Efemerideak

  • 2007-2-3. Francisco Garate jaio zela 150. urteurrena ospatu zuten Loiolako Basilikan, Donostiako gotzain izandako Jose Maria Setien zela.
  • 2007-1-29. Urola Ikastolaren eraikin berria zabaldu zuten, Perdillegin.
  • 2007-1-19. Espainiako Auzitegi Gorenak Jarrai, Haika eta Segi "talde terroristak" direla erabaki zuen. Garikoitz Etxeberria azpeitiarrari eta beste 22 kideri seina urteko gartzela zigorra ezarri zien.
  • 2007-1-15. Antxieta Etxea ireki zuten, eraberritze lanak bukatu ondoren, adimen urritasuna duten eskualdeko pertsonentzako egoitza bezala.
  • 2007-1-13. Azpeitiko danborradaren 50. urteurreneko jaialdia egin zuten.
  • 2007-1-7. Gontzalo Pelaez musikaria hil zen, gaixotasun baten ondorioz, 59 urterekin. Egan eta Trabuko taldeetako kide ohia zen.
  • 2006-12-24. Lehen aldiz herriko ikastetxeek batera eman zioten ongi-etorria Olentzerori.
  • 2006-12-18. Alaitz Olaizola azpeitiar idazleak Toribio Altzaga antzerki saria jaso zuen, 'Joanes itxaropenaren semea' obragatik.
  • 2006-12-12. Abrasivos Hermes S.A. enpresako langileek greba mugagabea hasi zuten. Hiru egunera sinatu zuten lan hitzarmena, eta greba egiteari utzi zioten.
  • 2006-12-5. Zumaiatik Zumarragarako bidea egiten zuen Euskotreneko autobus bati su eman zioten hiru ezezagunek.
  • 2006-12-2. Karelean musika taldeak (taldeko abeslaria Olatz Prat azpeitiarra da) Euskadi Gazteko maketa lehiaketan epaimahaiaren saria jaso zuen.
  • 2006-5-13. Aizkoran eta segan egin zuten apustua Uraitz Iturzaetak eta Jon Belokik, Iñigo Uzkudunen eta Martin Mendizabalen kontra. Elosiagan jokatu zen apustua eta Mendizabalek eta Uzkudunek irabazi zuten.
  • 2006-5-10. Hiltegi zaharra bota ondoren, Soreasu antzokia bota zuten.
  • 2006-2-22. Joxe Mari Iriondo kazetariak Iñaki Eizmendi 'Basarri' errezildar bertsolariari buruzko liburua aurkeztu zuen: 'Basarri I. Bat-batean'.
  • 2006-2-18. Kaldereroek Zine Kluba eta Julian Barrenetxea Abesbatza omendu zituzten.
  • 2006-2-2. Bittor Gurrutxaga 'Otola' trikitilaria hil zen.
  • 2006-2-2. Igor Etxaniz 'Kinttela'-k burtzikari profesional lana utzi egin zuen.
  • 2006-1-20. Patxi Altuna hil zen Loiolan. Jesuita, filologo, idazle eta euskaltzain oso azpeitiarrak 78 urte zituen.
  • 2006-1-16. Loiolatxo bota zuten, toki horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak autoentzako aparkalekuak egiteko. Loiolatxo Elkartekoek tren geltoki ondoan dute egoitza berria.
  • 2006-1-14. Iraurgi Saskibaloi Taldeko kadete mailako Caldereria Zaher taldekoek Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuten, Cafes Aitonaren kontra.
  • 2006-1-11. Lehen aldiz danborradako entsegua Izarraitz pilotalekuan egin zuten. Aurreko urteetan Azoka plazan izan ohi zen.
  • 2005-12-22. Urola Ikastolak Zilarrezko 'Q' saria, jaso zuen, "kalitatezko zerbitzua eskaintzeagatik eta kudeaketa berritzaileagatik".
  • 2005-12-21. Udalak Xabin Aranaga lasterkariari eman zion urteko kirolaririk onenaren saria.
  • 2005-12-18. Denis Uzin herritarra hil zen, Baqueiran (Herrialde Katalanak) snow egiten ari zela.
  • 2005-11-12. Kontxu Odriozola aktore azpeitiarrari omenaldia egin zioten Donostian, Kursaalen. Horrebeste urtean egindako lana aitortu nahi izan zioten horrela.
  • 2005-10-18. Pako Aristik 'Note Book' liburua aurkeztu zuen, Donostian, Erein argitaletxearen eskutik. 75 ipuin eta apunte laburrez osatutako liburua da.
  • 2005-10-12. Garmendipeko kirol gunearen inaugurazioa izan zen. Instalazio berrien inaugurazio ekitaldi ofizialaz gain, paddle, tenis eta futbol partidak izan ziren.
  • 2005-10-11. Ikasberri Azpeitiko Ikastolak, Eusko Jaurlaritzak ematen duen 'Herri Onura' izendapena jaso zuen.
  • 2005-10-5. Andoni Aranaga txirrindulariak Euskaltel-Euskadi taldearekin bi urterako kontratua sinatu zuen.
  • 2005-9-16. Aitor Zubillaga eta Alex Arrieta kirolariei oroigarri bana eman zien Azpeitiko Udalak, udaran lortutako garaipenengatik. Arrietak hiru domina irabazi zituen uztailaren 30tik 31ra, Bartzelonan, Espainiako Igeriketa Txapelketan. Zubillagak plater-tiroko Mundu Txapelketa irabazi zuen irail hasieran taldeka, Madrilen.
  • 2005-9-8. Aitor Zubillagak, Francisco Beneyto eta Jose Luis Banero espainiarrekin batera, Canto Blanco herrian (Madril, Espainia) jokatutako plater tiroko Mundu Txapelketa irabazi zuen, taldeka.
  • 2005-9-3. Xabin Aranagak beteranoen Munduko Txapelketako maratoia irabazi zuen, 2.34.30 denborarekin. 35-40 urte bitartekoan mailan irabazi zuen. Beteranoen atletismo txapelketa Donostian jokatu zuten.
  • 2005-8-23. Joxin Arruti azpeitiar presoa askatu egin zuten, zigor osoa betearazi ondoren. Duesoko kartzelan (Kantabria, Espainia) eduki zuten Arruti. Iluntzean lehen ongietorria egin zioten Orkatz Kultur Elkartean ehunen bat lagunek.
  • 2005-8-19. Xabier Azkargorta futbol entrenatzaileak Chivas Mexikoko taldea entrenatuko duela jakin zen. Azpeitiarra Real Madrileko nazioarteko eskolen arduraduna izan zen azken bi urteetan. Chivas, Mexikoko Liga nagusiko taldea da. Hiru urterako fitxatu zuen Azkargortak, eta abuztuaren 24an joan zen hara.
  • 2005-8-3. Miserikordiko erloju historikoa kendu egin zuten, Harzubia kale aldera zegoena. Izan ere, hilaren 22an hasiko zituzten San Martin egoitzaren Harzubia hiribide aldeko eraikin zaharrena (ezkerraldekoa) eta San Martin estratako aldea botatzeko lanak. Gasteizko aditu batzuk etorri ziren kentzera. Erlojua 1815ekoa da. Ez zuten gehiago jarri. Barruan zegoen erlojua ere kendu egin zuten.
  • 2005-7-31. Izarraitz Igeriketa Elkarteko Alex Arrietak, Bartzelonan (Herrialde Katalanak) uztailaren 30etik 31ra ospatutako Espainiako Igeriketa Txapelketan hiru domina irabazi zituen: 50 metro libreetan urrezko domina eta 100 metro aske eta 100 metro tximeletan zilarrezkoak.
  • 2005-7-15. Horma-irudi batzuengatik gorabehera askoko egunak pasatu ondoren, uztailaren 15ean ireki zuten Gaztetxe berria Loiola'91 bezala ezagutzen den eraikinean.
  • 2005-6-20. Haika-Jarrai-Segi auziko epaia eman zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta Garikoitz Etxeberria 'Kafe' aske geratu zen. 2007an, baina, Auzitegi Gorenak erabakita berriro kartzelan sartu zuten, "talde terroristako kide" zelakoan. 2009ko otsailaren 2an irten zuen espetxetik, denera preso sei urte egin ostean.
  • 2005-6-18. Andoni Aranaga Kaiku taldeko txirrindulari urrestildarrak Asturiasko (Espainia) Itzuliko bigarren etapa irabazi zuen. Denboraldiko bere bigarrena izan zen.
  • 2005-6-18. Juanito Bikendi aktore azpeitiarra hil zen.
  • 2005-6-6. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak Pasaiako sarraskiaren auzia berriro zabaltzea erabaki zuen. Preskripzio epea agortua zelakoan, iazko ekainean artxibatu zuten kasua. Espainiako Poliziak 1984ko martxoaren 22an Pasaian Komando Autonomo Antikapitalistetako kide Dionisio Aizpuru 'Kurro' eta Pedro Mari Isart 'Pelitxo' azpeitiarrak eta Rafael Delas 'Txapas' eta Jose Maria Izura 'Pelu' iruindarrak tiroz hil zituen.
  • 2005-6-3. Erdi kalean, etxe berriak egiten ari zirela, aldameneko etxe zaharra pitzatu eta mugitu egin zen. Egun osoan kalea itxita egon zen, eta horma erortzeko zorian.
  • 2005-5-20. Soreasun egingo den kultur gunerako aurkeztutako proiektuek ez zuten Udalaren babesik izan, eta ez zen irabazlerik izan.
  • 2005-5-16. Villena (Espainia) espetxeko funtzionarioek Gotzon Aranburu preso azpeitiarra jo zutela salatu zuen Askatasunak.
  • 2005-5-15. Xabier Iturraldek Gipuzkoako lokotx biltze txapelketa irabazi zuen. Lehia Astigarragan jokatu zuten, eta 6.44ko denborarekin izan zen garaile.
  • 2005-5-5. Beterriko liburua saria irabazi zuen Pako Aristik. Saria 2004an irakurleek gogokoen izan zuten liburuari eman zioten. Aristiren 'Gauza txikien liburua' izan zen gustukoena.
  • 2005-4-21. Bi tximinik su hartu zuten egun berean: Salbe auzoan eta Arana kalean. Ez ziren sute handiak izan.
  • 2005-4-17. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundetan EAJ-EA koalizioa izan zen irabazle: 4.907 boto (2001ean 6.248). Bigarren indarra EHAK izan zen, 2.059 botorekin (2001ean EHk 1.952).
  • 2005-4-14. Lourdes Arrieta azpeitiarra hil zen Lantziegon (Araba) izandako auto istripuan. Arrieta Lantziegoko Ikastolako irakaslea zen sorreratik (25 urtean).
  • 2005-3-19. Ordura arte inoiz baino partaide gehiago izan zituen Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiak: 1.124. Simon Kiprot keniarrak irabazi zuen.
  • 2005-3-12. Azpeitian Gazteok Zer!?-ek I. Truke Azoka antolatu zuten.
  • 2005-3-10. Fagorrek Grumal taldea erosi zion Mascori.
  • 2005-3-4. Garikoitz Etxeberria 'Kafe' aske gelditu zen, lau urtez behin-behineko kartzelaldian egon ondoren 'Haika-Segi auzia'-gatik. Hurrengo egunean omenaldia egin zioten plazan.
  • 2005-3-4. Ibon Odriozolak CAF-Elhuyar sarietako hirugarren saria jaso zuen Lasarte-Orian, Txitxardin Beltza jatetxean.
  • 2005-2-14. Garikoitz Etxeberria 'Kafe' Haika-Segi auzian inputatuak deklaratu eta erakunde horietako kide izatea ukatu zuen epailearen aurrean, Madrilen. Epaiketa otsailaren 7an hasi zuten.
  • 2005-2-12. 18/98+ ekimena aurkeztu zuten Aitonenako aretoan, "eskubide zibil eta politikoen alde egiteko".
  • 2005-2-11. Unai Lizaso atxilotu zuen Espainiako Poliziak. Hiru egun beranduago aske geratu zen baldintzapean. Lagunek ongietorria egin zioten.
  • 2005-2-9. Espainiako Polizia Iker Iparragirre atxilotzen saiatu zen, baina honek ihes egin zuen. ETArekin lotu zuten.
  • 2005-1-28. Joxe Elizburu kronista hil zen 90 urterekin, bihotzeko arazo batzuen ondorioz. 40 urtean 'El Diario Vasco' egunkarian Azpeitiko kartak idatzi zituen (1994 arte), eta 1960ko hamarkadan parrokiko organista lanak ere egin zituen.
  • 2005-1-28. Uztarria.com-ek 2005eko Sareko Argia saria irabazi zuen. Lasarte-Orian, Txitxardin Beltza jatetxean jaso zuen saria.
  • 2005-1-26. Sanjuandegiko errotonda inauguratu zuten. Ekitaldira Joxe Joan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako ahaldun nagusia etorri zen, besteak beste.
  • 2005-1-13. Alokairu soziala bultzatzeko bizigune hitzarmena sinatu zuen Udalak.
  • 2005-1-12. Almacenes Etxeberria, Memesa eta Lausa enpresek bat egin eta Sein taldea osatu zuten.
  • 2005-1-11. Iñaki Goenaga 'Sistiya'-k 100 urte bete zituen. Udalak omenaldia egin zion bere etxean.
  • 2004-12-18. 2004ko kirolari onenen sariak banatu zituen Udalak, udaletxean. Ilunpe Pilota Elkarteari eman zion lehen saria.
  • 2004-12-15. Iraurgi Saskibaloi Taldeak bere taberna ireki zuen, Ildefonso Gurrutxaga kalean. Irekieran saskibaloi munduko jendea nahiz bestelako lagun ugari bildu zen.
  • 2004-12-8. Bi orduz argirik gabe geratu zen herria, Eliz kale eta Erdi kale arteko kable batzuek su hartu ostean. Udaltzaingora ia ehun dei inguru egin zituzten herritarrek.
  • 2004-11-30. Udalaren eta Azpeitiko gazteen arteko lehen bilera irekia egin zuten. Aurrerantzean astero egingo zituzten bileren funtzionamenduaz hitz egin zuten, besteak beste.
  • 2004-11-20. Imanol Eliasek 'Azpeitia, 500... (azpeitiarrak eta herriarekin bat eginak)' liburua aurkeztu zuen udaletxean.
  • 2004-11-10. Jose Mari Bastida alkate ohiaren etxe alboan bi kanpingas lehertu zituzten. 1985etik 2003ra artean izan zen alkate Bastida EAJko kidea.
  • 2004-11-3. 2002ko Elegante Egunean Jose Mari Bastida orduko alkatearekin izandako liskarrengatik bina urteko kartzela zigorra eta isunak jaso zituzten bederatzi gaztek.
  • 2004-10-24. Mikel Labaka futbolari azpeitiarrak estreinakoz jokatu zuen Espainiako Lehen Mailako partida ofizial bat, Realarekin. Mallorca taldearen aurka izan zen, eta 2-1 irabazi zuen Realak.
  • 2004-10-24. Joseba Albizu eta Jokin Ormaetxea ziklistek auto istripua izan zuten Itziar inguruan, eta Ormaetxea azkoitiarra hil egin zen.
  • 2004-10-20. Xabier Etxeberria 'Txapi' presoa Fresnesko kartzelatik Muretekora eraman zuten, Frantzian.
  • 2004-10-8. Xabi Bordak bere lehen liburua aurkeztu zuen: 'Birika zatiak'. Poesia liburua zen, Susa argitaletxeak argitaratuta. Donostiako liburutegian aurkeztu zuen.
  • 2004-10-6. Miren Odriozola azpeitiarrak eta Xarlo Etxezaharreta hazpandarrak Espainiako Auzitegi Nazionalean 'Udalbiltza auzia'-gatik eginiko akusazio guztiak ukatu zituzten.
  • 2004-9-1. Miren Odriozola Euskal Herritarrok-eko zinegotzi ohia, Udalbiltza auzia dela-eta, deklaratzera deitu zuten Espainiako Auzitegi Nazionalera, Madrilera. Deklaratu ondoren aske utzi zuten.
  • 2004-7-9. 'Azpeitian zezenak' CDa aurkeztu zuen Azpeitiko Musika Bandak. 22 kantuz osatua zegoen, eta horietako bost Jose Luis Frantzesenak konposatuak ziren.
  • 2004-7-9. Presoen eskubideen aldeko Topagunea aurkeztu zuten.
  • 2004-7-7. Turismo informazio puntua martxan jarri zuten Loiolan.
  • 2004-7-3. Azpeitiko V. Erremonte Txapelketa Iribarren eta Gazteluk irabazi zuten. Finalean 40-24 hartu zituzten mendean Matxin IV.a eta Badiola.
  • 2004-6-27. Gipuzkoako Pilotako Herriarteko finala Azpeitiak irabazi zuen, Hernaniren aurka, Donostian. Lehen partida Hernanik eskuratu bazuen ere, ondorengo biak azpeitiarrek irabazi zituzten. Lehen txapela izan zuen Azpeitiak.
  • 2004-6-19. Erdi Aroko azoka ospatu zuten ekainaren 19 eta 20an. Artisau eta animazio taldeak ikusteko aukera izan zen; baita herriko eraikin historikoak ikusteko ere.
  • 2004-6-13. Europako Legebiltzarra osatzeko hauteskundeak izan ziren, eta Azpeitian EAJ izan zen nagusi. %54ko abstentzioa egon zen herrian.
  • 2004-6-4. Milaka arrain hilik agertu ziren Lasaoko araztegiaren parean, Urola ibaian.
  • 2004-6-1. Udal langileek ekaineko astearte guztietan, 8:30etik 10:00etara, lan baldintza hobeak eskatuz lanuzteak hasi zituzten.
  • 2004-5-16. Lagun Onak Futbol Taldeko neskek Espainiako Ligara igoera lortu zuten, azken partida 8-1 irabazi eta gero.
  • 2004-5-14. Biele Azpeitiko enpresak Pyme, enpresa ertain eta txikiei dagokien saria irabazi zuen.
  • 2004-5-7. Herrian zortzi milioi euro tokatu ziren ONCEren zozketa berezian.
  • 2004-4-22. Udalak Soreasu antzokian kultur eta gazte gunea egiteko proiektua aurkeztu zuen.
  • 2004-4-2. I. Pastorkua idi-demak jokatu zituzten zezen-plazan apirilaren 2, 3 eta 5ean. Azken Erretegikoak izan ziren irabazle.
  • 2004-3-26. Jokin Urangak gazteen II. Erniarraitz Bertso Txapelketa irabazi zuen, Soreasun eginiko saioan. Beñat Lizaso bosgarren geratu zen eta Leire Ostolaza seigarren.
  • 2004-3-19. Esteban Larrañaga Trikitilari Elkarteko lehendakari ohia omendu zuen EITBk, Azpeitiko kiroldegian.
  • 2004-3-8. Iraurgi Ikastetxean haurtzaindegi berria ireki zuten, herriko laugarrena.
  • 2004-2-20. 'Urola Kostako Hitza' egunkariaren 1. zenbakia atera zuten.
  • 2004-1-27. Joseba Albizu txirrindulariak Euskaltel-Euskadirekin bi denboraldirako kontratua sinatu zuen.
  • 2004-1-20. Umeen danborradan Juan Antxieta Musika Eskola talde berriak parte hartu zuen.
  • 2004-1-19. Helduen danborradan Oilo Soro talde berriak parte hartu zuen; hemezortzigarrena.
  • 2004-1-15. Andoni Aranaga txirrindulariak profesionaletara saltoa eman zuen, Chocolade Jacques Belgikako taldearekin.
  • 2004-1-14. Iraurgi Saskibaloi Taldeak Azkoitia eta Azpeitirako kirol proiektu ekonomikoa aurkeztu zuen, Soreasun.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua.

Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan