Efemerideak

  • 1739-5-25. Loiolako langileen artean batzuk iskanbila sortu nahian zebiltzala jakin zuten: aleen neurria aldatzeko herritarrak zirikatzen ari ziren batzuk. Alkateak haietako bi atxilotu zituela adierazi zuten eta, ondoren, probintziko kartzelara eraman zituela. Errudunak zirela eta zigortzeko esanez, korrejidoreari eta Diputazioari idaztea erabaki zuten.
  • 1739-5-22. Parrokiko 'Bataio' kaperako obra jarraitzeko probintziak emandako diru laguntzaren berri jakinarazi zuten. Aurrera jarraitzea onartu zuten.
  • 1739-5-22. Nafarroako Erresumara herriak bidalitako ordezkariari bere lana ordaindu zioten. Kexak azaldu zizkioten toki batzuetako ardoen berri jakitera eginiko bidaien ondoren ardo kaskarra ekarri zutelako.
  • 1739-5-18. Herri barruan ganaduak edukitzeari buruz 1704 eta 1724an hartutako erabakiak berriro onartu zituzten. Hurrengo San Joan eguna bitartean jarri zuten, astakiloak ez beste ganadu guztia herritik kanporatzeko epea. Inazio Segurola eta Sebastian Legarda izendatu zituzten herri barruko etxe guztiak ikusteko, arriskurik gabe sua non egin zitekeen jakiteko, leku horietan tximiniak jarriz. Agintariak beraiek agindutako obrak etxe jabeei eginarazten saiatu ziren.
  • 1739-5-18. Herritik kanpo sagardoa saltzea debekatu zuten.
  • 1739-5-9. Hilaren 2ko gauean izandako sutean bi etxe erabat erre eta 'jainkoaren mirariz' gehiago erre ez zirela kontuan harturik, suteei buruz hartutako erabaki guztiak indarrean jarri nahirik udalbatzar nagusia egitea erabaki zuten. Izpiritu Santuaren Bazko bigarrenean egingo zuten batzarra, goizeko bederatzietan.
  • 1739-5-6. Erdi kalean hilaren 2an izandako sutean egindako gastuak ordaindu zituen Udalak.
  • 1739-5-6. Sute bat gogoan izanik, parrokiek zera jakinaraziko zutela erabaki zuten: ez zedila inor ausartu tabako hostoa erretzen herri barruan eta Urrestillan -bereziki taberna eta solasaldietarako etxeetan, arrisku handia sortzen zelako-, bi mila maraiko isuna eta zortzi eguneko kartzela jaso nahi ez bazen.
  • 1739-5-2. Erdi kaleko bi etxe guztiz erre ziren, sute handi baten ondorioz.
  • 1739-4-26. Plaza Nagusian eta arkuen gainean Orendandietxea egitea erabaki zuten, Antonio Kortaren etxetik hasi eta herriko dorrearen ingurura bitartean, enparantzarentzat apaingarria zelakoan.
  • 1739-3-16. Orendaindietxea egiteko egurra ematea erabaki zen herriaren basoetatik, halakoetan ohikoa zen moduan. Zerbitzu horregatik ordaintzea erabaki zuten.
  • 1739-3-15. Enparantza nagusi aldera egiten zuen Orandaindi etxea egiteko, hargin eta zurgin lanak errematatu zituzten.
  • 1739-2-12. Hiru urterako bere gain hartu zuen teileri lantegia Sebastian Garatek, eta harekin eskritura sinatu zuten.
  • 1739-2-1. Elolaren kaperan egurrezko zoru berria jartzea erabaki zuten.
  • 1739-1-10. Larunbatetan Tolosatik kartak ekartzen zituen Domingo Arzamendi azkoitiarrari 153 erreal ordaindu zizkioten, eta beste hainbeste ordaindu beharko zion Azkoitiko Udalak.
  • 1738-10-26. Herri Batzar nagusian erabaki zuten Santo Tomas ferira etortzen ziren saltzaileei urtarrilaren 1era bitartean soilik uztea euren dendak zabaltzen. Horrela adierazi zuten, santuaren eguneko pregoiaren bidez, bostehun maraiko isunaren azpian betearaziko zutela esanez.
  • 1738-7-31. Loiolako Ikastetxearen erdiko zatia -elizarekin- eta ezker alderdia inauguratu zituzten.
  • 1738-7-22. Herri Batzar nagusian Ramon Iberok adierazi zuen atxilotuta egon zela Lizarran eta beste zenbait tokitan, eta gastu handiak egitera behartua izan zela. Egin zituen gastuen zati bat herriak ordaintzea aztertzeko batzordea izendatzea eskatu zuen, eta herriak egokitzat hartu zuen eskaera.
  • 1738-7-18. Herriko lurraldeetako mugarriak ikustean osatutako deklarazioa adierazi zuten, eta herriak onartu egin zuen.
  • 1738-7-18. Joseph Asteazuinzarrak, erretzeko koipearen hornitzaileak, prezioak altxatzeko eskatu zuen, agindutako prezioan saltzeko generoa garesti topatzen baitzuen. Adierazten zuena egia zenez, egun horretatik Santu Guztien egunera bitartean prezio handiagoan saltzeko baimena eman zioten.
  • 1738-6-1. San Inazioren irudia osatzeko, bere erretaulan aingeruak egiteko eskritura sinatu zuten.
  • 1738-1-17. Inazio Segurola izendatu zuen herriak urak Barnolako burdinola handia eta txikiaren arteko bidea erabat apurtzeko izandako arrazoiak jakiteko, kontuan izanik presak sor zitzakeen kalteak bere nagusiak ordaindu beharko zituela. Izan ere, konponketa lanak burdinolen jabe Juan Antonio Erkiziak ordaindu zituen eta orain herriari kobratu nahi zizkion.
  • 1738-1-17. Herrian ziren txakolin upela guztiak konfiskatu zituzten, aurrez dastatu eta preziorik eman gabe inork saldu ez zitzan.
  • 1737-11-8. Santu Guztien egunean izandako uholdeek ordu artean ezagutu gabeko kalteak egin zituztela esan zuten. Lurraldeko bide gehienak hautsi ziren, eta ahal zen azkarren konponketa lanak egitea erabaki zuten.
  • 1737-11-8. Herriaren elur hornikuntza egile Frantzisko Antonio Zigaranek esan zuen azken egunetako euriteek -eta, batez ere, Santu Guztien egunekoak-, lur-jausiak sortu zituztela toki askotan, erabat apurtu zirela bideak. Horrela, Izarraizko izoztegirako bidea erabat itxita utzi zuten, eta lehen gurdian herriratzen zuten elurra; bizkarrean ekarri beharrean zegoen Zigaran, eta langileak aurkitu behar izan zituen horretarako. Neurriak hartzea eskatu zion Udalari, eta honek ahal zen azkarren bazen ere bide bakar batzuk egokitzea erabaki zuen.
  • 1737-11-6. Frantziskanen monastegiko erretaula nagusia egiteko eskritura sinatu zuten Frantzisko Inazio Azpiazurekin, Inazio Ibero maisuak emandako itxura gogoan izanda.
  • 1737-11-1. Uholde handiak gertatu ziren, eta herriko zenbait bide erabat apurtu zituen.
  • 1736-10-5. Manilako Erret Audientziko entzule Joseph Inazio Arzadun herritarrak 1735eko uztailaren 14an idatzitako gutunaren berri eman zuten. Zioen iritsi zela bertara, bere postua harturik zuela, eta herriaren esanetara jartzen zela. Udalaren aldetik eskerrak ematea erabaki zuten.
  • 1736-8-17. Loiolako Santutegiaren sarrerako San Inazio irudiaren inguruko aingeruak, izkinetako beste lau irudiak eta eskailerako lehoietako bat egiten hasi ziren.
  • 1736-6-22. Donostian zeuden hemezortzi soldaduak txandatu behar ziren uztailaren 1ean. Alkateak gestioak egin zituen eta horien ondorioz ez zegoen soldaduak txandakatu beharrik, igaro behar zuten hilabete bakoitzeko ezkutu bat ordaintzea erabaki zutelako. Alkatearen jokaera egokitzat hartu eta diruzainari eskatu zioten hark behar zuen dirua aurreratzeko, beharreko ordainketak egiten joan zedin denbora igarotzen zen bezala.
  • 1735-12-16. Herriak kanporatutako hemezortzi soldadu txandatzeko, parrokien bidez deialdia egitea erabaki zuten, herrian bizi ziren gazte bakoitzak ezkutu bat eman zezan haiei ordaintzeko Eguberri bigarren eguna bitartean. Horrela ez baldin bazen, zozketa egingo zuten taldea osatzeko.
  • 1735-10-25. Loiolako kupula txikiko gurutzea eta haize-orratza jarri zituzten, amaitutzat emanez hargin lanak.
  • 1735-10-23. Beizamako herriak idatzi zuen, esanez kalte handiak egin zituztela otsoek bere lurretan, eta Iturriozko San Joan ermitan sinatu zutela eskritura Usurbil, Zizurkil, Asteasu, Hernialde, Alkiza, Albiztur, Errezil, Zestoa eta Aiako herriekin, eta lau ezkutu ematea bere lurretan otso bat hiltzen zuenari; Larraul, Bidania eta Goiatz herrikoei, berriz, bi ezkutu. Azpeitiak ere gauza bera egingo zuela erantzutea erabaki zuten.
  • 1735-10-23. Agintari aukeraketa egiteko herriak zituen ordenantzen berri eman zuten, erregeak 1636ko abenduaren 24an eta 1705eko irailaren 12an onartutakoak.
  • 1735-9-28. Sebastian Legarda maisuari 3.292 erreal ordaintzea erabaki zuten, Egibar baserritik Juane-larro zubira bitarteko bidean egin zituen lanak ordaintzeko. Martin Agirreri, berriz, Maiordomo baserriari bidea egiteko kendutako lurra ordaindu zioten.
  • 1735-9-28. Perdillegi baserriaren aurrean egiten ari ziren ermita berriaren obrak ordaintzea erabaki zuten.
  • 1735-9-18. San Joxeren ermitatik Egibar baserrira bitarteko bidearen zabalkuntzan eginiko gastuaren berri eman zuten, eta ordaintzea erabaki.
  • 1735-7-24. Animalia kaltegarriak herriratzen zituztenek egin ohi zituzten iruzurrez hitz egin zuten. Kontuan izanda Azkoitiko herriak ez ziela ezertxo ere ordaintzen, gauza bera egitea erabaki zuten.
  • 1735-6-5. Herritar bereziekin egin zuten batzarra. Uztailaren lehen egunerako aginduta zegoen soldaduen txandaketa zen gai nagusia. Azken zozketa egitean sortutako iskanbilak gogoan izanda, eta berriro antzeko zerbait gerta zitekeela irudituta, Gorputz egunean parrokietatik honako hau adieraztea erabaki zuten: herrian ziren gizaseme gazte guztiek bakoitzak ezkutu bat eman beharko zuela San Juan egunerako. Aurrez, Donostiako presondegian zeuden hemezortzi soldaduek euren postuetan jarraituko zuten ordainketa on bat eginez gero. Horrela ezin bazen, zozketa egitea erabaki zen dirurik eman nahi ez zutenen artean.
  • 1735-5-22. Denbora baino lehen otea ebaki zutelako preso zeuden baserritar batzuk, alkateak hartuta. Haren tenientea izan zen lan horretan lehenetarikoa hasi zena. Hari 30 errealeko isuna ezartzea erabaki zuten.
  • 1735-5-13. Iraurgiko San Martin ermita konpontzen egindako gastuak ordaindu zituzten.
  • 1735-5-13. Santuaren erlikian pasatutako ura ekarri zuen ardoaren hornikuntzan ibiltzen zen Kristobal Peruzurginek. Udalak ordaindu egin zion.
  • 1735-5-3. Mauria putzuaren inguruan zegoen ermitan eta Elosiaga auzoko elizan konponketak egitea erabaki zuten.
  • 1735-1-2. Loiolako elizaren laranja erdiari heltzeko burdin arkuak jartzea erabaki zuten, mugimenduren bat izan zuela ikusi ondoren.
  • 1734-12-20. Herri Batzar nagusia egin zuten enparantzan, goizeko bederatzietatik hamarrak bitartean, deialdiak zabaldu ondoren bi parrokietatik. Probintziak erregeari eskainitako laurehun soldadutatik herriari tokatzen zitzaizkion hemezortzi, zozketa bidez aukeratzeko egin zuten batzarra -Donostiara eta Hondarribira ere joan beharko zuten soldaduek-. Agintariak, eta hitza eta botoa zuten herritarrak ez ezik, bertan zeuden zozketan sartzen ziren gazteak, eta erabaki zuten zozketan irteten ez zuten euretako bakoitzak ezkutu laurden bat ematea hemezortzi soldaduz osatutako taldearentzat. Zozketa egin zuten ondoren, lehen sei hilabeteko txanda egitera joango zirenak osatuz horrela; Donostian egon beharko zuten 1735eko urtarrilaren 1ean. Bigarren txanda osatzeko zozketa, beste baterako uztea onartu zuten.
  • 1734-12-5. Herri Batzar Nagusian eta Gipuzkoako azken Batzar Nagusian hartutako erabakia kontuan izanda, zozketa bidezko soldaduei zein boluntarioei, herritik irteteko unean, oinetako pare bana, botinak, kapela eta 30 erreal ordaintzea erabaki zuten. Soldaduen zozketa honela egin zuten: lehenengo zozketan soldadu talde bat osatu zuten eta bigarren zozketa bat egin zen bigarren taldea osatzeko. Bigarren taldekoek zerrenda jarraituz lehenengoan suertatutako hutsak beteko zituzten. Zozketa eguna jartzea agintarien esku utzi zuten. Zozketa udaletxeko aretoan egitea erabaki zuten, nahi zuenak lekuko izateko aukera emanez.
  • 1734-11-28. Alkateak, Gipuzkoako Batzar Bereziek hartutako erabakiaren berri eman zuen: Donostia eta Hondarribiko gazteluak eta herriak zaintzeko 400 lagunez osatutako taldearekin erregeari zerbitzua eskaintzea. 50 soldaduz osatutako konpainiak egin zituzten, boluntarioen edo zozketa bidez aukeratuz ezkongabeko gazteen artean. Hurrengo urtearen lehen egunerako egon beharko zuten euren postuetan, eta sei hilabete igarotzean ordezkoek txandatuko zituzten. Haietako norbait hil edo desertatzean, herriak berehala jarri beharko zuen ordezkoa.
  • 1734-10-24. Herri Batzar nagusian erabaki zuten udaberrian Loiolara bidea egiten jarraitzea, San Jose ermitatik aurrera.
  • 1734-9-7. Lehorte handia izanik, eta kaltegarria fruituarentzat, hiru eguneko errogatiba egitea erabaki zuten, baserritarren eskaerari erantzunez. Kaleetan prozesioak egin zituzten Sokorruko Andre Mariaren irudiarekin, aurretik parrokiko apaizekin harremanetan jarrita.
  • 1734-8-26. Diputazioak idatzitako gutun baten berri eman zuten. Bertan, bide eta mendietan bandidoak zirela adierazi zuten, batez ere Ordizian, Tolosan, Zestoan eta Iturriotz inguruan, eta segurtasun publikorako ahalik eta neurri gogorrenak hartzeko eskatu zuten. Alkatea jakinean zen eta agindua betetzen saiatuko zela erantzutea erabaki zuten.
  • 1734-8-26. Juan Arrigunaga fraide eta San Agustin komentuko prioreak santuaren egunerako ohiko gonbitea egin zuen, eta herriak onartu egin zuen.
  • 1734-7-28. Frantzisko Joxe Enparanek hilaren 24an idatzitako gutunaren berri eman zuten. Bertan, erregeak Kanarietako (Espainia) komandante nagusia izendatu zuela adierazi zuen, eta Udalak zoriontzea erabaki zuen.
  • 1734-5-9. Antonio Kortaren Sarobe-berri baserria erre zenez, ohiko derrama kobratzea erabaki zuten.
  • 1734-5-9. Urrestillatik Makibar baserrira bitarteko bidea egokitzea erabaki zuten.
  • 1734-5-6. Pedro Lopez Garin eta haren emazte Millian Goiazek sortutako kaperautzako patroia herria izanik, Zabalia baserria alokatzea erabaki zuen. Juan Egibar eta Maria Juanisek sortutako kaperautzako Larrea baserriarekin ere gauza bera egin zuen.
  • 1734-4-2. Diputazioak Garmendia eta Etxeberri Landeta etxeen arteko bidea benetan gaizki zegoela adierazi eta korrejidorea eta beraren auzitegia pasatzeko eskatu zuen. Udalak ahalik eta azkarren konponketa egitea erabaki zuen.
  • 1734-3-5. Frantzisko Joseph Enparanen gorakada ospatzeko eginiko jaialdien gastua ordaintzea erabaki zuten; guztira, 990 erreal.
  • 1734-2-21. Bere izendapena gogoratuz, Frantzisko Joseph Enparan zoriontzea erabaki zuten, lehendabiziko ostegunerako zezenketa bat antolatuz enparantza nagusian, suak, dantzak eta freskagarriekin.
  • 1734-2-19. Frantzisko Joseph Enparanen gutun bat jaso zuten agintariek, eta gutunak erregeak bere armadako teniente jeneral izendatu zuen berri eman zuen.
  • 1734-1-29. Pedro Salsamendi jaunak, aurrez eskrituratan zuen baldintza beraiekin, haragi horniketan jarraitzeko proposamena agertu zuen. Baina iraila eta urrian larrebehia saltzeko eta aurrez egin bezala urte osoan, ostegunero, idisko bat edo behia hiltzeko baimena eskatuz. Egindako proposamenari buruzko erabakia hartzeko, igandean, meza ondoren, herritarrei udalbatzarrera deitzea erabaki zuten.
  • 1734-1-23. Inazio Ibero maisuak aurkeztutako eran, Harzubiko zubia eta inguruan zen zumarraren ondotik Loiolako Etxe Santura bitartean, Urbitatera egin zen bideari buruzko zenbait xehetasun eman zituzten; batez ere, Perdillegi baserriko lurraldeak aipatuz. Herriak bidea egiteko bereganatu zituen lurraldeak ordaintzea erabaki zuen.
  • 1733-11-13. Egun euritsuetan ezinezkoa zen parrokiko dorrearen azpiko pasadizoan jendea igarotzea eta, hori ikusita, gurdiak bertatik pasatzea oztopatuko zuen bide txiki bat egokitzea erabaki zuten.
  • 1733-8-14. Harzubitik Loiolarako bidea Inazio Ibero maisuak emandako ideiaren arabera egiteko eta, batez ere, altxatu behar ziren hormak altxatzeko, Sebastian Legarda, Joxe Aragana, Tomas Bikendi eta Domingo Errazti maisuak batzarrera deitu zituzten. Horiek berehala lanean hasteko konforme azaldu ziren.
  • 1733-8-12. Balmedianoko markesak, Frantzisko Joseph Enparan, Joxe Inazio Bikuña eta Maria Ana Portuk Loiola bitarteko bide berria egiteko euren lurralde zatiak erabiltzeko baiezkoa emanez erantzun zuten. Horrela lanak hasteko dena prest zen; izan ere, Inazio Ibero maisuak bidearen itxura aurreratuta zuen, eta ahalik eta azkarren lanean hasteko bidearen egitura seinalatzeko eskatzea erabaki zuten.
  • 1733-7-29. Sañu mendian -herriaren basoan- sua izan zen arratsaldez eta, kanpaiak jo ondoren, herritar asko agertu zen bertara eta sua itzaltzea lortu zuten.
  • 1733-7-17. Inazio Ibero maisuak herritik Loiolara bitarteko bidea zabaltzeko ideia aurkeztu zuen baina, horretarako lur zati batzuk hartzea derrigorrezkoa zenez, Udalak gestioak egitea erabaki zuen.
  • 1733-7-5. Herriaren nahia Loiolarako bidea egokitzea zen, Harzubiko zumarra zuhaitzetik hasi eta Perdillegiko zubira bitartean. Horrela, Inazio Ibero maisuarekin harremanetan jartzea erabaki zuten, bidea ikusi, inguruak ezagutu eta zerbait esan zezaketen herritarrei entzun ondoren, Iberok apainduraz bidea nola egokitu esateko, eta ondoren guztia bere esanetara egiteko.
  • 1733-5-6. Bustinzuriko Gurutzearen estalpeari gainean beruna jartzea erabaki zuten.
  • 1733-2-13. Beste batzuetan bezala, Plaza Txikian, inauteri astelehen arratsaldez 'El amor hace valientes' antzerkia antzezteko oholtza altxatzea erabaki zuten.
  • 1732-8-30. Igarate baserria maiztertzan zuen Pedro Etxeberriak, eta 48 erreal eman zizkioten, bere etxeko estalpean bost egunean zehar saninazioetarako Nafarroatik ekarritako sei zezen eta zortzi zaldi eduki zituelako.
  • 1732-8-30. Astean eta hilean behin ospatzen ziren azokatan saldutako aleen berri emateko norbait izendatzeaz hitz egin zuten. Alondegiko pisua zaindu, zergak kobratu eta antzeko lanak egin beharko zituen. Iritziak jaso ondoren, Joseph Inazio de Villar izendatu zuten lan horretarko, egokia ikusi baitzen eskola baitzuen.
  • 1732-8-22. Tomas Inazio Kortak herriaren izenean Tuteran erosi zituen zezenak ezagutzera eman zituen. Gainontzean egindako gastuen berri ere eman zuen; guztira 4.078 erreal pasatxo. Udalak diru hori ordaintzea erabaki zuen, eta beste 600 erreal ere bai, agindutakoa ondo bete baitzuen.
  • 1732-8-6. Herritar bereziekin bilduta, ehun ezkututan herriko enparantza alokatzea erabaki zuten apustu eta zekorketarako.
  • 1732-7-21. Aurreko egunez erabakitako zezenketa ospatzeko, San Agustin komentuko prioreari enparantza aldera zituen leihoak eskatzea erabaki zuten. Antzinatik egiten zen bezala, Gaztelako edo Nafarroako zezenak jolastuko ziren. Komentu azpiko arkuak ere erregidore eta herritar berezien artean banatu zituzten.
  • 1732-7-20. Oran konkistatu zela esanez albisteak iritsi ziren, eta udalbatzar nagusian Nafarroako sei zezen eta Diego Alzaga alkateak eskainitako beste birekin zezenketa antolatzea erabaki zuten. Tomas Inazio Korta Nafarroako erreinura pasatu zen zezenak erosi eta toreatzaileekin tratua egiteko.
  • 1732-7-19. Oran konkistatzean agintariak herritar bereziekin bildu ziren, ospakizun batzuk antolatzeko asmoz. Parrokiko apaizei prozesioa egiteko eskatzea erabaki zuten, eta ondoren meza eta 'Te Deum' abestuko zituzten. Plazako jaialdiei buruz hitz egitean, Manuel Alzagak, bere anaia eta herriko alkatea zenaren izenean, adierazi zuen Nafarroako bi zezen San Inazio egunez hiltzeko erosita zituela. Baina ez zuten erabakirik hartu.
  • 1732-7-19. Madrilen zen Joakin Altuna, eta handik idatzi zuen, jakinaraziz 260.000 marai kobratu zituela Elolaren memorien errentatik, zeinak Sevillako (Espainia) alkabaletatik Gaztelako Gatzagako alkabaletara aldatu ziren aurreko urteko ekainaren 15ean. Beste diru kopuru batzuen berri ere eman zuen. Joakin Altuna 1.800 errealekin oparitzea erabaki zuten.
  • 1732-5-25. Saltzeko basoak seinalatu zituzten, eta Lasaoko burdinoletako jabe Frantzisko Agirre Okendok erosteko gogoa adierazi zuen. Herriak debekatua zuen basoak kanpora saltzea eta, beraz, Valladolideko (Espainia) Erreal Chancilleriako abokatu batekin harremanetan jartzeko bi ordezkari jarri ziren. Horien egitekoa debekua bertan behera uztea izango zen, herriarentzat kaltegarria baitzen.
  • 1732-4-22. Herriz kanpoko burdinoletara herriko ikatzik ez saltzea erabaki zuten.
  • 1732-4-20. Enparan etxetik Amuko zubira bitartean egindako bidea ordaindu zioten Sebastian Legarda maisuari.
  • 1732-3-8. Herrian hondamenean ziren etxeen txostena egin zuten zurgin eta harginei haien lana ordaindu zieten.
  • 1732-2-24. Herriak aginduta eta aurrez egindako lana neurtuta Amuko bidea egiten ari zen Sebastian Legardari ordainketa egitea erabaki zuten. Frantzisko Antonio Altuna erregidoreak gogor protestatu zuen, hartu zen erabakia bidearen konponketa lana zela esanez eta ez berria egitea, eta ezin zuela herriak ordainketa egin. Baina erregidoreari jaramonik egin gabe, azken baten hartutako erabakia aurrera eramatea erabaki zuten.
  • 1732-2-14. Udalak agindutako Amuko bidearen zati bat ordaindu zuten.
  • 1732-1-17. Urrestillako kaleak konpondu eta Aratz ibaiaren ondoko bidea txukuntzea erabaki zuten.
  • 1731-8-25. Herriko fielak jakinarazi zuen Joseph Inazio Arzadunk Madrildik idatzi zuela, erregeak Filipinetako irletako Audientziako entzule kargurako bera izendatu zuela esateko. Bestalde, gutunean bere aita Inazio Arzadun kapitainari San Inazioren erretaula egiteko 25 dobloi emateko agindu ziola azaltzen zuela ere jakitera eman zuen fielak. Eskerrak ematea erabaki zuten.
  • 1731-8-11. Herriko kartzelan egindako lanak neurtzeko Erkizia erregidorea eta Inazio Ibero maisua izendatu zituzten.
  • 1731-5-16. Herriko kartzela egokitzen ari ziren Sebastian Legarda harginari eta Inazio Segurola zurginari lana ahalik eta azkarren amaitzeko behar ziren langileak eskatzea erabaki zuten.
  • 1731-4-6. Alkateari Badiola baserriaren inguruan gertatutako sutearen errudunak gogoan edukitzeko agindu zioten, kanpaiak jo ondoren sua itzaltzen aritu zirenei emandako freskagarria ordain zezaten.
  • 1731-3-5. Loiolako dorreak amaituta zituzten, eta errematea egiteko bolak eskatu zituzten.
  • 1731-3-2. Alderdi bat Plaza Txikira zuen Zumiztain deitutako etxearen horma zati bat erori egin zen lurrera, eta haren jabe Mariana Unanueri albistea pasatzea erabaki zuten, neurriak har zitzan eskatuz.
  • 1731-2-24. Juan Ramus Eleizaldek haragi hornikuntza egiteko proposamenarekin batera, Pedro San Martinek berea egin zuen, enkantean jarritako baldintzak onartuz eta lurralde behia edo Frantziakoa ez ezik, aharia merkeago eskainiz. Harekin eskritura egitea erabaki zuen herriak, baina gogoan izanik urtean zehar ez ziotela prezioaren altxaketarik onartuko.
  • 1731-1-28. Erkizia erregidoreak kartzelako alkaidea izendatzearekin zer gertatzen zen galdetu zuen. Aurrena horretarako Antonio Jauregi aukeratu zen eta, ondoren sortu ziren iskanbila batzuen ondoren, alkateak bere ordez Nikolas Arana izendatu zuen, aurrez inolako akordiorik hartu gabe. Alkatearen jokaera salatuz, abokatuen iritzia jakitea erabaki zuten.
  • 1730-12-20. Frantzisko Inazio Aldalur sarjentu nagusiak kanpoan erositako txakolina herrian saltzeko baimena eman zuen. Ordura arte herrian egindakoa baino ezin zen saldu. Beraz, handik aurrera arau berri hori kontuan izatea erabaki zuten.
  • 1730-11-3. Herriko basoetan sua egitea behin baino gehiagotan debekatu bazuten ere -horretarako baimena basoak erosten zituztenek baino ez zuten-, parrokien bidez berriro erabaki eta adierazi zuten mila maraiko isuna eta zortzi eguneko kartzela zigorra agindua betetzen ez zuenarentzat.
  • 1730-10-22. Sagardoa egiten zuten herritarrentzat ardo gorria tabernan saltzeak kalteak eragingo zituela ikusita, ardoa soilik San Joan egunetik Santu Guztien egunera bitartean saltzen uztea erabaki zuten, eta urteko gainontzeko egunetan debekatzea.
  • 1730-10-22. Herriko sendagile Bartolome Arbelaizek osaturiko txostenaren berri eman zuten. Zioen gaixo asko aurkitu zituela herrian, pattarraren ondorio gogorrak zituztenak, eta derrigorrezkoa zela neurriak hartzea. Eta kontuan izanik pattarrak eta mistelak egin zezaketen kaltea, baina beharrezko ikusirik erremediotarako, Miguel Gabriel Ansotegi eta Mateo Oiarzabalen botiketan soilik saltzea erabaki zuten. Elizen bidez horixe jakinaraztea erabaki zuten, aginduz zortzi egunen barruan utzi beharko ziotela saltzeari horrela egiten zutenek.
  • 1730-8-25. Larralde erregidorea alkatearen aurrean kexatu zen eta zigorra ere eskatu zuen, Baltasar Etxeberriak enparantza nagusian herriko agintariei buruz izugarriak esan zituela-eta. Alkatea horixe egitekotan geratu zen.
  • 1730-6-25. Arizuriagatxo baserritik Malkorra burdinola bitarteko bidea egokitzeko, ardoari ezarritako zortzi maraiko zergak sortutako dirua erabiltzea erabaki zuten.
  • 1730-5-26. Izarraizko izoztegia eta etxetxoa ikustea erabaki zuten, eginda zenbat eta egiteko zenbat gelditzen zen jakin nahirik. Beraiek egitean aurrez prestatutako itxura gorde ote zen gogoan izan zuten.
  • 1730-5-3. Frantzisko Etxeberria Bergaratik itzuli zen, mandazainek euren zerbitzua Mallorcako (Herrialde Katalanak) Batalloiari eman aurretik hiru egunen ordainketa egitea proposatu eta ezezkoa jaso ondoren. Mandazainak bertara joan ziren, baina ez zuten lanik egingo. Beraz, berriro herrira itzuli zirenean, bakoitzari hiru erreal ordaintzea erabaki zuen Udalak, egin zuten bidaiagaitik.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.

Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan