuen etxearen arteko lurraldea erostea erabaki zuten, ganadu hiltegia egiteko. Etxabe arkitektuari planoak eta aurrekontuak egiteko eskatzea onartu zuten.
1906-5-9. Urteko aurrekontuko 75.000 pezetatik, 12.011'33 pezeta irakaskuntzan gastatzen zirela adierazi zuen Udalak.
1906-4-30. Haragia aztertzeko mikroskopioa erostea erabaki zuten.
1906-4-9. Eladio Manuel Odriozolak Urrestillako etxeetan indar elektrikoa jartzeko gogoa aurkeztu zuen. Urbieta errotatik, errepideari jarraituz, toki batzuetan linea botatzeko baimena eskatu zuen. Ontzat harturik, baiezkoa ematea erabaki zuten.
1906-4-9. Ondorengo ikasturtean bigarren mailako heziketa martxan jarriko zuten edo ez uztailaren lehen egunerako erantzutea eskatu zieten Anai Maristei.
1906-4-2. Idi-dema probak herriko enparantzan jokatzeko, plaza bera itxi eta sarrera kobratzeari buruz hitz egin zuten, probintziako beste herrietan egiten zen bezala. Baina, erabakia hartu aurretik, diputatu batzuen iritziak jasotzea onartu zuten.
1906-3-12. Joxe Artetxe Aranburu idazlea jaio zen. Bere lana gehienbat gazteleraz egin zuen; euskaraz, berriz, 'Egan' eta 'Zeruko Argia' aldizkarietan idatzi zuen. P. Goenagaren 'Agurea eta otsoa' lanak Artetxeren hitzaurrea du. Gipuzkoako Biblioteka Probintzialeko zuzendaria izan zen.
1906-3-7. Auziari buruz gobernadoreak horrela erabakita, zezen-plazaren kontratista Nikolas Azpiazu jaunak berehala eskatu zuen 8.279'44 pezeta ordaintzeko. Ogasun Batzordera pasatzea erabaki zuen Udalak.
1906-2-28. Garin baserritik Oñazko elizara bidea egiten ari zirenei 70 janari zatiko ogia eta ardoa ematea erabaki zuten.
1906-2-19. Jesusen Bihotzaren plaka bat jartzea erabaki zuten udaletxeko sarreran, eta aurrez ekintzari behar bezalako ospea emateko elizgizonekin harremanetan jarri ziren.
1906-2-7. Erretoreak eta apaizak parrokiaren inguruan ganaduen hiltegirik ez egiteko egindako eskaera erantzunda gelditu zen.
1906-2-7. Otsailaren 26ko Nekazari Lehiaketaren egitaraua onartu zuten.
1906-1-22. Zelai Luzeko zuhaitzak atera eta berriz ere landatzeko aurrekontua onartu zuten.
1906-1-15. Akilino Izagirre Amenabar jaio zen Azpeitian. Errezilgo Zepai baserrian hazi zen eta deitura hori hartuko zuen bertsolari handiak.
1906-1-8. Musika Akademia martxan jartzea erabaki zuten, nahi zutenek inolako ordainketarik gabe ikasketak egin zitzaten, baina gero Musika Bandan parte hartzera derrigortuz, baldin eta zuzendariari baliagarria zela iruditzen bazitzaion.
1905-12-13. Alkateak herritar batzuen eskutik jasotako proposamena izan zuen hizpide. Proposamena San Tomas ondoko egunean -abenduaren 22an- ganadu lehiaketa antolatzea zen. Gaiari buruz hitz egin ostean, lehiaketa hurrengo urteko inauteri astelehenera atzeratzea erabaki zuen, antolatzeko nahiko astirik ez zutelakoan.
1905-11-27. Dionisio Soroetak Azkoititik Zumarraga bitarteko zatian Urolako tranbia elektrikoaren enkantea egitear zela esan zuen gutun baten bidez. Ondoren, beharreko neurriak hartuko zituela agindu zuen, ahal zen azkarren tranbia martxan jartzeko.
1905-9-6. Joxe Egigurenek eta beste herritar batzuek, herriak lagunduta, eskatu zuten bigarren mailako heziketa martxan jar zezatela Anaia Maristen Ikastetxean, eta horretarako batzordea izendatzea. Horrela egitea erabaki zuen Udalak.
1905-8-23. Alkatearen mozioa ontzat hartu eta batzordea izendatu zuten, ura etxebizitzara sartuta zeukatenek egindako gehiegikeriak nola moztu aztertzeko.
1905-7-25. Parrokiko dorrean egindako lanak inauguratu zituzten, azpiko pasabidean jarritako Lourdesko haizpearekin batera.
1905-7-17. Urrestillara ura emateko egin behar ziren lanak enkantean jartzeko baldintzak onartu zituzten.
1905-6-19. Pedro Maiztegiri agindu zioten ordulari publikoaren esferari elektrika indarra jartzea.
1905-5-15. Herriari elektrika argia eskainiz, Anastasio Beloki eta Klaudio Manuel Odriozolak eginiko proposamenak ikusi ondoren, bigarrenarekin tratua egitea erabaki egindako.
1905-4-19. Alkateak Aurrezki Kutxa Probintzialarekin 28.000 pezeta aurreratzeko eginiko kontratua onartu zuten.
1905-4-14. Dionisio Soroetak Urolako tranbiari buruz eginiko konbenioaren berri eman zuen. Herriak aho batez erabaki zuen alkateari Kutxa Probintzialean 28.000 pezetako diru aurreratzea lortzeko ahalmena ematea, herriari tokatzen zitzaion ordainketa egiteko.
1905-4-10. Ganadu hiltegi berria egitea erabaki zuten.
1905-4-10. Urrestillara ura eramatea onartu zuten.
1905-4-3. Herritar merkatarien eskaerari erantzunez, merkatari ibiltariei Enparantza nagusian postuak jartzea debekatu zieten. Santiago kaleko frontoitik lorategi sarrerara bitartean izan zuten tokia.
1905-4-3. Herriko Osasun Juntak salatu zuen ganadu hiltegia anti-higienikoa zela, eta Udalak erabaki zuen Ogasun Batzordeak horren txosten bat egitea.
1905-4-3. Urrestilla ur gutxirekin zegoela-eta, hara ura eramateko batzorde bati txostena egiteko agindu zioten.
1905-3-6. Alkateari herriarentzat mesedegarriak ez ziren apustuak ezerezean uzteko eta enparantza nagusian jokatzen ziren apustuetan bitartekoei %25 kobratzeko eskubide osoa eman zioten.
1905-2-27. Aldakaiz ermitatxoan konponketa lanak egitea erabaki zuten.
1905-2-20. Urrestillara ura ekartzeko proiektua onartu zuten.
1905-2-20. Zumaiatik Zumarragara jarri nahi zuten tranbiaren proiektuari buruz interesa zuten herrietako ordezkariekin Azpeitian eginiko bileran erabaki zena adierazi zuen alkateak: herri guztiei eskatzea ahalik eta azkarren kontzesioa lortzeko, legeak agintzen zuen diru alderdia osatzeko ekarpenak egitea eta Azpeitiko herriari 28.000 pezeta tokatzen zitzaizkiola. Diru kopuru hori onartzea erabaki zuten.
1905-2-13. Anaia Maristen zuzendariaren eskaerari erantzunez, euren instalakuntzak sortutako gastuak ordaintzeko, sei hilabeteko diru laguntza aurreratzea erabaki zuten: 1.000 pezeta.
1905-2-6. Manuel Etxanizen marmol lantegitik kartzelara bitartean karel bat egitea eta handik Perdillegi baserrira bitartean hesi bat jartzea erabaki zuten.
1905-1-11. Inazio Goenaga Alberdi jaio zen. Jesuitekin egin zituen ikasketak, eta Orixeren ikaslea izan zen. Euskal olerkari eta idazlea izan zen, 'Seaska ondoan' deitutako olerkia izanik haren lanetako bat. 'Zeruko Argia' eta 'Jesusen Biotzaren Deia'-ko laguntzailea izan zen.
1905-1-9. Gernikako arbolaren landarea ekarri zuen Aurelio Ortizek erabilitako 'land' deituriko gurdiaren akura ordaindu zuten.
1904-12-5. Alkateak proposatu zuen, txistulariak lagun zituztela, zinegotziek ongi-etorria egitea Aurelio Ortizi. Hura zen Gernikako zuhaitzaren jatorrizko landareak ekarriko zituena.
1904-11-28. Gortean lurraldeko diputatu Teodoro Aranak Gernika-Lumoko jatorrizko zuhaitzaren landare bat eskaini zuen, gutun bitartez. Udalak eskaintza ontzat hartu zuen, eta eskerrak eman zizkion.
1904-11-28. Zinegotzi batek Andre Maria Sortzez Garbiaren eguna urte hartan ospatzea proposatu zuen, herriaren askatasunaren sinboloa zen zuhaitza aldatuz meza nagusia amaitzean; agintariek ez ezik, apaizak ere lekuko zirela eta, nahi izanik, azken foru diputatu Juan Bautista Azilona gonbidatuz. Horrela egitea erabaki zuten, eta gainontzeko ekintzen antolaketa alkatearen eskuetan utzi zuten.
1904-11-21. Ramon Mari Lilik idatzi zuen gutuna aipatu zuten, eta hark eskerrak eman zituen herriak zoriondu egin zuelako Gipuzkoari alkoholen legea ezartzean gobernadore zibilaren postua utzi zuela-eta.
1904-11-21. Alkateak proposaturik, foruen sinbolo Gernikako zuhaitzaren jatorrizko landare bat Kristina enparantzatxoan jartzea onartu zuten. Tokia egokitu zuten horretarako.
1904-11-15. Inazio Fort alkatearen proposamena onartuz, Ramon Mari Lili zoriontzea erabaki zuten. Izan ere, Alkoholen Legea euskal probintziei ezartzean, probintziako gobernadore zibilaren postua utzi egin zuen eta, horrela, betidanik zeukan abertzaletasuna agertu zuen.
1904-11-15. Zinegotzi baten proposamena onartuz, herriko enparantza nagusiari 'Plaza Mayor' deituraren tokian 'Plaza de los Fueros' jartzea erabaki zuten.
1904-10-31. Herriari tokatzen zitzaion zutoihal egoki bat egitea erabaki zuten.
1904-10-31. Inazio Font alkateak kargua utzi egiten zuela adierazi zuen, gauza guztien gain euskaldun sentitzen zela, eta gobernadore zibilaren eta beste herri batzuetako alkateen jokaera jatorra imitatzen zuela. Korporazioak aho batez txalotu zuen abertzaletasun jokaera hori, aktan idatzirik uztea erabakiz. Udalen korporazioari eragiten zion mozioa aurkezteko asmoa zuenez, Clementek batzar sekretu batetan udal berria osatzea eskatu zuen, eta horrela erabaki zuen Udalak.
1904-10-24. Diputazioko Batzordeak eginiko idatzia gustura jaso zuten, eskerrak emanez Udalari Espainiako Gobernuaren aurrean protestatu zuelako azkenaldian alkoholen zerga igo zutelako, Gipuzkoak zituen eskubideen kontra.
1904-9-19. Alkateak esan zuen ganaduen hiltegi berria egiteko lurraldea erosteko osatutako batzordeak San Millango markesarekin harremanetan jarri ondoren prezioa eta baldintzak ontzat hartu zituela -parrokiko sakristiaren inguruan kokatuko zuten-. 1.775 pezeta ordaindu eta eskritura sinatzea erabaki zuen Udalak.
1904-8-17. Santiago Agirre Segurola 'Txikuri' pilotaria jaio zen.
1904-7-4. Santo Domingo eta Santiago kaleak ez ezik, Kristina plaza txikia ere asfaltatzea erabaki zuten.
1904-6-13. Batzordea izendatu zuten ganaduen hiltegia egiteko lurraldea erosteko parrokiaren atzean.
1904-5-16. Diputazioaren gutunari erantzunez zera adierazi zuen herriko Ogasun Batzordeak: herrian ez zegoela langileen etxebizitzen beharrik. Udalak haren iritzia onartu zuen.
1904-5-16. Gauzainek orduetan eta erdietan kantatzen zutenean esaten zuten 'Alabado sea Dios' hitzei, 'y la Purisima Virgen' gehitzea eskatuz zinegotzi batek aurkezturiko mozioa onartu zuten.
1904-4-30. Parrokiko dorrean eta aurreko enparantzatxoan berrikuntza lanak hasi zituzten.
1904-4-11. Leon Lopetegi, S.J. historialaria jaio zen.
1904-3-14. Dionisio Soroetak bidalitako gutun pozgarriaren berri eman zuten. Zumaiatik Zumarragarako tranbia elektrikoaren eskubideak bereganatu zituela zioen Soroetak gutunean, eta ahal zuen guztia egiteko prest zegoela ahalik eta azkarren lanak hasteko.
1904-3-5. Errukietxeko juntak eginiko eskaera kontuan izanik, bertan kirofanoa edo ebakuntzarako gela bat egokitu nahirik, Udalak 300 pezetako diru laguntza ematea erabaki zuen.
1904-2-22. Plaza Txikiko 1. zenbakia zuen lehen eta bigarren solairuko errenta izendatu zieten (500 pezeta urtean) Marista Anaiei.
1904-1-11. Xebastian Camio arkitektuak azaldu zituen Azoka plazako obren diru alderdia onartu zuten.
1904-1-4. Sebastian donearen eguneko eta inauterietarako zezenak ez ezik, tarteko igandeetarako ere zezenak aukeratu eta tratua egiteko batzorde bat izendatu zuten.
1903-12-26. Joxe Martin Goenaga 'Atxumarriaga' eta Pedro Mari Otaño 'Santa Ageda' aizkolariak neurtu ziren herriko plazan. Atxumarriagak irabazi zuen.
1903-10-26. Ramon Nazabal, Xalbador Bengoetxea eta Galo Barrenak karlista mitin bat egiteko Azoka plaza edo zezen-plaza eskatuz eginiko eskaeraren berri eman zen. Agintarien artean eztabaidak sortu ziren eta bozketa egin zuten. Clemente, Arozena, Orbegozo, J.I. Azpiazu, Aztiria, Uranga, Belaustegi eta Iriartek baiezkoa eman zuten. Ezezkoa, berriz, Iarza, Alberdi eta alkateak.
1903-10-19. Berrasoeta-barrena baserrian izandako sutea itzaltzen lagundu zutenei afaria ematean eginiko gastuak ordaintzea erabaki zuten.
1903-9-21. Pozik jaso zuten Hego Euskal Herrian Obra Publikoen zuzendaria ingeniariak bidali zuen albistea: Azkoitia eta Zumaiaren arteko Urola tranbiaren kontzesioa.
1903-7-31. Zezen-plaza berria inauguratu zuten.
1903-7-27. Alkatearen mozioari esker, Elgoibartik Donostiarako trenak herriko festetarako zerbitzu berezia jarri zutenez, herrian kotxeak zituztenei tren horiekin bat eginda zerbitzu bereziak eskaintzeko eskatzea erabaki zuten.
1903-7-20. Alkateak aurkeztutako mozioa onartuta, Bilbotik Donostiarako trenaren konpainiari San Inazio festetan prezio merkeagoak jartzea eskatu zuten.
1903-7-13. Apezpikuak Anaia Maristak herrian gelditzeko eman zuen baimenaren berri adierazi zuen. Herriak pozik hartu zuen erabakia.
1903-7-6. Herriko Osasun Juntaren eskaera ontzat hartu zuten, eta Kristina enparantza txikiko pixatokiak botatzea erabaki zuten.
1903-7-1. Herriak Anaia Maristekin egindako kontratua onartu zuten.
1903-6-8. Herria eta Anai Maristen arteko konbenioaren oinarriak onartu zituzten ikastetxe bat herrian jartzeko.
1903-5-25. Bustinzuri errebaleko biztanleen eskaerari erantzunez, iturria jartzea erabaki zuten Sagastizabal baserrirako bidea hasten den tokian.
1903-4-27. Zezen-plaza berria inauguratu behar zutela-eta, saninazioetarako zezenketak antolatzeko batzordea sortzea erabaki zuten.
1903-4-22. Usabiaga jaunaren alargunari zezen-plazarako lur zati bat erostea erabaki zuten.
1903-4-22. Herrian ikastetxe bat ireki nahi zuten Anai Maristekin harremanetan jartzeko, batzordea izendatu zuten.
1903-3-23. Arana errebalean behar zen lurraldea libre uztea erabaki zuten, beharrezko zuzentasuna eta zabalera emateko Azkoitira abiatzen zen errepideari.
1903-3-23. Ontzat hartu zuten zezen-plaza berria egiteko Nikolas Azpiazu Olaizolarekin eginiko enkantea. Hamar egunen barruan beharreko bermea osatuko zuen agiria aurkezteko gelditu zen.
1903-3-16. Elosiaga auzoko alkateari 225 zatiko ematea erabaki zuten, Nuarbe auzora bitartean bidea zabaltzeko.
1903-3-16. Joxe Luis Beristaini bi lur zati erostea erabaki zuten, bi horiek zezen-plaza egiteko behar zen zatiarekin trukatzeko.
1903-3-9. Egin zuen eskaerari erantzunez, Felix Ortiz y San Pelayo herritar izendatzea erabaki zuten, Udal Legearen 16. artikulua gogoan izanik.
1903-3-9. Alkatearen mozioa ontzat hartuta, udaletxeko elektrika argia gehitzea erabaki zuten.
1903-3-4. Zezen-plaza berria egitea enkantean jartzeko baldintzak irakurri eta onartu zituen herriak.
1903-3-4. San Sebastian egunean eta astearte karnabalera bitarteko igandeetan kaleratu ziren zezenak ordaindu zituzten.
1903-3-4. Alkatearen mozioa onartuz, udaletxeko balkoietarako esekiak eginaraztea erabaki zuten.
1903-2-18. Zezen-plazaren proiektua onartu zuen gobernadorearen gutuna jaso zuten.
1903-1-27. Zezen-plazako obrak zatika ordaintzeko egindako aurrekontu berezia onartu zuten.
1903-1-12. Udalak, Inazio donearen jaietarako zezen- plaza amaiturik egon zedin, tramite guztiak ahalik eta azkarren aurrera eramatea erabaki zuen.
1903-1-5. Azoka plaza iparraldetik ixten ari zen Joxe Antonio Juaristi, eta hari agintariek bermea erabat osatzea ezinbestekoa zela gogoraraztea erabaki zuten.
1902-12-23. Sebastian Camio arkitektuak zezen-plaza berriko obren likidazioa aurkeztu zuen, eta Udalak hori aztertzeko batzordea izendatzea erabaki zuen.
1902-12-23. Uranga zinegotziaren proposamena onartuz, hilaren 22an ospatu zen ganadu feriaren sortzaile Iarzari eskerrak ematea erabaki zuten.
1902-12-15. Domingo Ezeizak prestatutako zezen-plazaren aurrekontua aurkeztu zuten. 59.295,50 pezetakoa zen, eta jaitsiera batzuekin 47.848,50 pezetatan gelditu zitekeen. Eztabaidatu ondoren eta iritzi desberdinak agertzean, bozketa bidez ontzat hartu zuten: zazpi baiezko eta lau ezezko.
1902-11-17. Azoka plazaren iparraldea ixteko obrak enkantean jartzeko baldintzak onartu zituzten.
1902-10-6. Domingo Ezeizak prestatutako zezen-plazaren hiru proiektu aztertu zituzten, eta nahiko eztabaida sortu zen gastatu beharreko diru kopuruari zegokionez. Azkenean, 50.000 pezeta eta lurra inbertitzea erabaki zuten.
1902-9-15. Eztabaida baten ondoren Azpeitiko Udalak Domingo Ezeiza maisuari zezen-plazaren planoa eta aurrekontua prestatzeko agintzea erabaki zuen, beharko zen lurraldea kontuan izan gabe baina 35.000 pezetatik gora pasatu gabe.
1902-9-10. Arte eta Ofizio Eskola herrian jartzeko proiektua aurkeztu zuen Joxe Iarza zinegotziak, eta hiru arlotan banatu zuen egitasmoa: 1. Artistikoa. 2. Komertziala. 3. Nekazaritza eta Abeltzantza.
1902-8-23. Ildefontso Gurrutxaga historialaria jaio zen. Euskadiko fiskal nagusia ere izan zen 1937an.
1902-8-4. Azkoititik Zumaiara bitarteko tranbiari buruz Gipuzkoako Obra Publikoen ingeniariburuak egindako idatzia irakurri ondoren, Udalak proiektua onartzea erabaki zuen, baina ezarritako baldintza batzuk bete beharko zituen. Horrela, tranbiak kalearen ezker aldetik joan beharko zuen, bera eta etxebizitzen artean 0'75 metroko tartea utzita. Tranbiaren martxa abiadak herria igarotzean, berriz, pertsonaren pausokoa izan beharko zuen. Azkenik, etenik gabe kanpaitxoa joko zuen bide guztian, eta alanbrea eta errailak jartzeko lanak eta kalean egin zitezkeen kalteak kontzesionariak ordaindu beharko zituen.
1902-8-4. Alkateak, Alberdik eta Urangak osatutako batzordea izendatu zuten, herriz kanpo zezen-plaza egiteko lurraldea erosi eta aurre gestio guztiak egiteko.
1902-8-1. Plazan altxatzen zen egurrezko zezen-plazan azken zekorketa ospatu zuten. Beriain semeen zezenekin Tomas Alarcón 'Mazzantinito' toreatzailea neurtu zen.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago