1886-3-15. Urrestillako garbitokia egin zuen Inazio Etxeberriari haren kostuaren erdia ordaintzea erabaki zuten.
1886-2-1. Errukietxeko juntak bertara ura ekartzeko lanak oraindik ez zirela amaitu adierazi zuen, aurrez garbitoki bat egin behar zelako.
1886-1-18. Kaleetako farolak noiz piztu eta itzali behar ziren ardura zedin zinegotzi bat izendatu zuten.
1886-1-11. Urrestillako garbitokia egiteko lanak amaitu zirela adierazi zuten.
1885-11-30. Herriaren aldetik Durangon zegoen Frantziako tropari 1808an eginiko hornikuntza kobratu nahirik, herriak idatzitako gutunari Bizkaiko Diputazioak emandako erantzunaren berri eman zuten: ez zituela ordainduko 86.309,28 erreal, ez zutelako inolako agiririk aurkitzen hornikuntza egin zela adierazten zuenik.
1885-11-30. E. Schill erlojulariak, herriaren aldetik erosi eta Benito Ieregik udaletxean jarritako ordulariari buruz iritzia eman zuen, aurrez aurkitutako akatsak zuzendurik zituela esanez. Udalak ordulariaren bigarren zatia ordaintzea erabaki zuen.
1885-11-2. Benito Ieregi erlojulariak herriaren aginduz udaletxerako egindako ordularia ikusi ondoren, Schillek emandako iritziaren berri eman zuten, eta Udalak Ieregi hautatu zuen, ordaindu aurretik akats batzuk zuzen zitzan.
1885-10-26. Alkateak adierazi zuen Ieregi erlojaria prest zela agindutako ordularia herriaren eskuetan uzteko, eta Udalak erabaki zuen Schill izendatzea berak azter zezan eskrituran aginduta bezala egina zen ala ez.
1885-9-21. Santiago kalea eta Kristina plazatxoa lauzatzean eginiko gastuak ontzat hartu zituzten.
1885-9-21. Harzubia eta Goiko kaleko biztanle batzuek idatzia aurkeztu zuten, herriari errukietxeko juntaren aurrean gestioak egin zitzala eskatuz, soberan zeukaten urarekin iturria jartzeko ondoen iruditzen zitzaien tokian, herritarrentzat ongarria izango zelako. Eskatutako gestioa egitea erabaki zuten.
1885-9-16. Felix Barrenak Urrestillako garbitokiari buruz aurkeztutako aurrekontua aztertu zuten, eta obrari hasiera ematea erabaki, baldintzak prestatu ondoren errematean jarririk.
1885-7-31. Egurrezko zezen-plaza berria inauguratu zuten.
1885-7-30. Vista Alegre Frontoia inauguratu zuten.
1885-5-27. Loiolako obren jarraipenaren lehen harria jartzeko ekintza zela-eta, Pozezko oroimen bat gordetzea erabaki zuten aho batez.
1885-5-20. Loiolako obraren lehen harria jartzea ospatuz, hilaren 24, 25 eta 26an egin nahi zuten hirurrena antolatzeko batzordea izendatu zuten. Santutegiaren kanpoa eta zelaia apaintzea eta hiru egunetan korporazioan joatea erabaki zuten. Azkoitiko Udalari bertako korporazioa pozik hartuko zutela adierazi zioten.
1885-4-27. Alzola ingeniariak gutun baten bidez esan zuen maiatzaren lehen egunetik zeukala asmoa Urola trenari buruz ikerketak egiten hasteko. Herriak erabaki zuen proiektuan interesa zeukaten herri guztiei jakinaraztea hori, lehen zatia hari ordaintzeko dirua eman zezaten.
1885-4-22. Benito Ieregik udaletxerako ordulari bat eskaini zuen 6.300 errealean eta herriak onartu egin zuen.
1885-4-8. Udaletxean ordulari bat jartzeko Benito Ieregik egindako proposamena ikusirik, hari idaztea erabaki zuten, herriratzeko eskatuz, eta gaiari buruz hitz egiteko.
1885-3-23. Zezen-plazako tendidoa enkantean jartzea erabaki zuten.
1885-3-9. Baimena eman zioten Joxe Antonio Legorburu, Vista Alegre deitutako frontoia egiten ari zen elkarteko buruari, obrak egiten ari zen bitartean kaleko espaloia erabili ahal izateko, materialak inguratzeko.
1885-2-23. Frontoi berria egiteko baldintzak ezagutzera ematea erabaki zuten.
1885-2-16. Udalak frontoi berria egiteko baldintzak ezagutzera eman zituen.
1885-2-11. Joxe Inazio Arregi eta beste herritar batzuek Udalari frontoi berria egiteko eskaintza egin zioten, baldin eta herriak 6.000 pezeta aurreratzen bazituen. Baina 30 urte igarotakoan frontoia herriaren eskuetara pasatuko zen. Ez zuten inolako erabakirik hartu.
1885-2-4. Frontoi berria egiteko bi elkarte eta herritarren proposamena jaso zuten agintariek.
1884-11-5. Felix Barrenak zezen-plazarako egindako hesi eta lan berriei buruz zeukan iritzia jakinarazi zuten.
1884-10-15. Zezen-plazan aldaketa batzuk egiteko, Miguel Castiellak proposamena aurkeztu zuen.
1884-8-7. Inazio Perez Arregi jaio zen.
1884-7-5. Joxe Antonio Kanpos 'Ttantto' jaio zen. 1906ra bitartean eskuz jokatu zuen pilotan eta gero erremontean; bietan trebetasuna agertu zuen. Gogoratzekoak izan ziren Kanpos anaiek Uzin anaien aurka jokatutako zenbait partida, tartean 1911ko irailaren lehen egunean Ategorrietako Jai Alai frontoian jokatutakoa, bi ordu eta 25 minutuko partida. Lehenengoek irabazi zuten.
1884-4-23. Karnabal asteartean kaleratutako Nafarroako zezena ordaindu zioten Inazio Ramon Irureri. Jeronimo Uzini, berriz, San Sebastian egunean, karnabal bitarteko igandeetan eta karnabal astearte goizez kaleratutako zezenak ordaindu zizkioten.
1884-3-3. Egunean 7,50 pezeta ematea erabaki zuten Bikendi baserriko Joxe Inazio Unanuerentzat, honen emazte Teresa Lekuonak haur neskatxa bikiak izan zituelako eta haietako bati bularra emateko.
1884-2-11. Zumarragatik Getarira bitarteko errepidearen planoa Diputazioari eskatzea erabaki zuten, Alzola ingeniariak beharrekoa baitzuen aipatutako bi herrien artean trenbidea nondik nora joan zitekeen ikusteko.
1884-1-7. Batzorde bat izendatu zuten Zumarragatik Zumaiara egin nahi zen trenbideak inguruko herrietara nolako mesedeak ekar zitzakeen aztertzeko.
1884-1-6. Loiolako obrak jarraitzeko baimenaren Agindu Erreala eman zuten.
1883-10-29. Joxe Domingo Gerrikagoitiarekin bigarren mailako heziketa eskolako irakasletzako kontratua sinatu zuten.
1883-10-15. Inazio Mari Artetxeri ordaindu egin zioten Isabel II.a Espainiako erregina herrira etorri zenean udaletxean eskainitako freskagarria.
1883-9-26. Joan Joxe Elorzak jakinarazi zuen aurreko astelehenean batzarra alde batera uzteko arrazoia bakarra izan zela: Udalak Isabel II. Espainiako erreginari ongi-etorria eman behar izan ziola.
1883-9-26. Herritarren aldetik interes handia zuen bigarren mailako heziketari buruz hitz egin zuten. Irakasle bat izendatzeko garaia heldu zen, aurrekoak lanpostua uztean. Joxe Domingo Gerrikagoitiak egin zuen proposamena irakurri zuten: ikasgai berak lau urtean emateko prest agertzen zela, gutxienez 1.750 pezeta kobratuta. Aurreko irakaslearekin eginiko agiriak ikusi ondoren, eta derrigorrezkoa ikusirik berehala norbait izendatzea, Gerrikagoitiari hauxe erantzutea erabaki zen: urtean 1.750 pezeta emango zizkiola herriak, eta ikasleei lehengoa kobratuko zietela; gainontzeko baldintzak bera herriratzean erabakitzekotan utzi zuten.
1883-9-17. Inazio Ibero alkateak kexak jaso zituela adierazi zuen, eta oiloak kaleetan ibiltzea debekatzeko eskatu ziola jendeak. Kontuan izanik garai hartako gehiegikeria, neurria hartzea egokia izan zitekeela esan zuen, arrazoizko kexak zirelakoan. Azpeitia bezalako herri garrantzitsuaren kulturari maila batean eraso egiten ziola zioen alkateak eta, bando baten bidez, urriaren 1etik aurrera oiloak kaleetan ibiltzea debekatzea erabaki zuten.
1883-9-17. Alkateak jakinarazi zuen egokia izan zitekeela ordenantzaren 41. artikulua betearaztea -gutxienez, urtean behin herritar guztiek etxeko tximinia garbitu zezatela agintzen zuen-, kontuan izanik hura zela nekazariek lastoa eta belarra etxeratzen zituzten garaia, suteren bat izateko arrisku berezia sorturik. Bando baten bidez, aipaturiko artikulua betetzeko agintzea erabaki zuten.
1883-9-17. Alkatea eta Azilona zinegotzia aukeratu zituzten, Azkoitian Isabel II.a Espainiako erreginari begirunea agertzeko -egun berean han zen erregina-.
1883-9-10. Zinegotzi batzuek adierazi zuten, herriko zenbait okindegitan ibili ondoren, lau librako ogiek 1.800 gramo pisatzen zutela gehienez, 1.968 gramo beharrean. Okin guztiei deitzea erabaki zuten, eurekin harremanetan jarri ondoren, lau libra deituriko ogia 1.968 gramokoa egin zezaten.
1883-8-13. San Inazio hirugarren egunez herritarren artean ospatutako zekorketan parte hartutako toreatzailerik onenaren saria Felipe Iriarteri ordaindu zioten.
1883-7-27. Sebastian Errasti 'Xaxurre' jaio zen, Nuarbe auzoan, Atxaran baserrian.
1883-7-23. Herriko gauzainentzat erositako hiru errebolber, balak eta zorroak ordaintzea erabaki zuten.
1883-7-2. Azpeitiko Udala osatu berria zen eta lehendabiziko batzarra egin zuten. Herrian egun gogoangarria zenez -Gipuzkoako Batzar Nagusiak ospatu zireneko urteurrena baitzen-, aho batez erabaki zuten amaiera gabeko maitasuna agertzea antzinako Batzar Nagusiei, herriaren maila goreneko, jator eta egiazko agerkizunak zirela-eta.
1883-7-2. Kontuan izanik nola saiatu zen eta zenbaterainoko zuzentasunez bete zuen alkatetza Inazio Iberok, Udalak aho batez erabaki zuen eskerrak ematea idatzi baten bidez. Iberok aldetik eskerrak eman zituen, eta onartezinekotzat jo zuen egiten ziotena.
1883-6-6. Gauzainen sarjentuak, lau errebolber, lau txilibitu eta beste hainbeste karraka eskatu zituen, aurreko egun batean bezala irainduak izan ez zitezen. Udalak erostea erabaki zuen.
1883-1-17. Haragiaren merkealdia kontuan izanik, kiloari 1'12 pezetako prezioa ematea erabaki zuten.
1883-1-10. Ontzat hartu zuten Madalena auzunerako behar zen harria atera, landu eta garraiatzearen kontua.
1883-1-10. Kexak azaldu zituzten bidaiariak eta merkantziak garraiatzen zituztenek, Artetxe ostatuaren inguruan eta herriaren barreneko sarreran bidea egoera txarrean zegoelako.
1882-12-13. Herrian errukietxea zabaltzeko Gipuzkoako Diputazioak egindako txostena irakurri zuten. Udal Ogasun Batzordeak adierazi zuen ezinezkoa zela errukietxeari sakrifizio handiagorik eskatzea, ekonomia aldetik nahiko egoera larrian baitzen, eta bere esker ona adierazteko modutzat gehienez bertara joaten ziren gurasorik gabeko ume bakoitzagatik erreal laurden baten jaitsiera egitea proposatu zuen, kontuan izanik bost urtez azpikorik ez zela hartuko bertan. Udalak Diputazioari horixe adieraztea erabaki zuen.
1882-11-27. Ikusirik herriak egiten zuen gastuaren neurrian ez zela lortzen argikuntza, Poliziaren Batzordeak proposatu zuen lehenik, Tolosa, Bergara, Irun, Beasain eta Oñatin nolako argikuntza zuten eta nolako emaitzak lortzen zituzten jakitea, bere kostuaren berri ere jakinik; bigarrenik, datu horiek jaso bitartean, honoko neurriak hartzea: a) kalitate oneko gasolina erabiltzea; b) jakinekoak ziren akatsak zuzenduz, farolak egokitzea. c) ohiko farolak baino gehiago piztea, zerbitzu ona eskaintzeko herritarrei. Udalaren aldetik, horrela egitea erabaki zen.
1882-11-27. Otso bat herriratu zuenari, sari bezala pezeta bat ematea erabaki zuten.
1882-11-8. Poliziaren batzordeak prestatutako herri ordenantzak irakurri eta onartu zituzten, eta Gobernu Zibilera bidaltzea erabaki zuten, honek ere onar zitzan.
1882-10-2. Hurrengo egunetik aurrera haragiaren prezioa merkatzea erabaki zuten, kiloa 1'04 pezetan saltzeko.
1882-9-25. Probintziko Batzorde Iraunkorraren idatzia jaso zuten, eta Eusebio Lopez Tolosako editorea prestatzen ari zen Frantzisko Aizkibelen 'Euskeratik erderara biurtzeko izteguia' erostera bultzatu nahi zituzten udalak. Azpeitiko Udalak ale bat erostea erabaki zuen.
1882-9-4. Alkateak adierazi zuen derrigorrezkoa egiten zela kontuan izatea ardoaren zergarekin lortzen zen diru kopuruak urte hartan izango zuen jaitsiera, sagar asko jaso zelako. Aurrekontua behar bezala osatu nahirik, azaroaren 1etik saltzen zen hektolitro sagardo bakoitzari pezeta bateko zerga ezartzea erabaki zuten.
1882-9-4. Izarraitz auzoko Joxe Antonio Alberdik eta beste bakar batzuek 40 zatiko ogi eta ardo eskatu zituzten, Korostietako putzu handia -auzoko ganadu gehienek ura edaten zuten tokia- garbitzen ari zirenen artean banatzeko, eta udaltzain baten bidez albistea pasatzea inguruko baserritarrei, lan hori egiteko eskatuz. Horrela egitea erabaki zen.
1882-8-14. Inazio Ibero alkate zela, hamazazpi puntuz osatutako bandoa onartu zuten, eta ondoren herritarren jakinerako zabaldu.
1882-7-26. Gobernadoreak lurraldeko Epaitegiko Presidentearen idatzia bidali zuen. Bertan, Miguel Castiellak buru egiten zuen Udala osatzen zutenak prozesatuak izan zirela adierazi zuten, Meliton Izeta izan ezik.
1882-6-28. Zestoako, Azkoitiko eta Zumaiako idatziak jaso zituzten. Herriok eskerrak eman zituzten trenbideaz iritziak jasotzeko deitu zituztelako. Hurrengo asteartean egingo zen bilerara deitzea erabaki zuten.
1882-5-22. Gasteiztik irten eta Azkoitia, Azpeitia, Zestoa eta Zumaia bitarteko trenbide batek sor zezakeen abantailaren berri ematen ahalegindu zen alkatea, herritar askoren eskaria jaso ondoren. Geldirik egotea kaltegarria zenez, bilera deitzea proposatu zuen. Herrietako udalak ez ezik, herritar berezienak deitu zituen. Proposamena ontzat hartu zuten, eta aipaturiko herrietako alkateei berehala idaztea erabaki zuten.
1882-5-15. Unean trinketea zegoen tokian frontoi berria egiteko proiektua aurkeztu zuen herritarren artean sortutako batzordeak, eta Udalak beste batzorde bat izendatzea erabaki zuen, bata eta bestea harremanetan jarri eta proiektu berria aurkez zezaten.
1882-2-13. Inauteri asteartean kaleratzen zen zezenaz gain (tabernariek itxitura jartzen zuten), beste zezen bat kaleratzea erabaki zuten.
1882-1-2. Madalena ermitaren kanpoko harresia ahalik eta azkarren jartzea eskatu zioten Joxe Inazio Aizpuru erregidoreari.
1881-7-11. Benefizentzia Juntak eskatu zuen kanpoko merkatariei San Agustin eta Santo Domingo arkupeetan postuak ez jartzeko agindua ezerezean uztea, eta horrela erabaki zuen Udalak. Ondorengo goizean bandoaren bidez erabakia jakinarazi zuten.
1881-7-5. Aurrez ezerezean utzitako agintariak herriratu ziren, eta utzitako postuak eskuratu zituzten.
1881-7-4. Kontrabandoa zaintzeko Joxe Mari Larrañaga eta Joxe Ramon Arozena izendatu zituzten. Bakoitzari egunean sei erreal ordaintzea erabaki zuten. Herriko udaltzainei ere libre zituzten orduetan lan bera egitea eskatu zieten, eta horiei egunean bi erreal gehiago ordaintzea eskatu zuten.
1881-7-4. Atanasio Galarretari 'Kartzela' etxeko denda alokatzea erabaki zuten, Estanko Nazionala jartzeko.
1881-6-13. Benefizentzia junta kexatu egin zen alkateak hartutako erabakiaren aurrean. Erabaki horretan atzerritarrei debekatu egiten zitzaien postuak jartzea San Agustin eta Santo Domingo arkuetan. Debeku hori altxatzea eskatu zuten. Izan ere, bertatik jasotako dirua errukietxearentzat izaten zen. Udalak beharrezko neurriak hartuko zituela esan zuen, galdutako dirua beste bide batetik eskuratzeko. Urkiola zinegotzia ere ez zegoen ados alkateak hartutako erabakiarekin, atzerriko merkatariak antzinatik etortzen zirelako. Herriko eta kanpoko merkatariek eskubide berak zituztela esatean eta iritzi desberdinak agertzean, bozketa egin zuten eta Urkiolaren nahiak galdu egin zuen.
1881-6-6. Notarioak ekainaren 15ean gobernadorearen aginduz agintaritzan zirenek sinatutako idatzia aurkeztu zuen. Bertan orduan ziren agintariei beraien postuak uzteko eskatu zuten, baina ezezkoa erantzun zieten.
1881-4-20. Gobernadorearen eskaera erantzunez, alkateak aurrez herrian agintaritzan izan zirenen lanaren berri jakinarazi zuen.
1881-4-15. Aurreko egunean emandako agindu bati esker aurrez zegoen Udala ezerezean uztean, udal ordetasun berria gobernadoreak izendatutakoek osatu zuten.
1881-3-16. Ogasun ministroari Santo Domingoko kuartela eskatzea erabaki zuten, bertan kartzela berria egiteko.
1881-3-13. Urrestillako Kosme Damian Olaskoaga eta Azpiazu monsignore eta fraidea hil ziren herrian. Frantziskanen laguntzailea bertako elizan hilobiratu zuten.
1881-3-9. Joxe Mari Gurrutxaga 'Txokolo Zaharra' jaio zen Nuarbe auzoan.
1881-2-7. Harzubitik Enparan etxera bitarteko bidean karaitza bota eta konpontzea erabaki zuten.
1881-1-18. Apezpikuak Nuarbe auzoan igande eta jai egunetan izan ohi zen meza debekatuta zuen eta Udalak berriro baimena eman zezan gestioak egitea erabaki zuen.
1880-11-16. Serafin Tapia kexu zen, egunaren edozein ordutan eta kalean txerriak hil eta erretzen zituztela esanez. Udalak bandoa ematea erabaki zuen, horrelako ekintzak debekatuz.
1880-11-8. Gaspar Bereziartuak, beste herritar batzuekin batera, gurdiak zarata atera gabe ibiltzeko debekua Udalak ezerezean utzi zezala eskatu zuen. Izan ere, haien ustez, herri barruan ez ezik, istripuak izateko arrisku handia zegoen noiznahi, gurdiaren azpian sartu eta ardatza olioztatzea. Diputazioa jakinean jartzea erabaki zuten, berak gaiari buruz zerikusia zuela-eta.
1880-9-22. Agustin Etxeberria bigarren mailako heziketa eskolarako irakaslearen eskaerari erantzunez, bete beharreko baldintzen berri eman zuten.
1880-8-20. Bando baten bidez, ogia Sistema Metriko Dezimala erabiliz kiloka saldu behar zela erabaki zuten, okinek behar bezalako pisua zeukaten ogiak saltzea ezinezkoa baitzen.
1880-8-8. Zinegotzi batzuek adierazi zuten okindegietan behar bezalako pisu gabeko ogia saltzen zelako kexa handiak zirela herrian eta, txandatuz, astean behin okindegiak bisitatzeko baimena eman zieten.
1880-7-26. Parrokian zen San Inazioren zilarrezko irudia abuztuaren lehen egunean egingo zen prozesioan Loiolako Santutegira eramatea erabaki zuten. Jesusen Lagundiari eskainiko zioten gordetzeko, baina herriaren jabego izaten jarraituz. Parrokiko apaizak egingo zen eskritura partaide izatera gonbidatu zituzten.
1880-7-5. Joxe Inazio Aizpuruk Madalena ermitaren aurrean burdinsarea jartzea eskatu zuen, Udalak 1879ko urtarrilaren 13an hartutako erabaki batean oinarrituta. Agintariek proiektua ez zutela ahaztuta erantzun zuten.
1878-1-28. Julian Elorza jaio zen.
1876-12-28. Joxe Gurrutxagaren La Azpeitiana fabrikako 80 akzioren zozketa egin zuten, haietako hamar bueltatzeko.
1876-12-21. Herriak azokara etortzen ziren saltzaileei zergak kobratzea erabaki zuen. Toki estalietan metro kuadroko bi erreal eta estali gabekoetan erreal bat. Herriko saltzaileei, berriz, besteen erdia kobratzea onartu zuten.
1876-9-21. Herriak eginiko eskaerari erantzunez, Agustin Iturriagak eta Baltasar Ansolak txostena aurkeztu zuten, herriak martxan jarri nahi zuen bigarren mailako hezkuntzari buruzkoa, Oñatiko Unibertsitateko irakaslea izan zen Joxe Domingo Gerrikagoitiarekin harremanak izan ondoren. Urriaren 1etik herrian katedra izango zela agindu zuten, eta herriaren aldetik hiru mila erreal ordainduko zizkiotela lehen urtean, herritar ikasle bakoitzaren aldetik hamar erreal jasoko zirela hilean irakasgai bakoitzeko (kanpokoek hamasei erreal hilean irakasgai bakoitzeko). Urtea amaitzean ikusi beharko zuten herritarren laguntza txikiagoa izan zitekeen, baina irakasleak urtean sei mila erreal jasotzen zituela gutxi gorabehera. Eginiko gestioak ontzat hartu zituen herriak, eta bere berri irakasleari ematea erabaki zuten.
1876-8-24. Lehen mailako eskola zuzentzen zuen Leontzio Bentura maisuak eta laguntzaile bat eskatu zuen, eskolan 165 mutiko baitzituen. Udalak laguntzaile egokia topatzeko gestioak egitea erabaki zuen.
1876-7-13. Azken gerra karlistan sortutako gastuei aurre egiteko Joxe Manuel Larrañagak, Agustin Iturriagak, Bernardo Iturriagak eta Joxe Mari Arregik 1872ko abenduan aurreratutako dirua itzultzea erabaki zen, baina herria interesak ordaintzekotan geratu zen.
1876-3-16. Gobernadoreak eginiko eskaerari erantzunez, bakearen aldeko jaiak ospatzea erabaki zuten hil honen 20, 21 eta 22an.
1876-3-9. 1873ko abuztuaren 13an gauzain postuan ziren berak lehengo lanean jartzea erabaki zuten, orduan zirenak kenduta.
1876-3-7. Udal liberala osatu zuten, eta Grazian Zelaia jarri zen alkatetzan.
1876-2-20. Alfonso XII.a Espainiako erregea iritsi zen herrira.
1876-2-15. Loiolan Moriones eta Loma jeneralak bildu ziren.
1876-2-2. Jesusen Lagundiko erlijio botoak egin zituen Anaia Frantzisko Garatek.
1876-1-8. Lizarraga karlista jenerala iritsi zen herrira.
1876-1-3. Azken udal karlista osatu zuten herrian, Joxe Inazio Beristain alkate zela.
1875-11-21. San Agustin eliza egokitzea 9.720,80 erreal kostatu zela adierazi zuten, eta alkateak zioen herrian horretarako egindako diru bilketan 4.468,18 erreal osatu zituztela eta gainontzekoa Udalak ordaintzea erabaki zuela.
Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.
Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago